Ainhoa Etxenike

Hutsetik berriz abiatuz

2026ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hara, liga bukatu da, hamasei estropada jokatu ondoren. Denboraldia luzaz prestatu eta urtero fite pasatzen bada ere, iruditzen zait aurten nehoiz baino fiteago pasatu dela.

Tolosaldeak egindako lanaren balorazio biziki ona egin daitekeela pentsatzen dut, azaroan hamabi bajarekin taldea berriz osatu, kasik hutsetik berriz hasi, eta poliki-poliki blokea hartzen ari izan baikara, udan lehenengo postu horietan ibiliko ginela batere pentsatu gabe.

Negua beti izaten da gogorra, uretan ordu guti pasatzen da —eta ordu labur horietan usutan hotz handia eta euria lagun—, gimnasioko lana luzea baino luzeagoa egiten da. Baina helburuak nehoiz ez dira ahanzten, udako denboraldia beti egoten da buruko xoko batean, ematen den denborari eta indar honi guziari zentzua ematen.

Garai horiek biziki urrun direla ematen badu ere, berriz ere fase horretara itzultzen ari gara emeki-emeki, denboraldiaren zikloa bukatzear baita, nostalgiak hurbiletik segitzen gaituela.

Ligaren ondotik, Donostiako estropada famatua heldu zaigu, eta iraileko lehen astean sailkapen estropada jokatuko da, gizonek asteazkenean eta emazteek ostegunean, finalerako sailkatzeko esperantzarekin. Nesken kasuan, aurten asteburu oso bat ukanen dugu estropadarik gabe ligaren eta Kontxaren artean. Ekaineko azken asteburutik daramagun erritmo azkar hau mozteko balioko digu, ligan lortutako emaitzak alde batera utzi, pilak berriz kargatu eta kontagailu guziak hutsetik abiarazteko.

Orain, ahantzi beharrekoak ahantzi, buruak ilusio eta ametsez bete eta gelditzen zaizkigun azken aste hauek gozatzea baizik ez zaigu gelditzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA