«Euskal saskibaloiaren jaia». Horrela definitu zuten Bilbo Basketeko Rafa Pueyok eta Baskoniako Felix Fernandezek gaur, 18:00etan, Gasteizko Mendizorrotza pabiloian jokatuko duten Euskal Kopa. ACB ligan ari diren taldeen artekoa, behintzat. Espainiako Ohorezko Mailan ari direnen artekoa, Mirairen, Gernikaren eta Araskiren artekoa, datorren astean jokatuko da. Beheragoko mailetan jokatzen duten taldeak ere lehiatzen dira bietan. Horregatik da denentzat jaia.
Bide desberdinak
Egiari zor, azken urteetan, Baskoniaren eta Bilbo Basketen artekoa, jaia baino gehiago, justu kontrakoa izan da. Giro hezea egon zen Galdakaon, saskia hautsi zen Barakaldon... Oraingoan Gasteizen jokatzea erabaki dute, Mendizorrotzan, ez dutelako «beste pabiloi egokirik aurkitu». Baskoniarentzat denboraldiaurreko azken neurketa izango da. Bai arabarrek, bai bizkaitarrek, lagunarteko neurketak jokatu dituzte asteburuan; Burgosen eta Pontevedran jokatu dute, hurrenez hurren.
Bilbotarrek inork baino lehenago egin zituzten etxeko lanak udan. Besteak beste, aurreko denboraldiko taldetik zazpi jokalarik jarraitzea lortu zuten, eta fitxaketen berri ere goiz eman zuten. Horri esker, Jaume Ponsarnau entrenatzaileak segida eman ahal izan die multzoari eta orain arte egindako lanari. Segida hori batez ere denboraldiaren lehen zatian nabarituko dute. Orain arte jokatu dituzten hiru lagunarteko norgehiagokak irabazi zituzten. Jokatzeko modua zein den ezarrita dago, eta taldera iritsi diren jokalariak egokitzea falta da. Buruhauste nagusia joko antolatzailearen postuan egon daiteke, Melwin Pantzar joan baita, eta galera handia da hori. Barruan, ordea, pibot indartsuak dituzte.
Baskoniaren denboraldiaurrea ez da izan Paolo Galbiatik nahiko lukeena. Askatuak Gipuzkoaren aurkako partida, adibidez, bertan behera utzi behar izan zuten. Gainera, Markus Howard, Tadas Sedekerskis, DJ Stewart eta Rodions Kurucs min hartuta ibili dira. Azken biek asteburuan jokatu zuten, eta baliteke gaur Howard eta Sedekerskis aritzeko moduan egotea. Alba Berlini irabazi ostean, bi punturen aldeaz baino ez zuten galdu Valentzia Basketen kontra. Orain arte ikusitakoaren arabera, argi dago kanpoko lerroan oinarrituko duela jokoa. Uztaipean, berriz, Kenneth Faried ere nahi baino beranduago iritsi zen Gasteizera. Gainera, Khalifa Diopek NBArako bidea hartu duenez, barneko jokorako Alex Len fitxatu berri dute. Bi denboraldirako hartu dute. Lenek Real Madrilen jokatuko zuen aurreko sasoian.
Superkopan berriz
Galbiatik zuzentzen duen taldeak asteburuan jokatuko du Espainiako Superkopa, Badalonan. Baskoniak etxeko taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, Joventuten kontra. Larunbatean izango da, 18:00etan (DAZN). Beste finalerdian Valentzia eta Bartzelona arituko dira nor baino nor gehiago (21:00). Finala igandean izango da, 19:00etan.
Lehen titulua jokoan izateko oso goiz da. Taldeak denboraldiaurrean daude oraindik. Baina arabarrek sei urte daramatzate bertan parte hartu gabe, eta garaikur bat irabazteko aukera dute. Joventut aurkari gaiztoa bihurtu da azkenaldian. Izan ere, Baskoniak haren aurka jokatu dituen azken hamar partidetatik zortzi galdu ditu. Tartean daude aurreko denboraldiko ACB titulurako kanporaketetan galdutakoak, edo duela bi denboraldi Espainiako Kopan galdu zuena. Hala ere, Dani Miret entrenatzaileak berak aitortu du atzeratuta doazela prestakuntzarekin; Ante Tomicek, adibidez, ez du jokatuko.
Beste finalaurrekoan ere berritasunak daude, batez ere aulkian. Bartzelonak goitik behera aldatu du proiektua, Xavi Pujol Baskoniako kirol zuzendari ohiaren eskutik. Pujolek bederatzi jokalari fitxatu ditu, baita Alksander Sekulic entrenatzailea ere. Ahalmen fisiko handia duen taldea da, horri esker irabazi du Kataluniako Kopa. Valentzian Xavi Albert da entrenatzailea berria, eta, jokalari garrantzitsu batzuek alde egin duten arren, proiektua bere horretan mantendu nahi dute.
Hain zuzen ere, Valentzia Basketeko entrenatzaile ohi Pedro Martinez da Real Madrileko prestatzaile berria; Xavi Pascual, berriz, Dubaikoa. Biek ala biek jokatuko dute lehen aldiz Euroligako Superkopa, ostiralean eta larunbatean, Abu Dhabin. Bigarren kanporaketa izango da haien artekoa; lehendabizikoan Olympiakosek eta Fenerbahcek neurtuko dituzte indarrak. Horrelakoek gutxi daukate jai girotik.