Ainhoa Etxenike
Iparra galdu gabe

Hau ez da arrauna

2026ko uztailaren 27a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatean, Donostiako Aquariumera iritsi, eta haize ufada alimalekoak, olatuak zentzu guzietan... Estropada eremuari begiratu eta halako isiltasun bat. Baina baldintza horietan ezeztatu beharko dute, ezta?

Taldean egon gara, itsasoari begira, urduritasuna ezjakintasunarekin batera handitzen zela. Luzaz itxoin dugu, beste ekipoek bezala. Entrenatzaileak elkartzen hasi dira. Elkarren begiradek eta jestuek argiki erakusten zuten nehork ez zuela bere taldea uretara ateratzen utzi nahi. Behingoz, Euskotren ligako zortzi entrenatzaileek elkarrekin erabaki dute gure segurtasuna bermatzeko estropada ez jokatzea, zortziek elkarri eskua eman diotela.

Baina kirol legearen eta elkartasunaren irudi polit horrek ez du iraun, ligak emazteen estropada mantentzea erabaki baitu, lau kaletara, sokorririk gabe. Zortzi taldeek ez zutela parte hartuko errana izan bazaie ere, horren inguruan eztabaidatzeko ez omen zen momentua. 

Hala ere, bandera eta zortzi puntu lehiatu gabe irabazteko hitza ez betetzea erabaki dute batzuek, nahiz arautegia bete izana «errespetatzeko» eskatzen diguten. Errespetatua izan nahi duenak lehenik errespetagarria izan behar du.

Bestalde, zurrumurruak iritsi zaizkigu, estropada eremua arraunerako zela, edota emazteetan uretaratu den taldea ausartena izan dela erranez, beste guzien erabakia lotsagarria izan denean. Erraza da horren erratea baldintzak pantaila baten gibeletik begiratu edota lehorrean goxo-goxo egon denean. 

Beraz, ez, Euskotren ligako zortzigarren estropadak ez dio ligari eta ikusleari show-rik eskaini, 2017ko Kontxan bezala. Gure akatsez ikas dezagun, eta, zerbait larria gertatu aitzin, zentzuzko erabakiak har ditzagun. Traineru bakoitzean hamalau kirolari badira, baina arraunlariak izan aitzin, pertsonak gara. Bizia bakarra dugu: hau ez da jolas bat.

Larunbatekoa ez da arrauna izan, ez kirol legea, ez elkartasuna. Lotsagarria izan da. Beste behin kirol hori itsusia izan daitekeela frogatua izan zaigu.

Itsasoari umiltasuna eta errespetua zor dizkiogu, ligak arraunlariei zor dien bezala, eta arraun talde batek besteei zor dien bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA