Hasi da, eta ez da geratuko. Behin hasita, ez dago geldituko duenik. Horrelakoa da saskibaloia. Hemen ere, askotan, astelehenak akaso salbuespen, asteko zazpi egunetan saskibaloia egoteko aukera dago. Aste honetan, urrutira joan barik, Euroligan bi jardunaldi jokatuko dituzte. Lehiaketa horren bigarren astea besterik ez da. Emakumezkoetan, berriz, atariko kanporaketak jokatzen ari dira.
Sistematik ihes
Gizonezkoek joan den asteburuan ekin zioten ACB ligari. Emakumezkoek, berriz, asteburuan hasiko dute lehia, eta horretan ere bi jardunaldi jokatuko dituzte hurrengo astean. Ongietorri bezala egingo dute, ez omen baitago hasteko modu hoberik. ACB ligan hemezortzi taldeetatik hamabik jokatuko dute Europako txapelketaren bat. Breoganek ez zuen gainditu aurten Bilbo Basketek jokatuko duen Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa. Lehiaketa hori datorren astean hasiko da.
ACB liga ezin da bazter batean utzi. Esan diezaiotela bestela Kanaria Handiari. Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara heldu zen, baina, aldi berean, maila galdu zuen azken jardunaldian. Alde horretatik, Burgos edo Girona bezalako taldeek aurrerapausoa eman dute, eta Europan arituko dira sasoi honetan. Ikusi beharko da zelan moldatzen diren, baina batez ere kataluniarren kasuan taldea asko indartu dute. Besteak beste, NBAko Izarren Asteburuko birrintzeen lehiaketa hiru aldiz irabazi duen Mac McClung eskolta fitxatu dute. Gainontzeko taldeak esan daiteke ohituta daudela astean bizpahiru partida jokatzera.
Sei taldek baino ez dute jokatuko bakarrik ACB liga: Lleida, Zaragoza, Andorra, Breogan, Obradoiro eta Coruña. Pentsatu baino garrantzitsuagoa izan daiteke aldagai hori. Izan ere, sei talde horiek aste guztia izango dute asteburuko partida prestatzeko, gainontzekoak bidaiatzen eta partidak jokatzen ari diren bitartean. Hain liga berdinduan edozein faktore da garrantzitsua. Akaso igo berri diren Galiziako bi taldeen egokitzapenean egongo da gakoa, iaztik jokalari askok jarraitzen baitute; bakoitzetik erdiek bai behintzat. Beste lau taldeek multzo lehiakorrak osatu dituzte, eta horien artean nabarmentzekoa da Zaragozarena: besteak beste, Justin Jaworski Bilbo Basketeko jokalari ohia fitxatu du.
Itxuraz, talde horiek guztiak eta baten bat gehiago izango dira bizkaitarren arerioak. Berdintasuna itzela da ligan, eta Bilbo Basketek Txapeldunen Liga jokatzeak gehiago baldintzatu dezake. FIBAren Europako Kopako lehen bi faseek entrenamendutik gehiago zeukaten partidetatik baino. Orain, exijentzia oso bestelakoa izango da. Berez, oso zaila izaten da ACB ligako lehen zortzi taldeen artean sartzea. Nahiko egonkortuta dagoen zerbait da: Euroligako lau taldeak ziurtzat ematen dira, adibidez. Hortik aurrera, Unicaja, Joventut edo Tenerife bezalako taldeak nahiko ohikoak dira. Murtzia ere agertu ohi da. Baten batek huts egitekotan zabaltzen dira aukerak. Aurreko denboraldian Unicaja izan zen. Ez dirudi sasoi honetan gauza bera egingo duenik Txus Bidorretaren esanetara. Joventutek Espainiako Superkopa irabazi zuen, eta aspaldiko bolada eten: hemezortzi urte zeramatzan garaikurrik irabazi gabe. Tenerifen, beteranoek jarraitzen dute, eta Murtzian, Sito Alonsok.
David eta Goliat
Zer esan orduan Euroligako taldeen inguruan. Baskonia ere ezin da lokartu, esnatu orduko berandu izan daitekeelako. Real Madrilek, Valentziak eta Bartzelonak ez bezala, gasteiztarrek ez dute hamabost-hamasei jokalariko multzoa. Hau da, aste bitarteko jokalari berek jokatuko dute asteburuetan. Aurten, pasaporteen bidez konpondu eta gero, Paolo Galbiatik ez du atzerritarren bat edo beste deialditik kanpo utzi beharko. Hori bai, jokalari kupoen aldetik, Khalifa Diopen irteerak ere lau jokalarirenganako menpekotasuna ezartzen du: Tadas Sedekerskis, Rodions Kurucs, Matteo Spagnolo eta Stefan Joksimovic. Gainera, Joksimovicek izan ezik, harrobiko izarrek taldea utzi dute, eta ez dago maila eman dezakeen errelebo nahikorik.
ACB ligako lehen jardunaldian, bederatzi partidetatik seitan egon zen zazpi punturen aldea edo txikiagoa irabazlearen eta galtzailearen artean. Hori aski ez, eta hiru partidatan bi taldeek ehun puntuen langa gainditu zuten. Baskonia ere ez zen urrun ibili, 98 sartu baitzituen. Ligaren berdintasunaren eta gogortasunaren erakusle da hori.