Zutabea nola hasi oso argi dut gaur: eskerrik asko taldekide guztiei. Pello, Luis Leon, Andrei, anaia... A zer-nolako lana egin duten lurbide zatietan. Fulsang, Omar eta hirurok besotan eraman gaituzte etapa osoan. Beste txirrindularientzat herioa izango zen agian, baina guk ondo pasatu ditugu tarte guztiak, eta, hein handi batean, haiei esker izan da.
Lurbideen eguna izan da, eta asko nabaritu da tropelean. Guk aspaldi ikusi genituen, bagenekien ez zirela hain txarrak, baina hori zen hori tentsioa gerturatu ahala. Taldean oso argi genuen garrantzitsua zela tarte guztietan aurrean sartzea, eta horregatik egin dugu lan. Lurbideek hori dute, edozer gauza gerta daiteke, eta aurrean sartzen denak arazoak izateko aukera gutxiago ditu. Zorte txarrak eragin handia izan dezake horrelakoetan, bestela begiratu zer pasatu zaion Adam Yatesi. Zulatua izan du, eta minutu batetik gora galdu du. Hori ez da gure errua, baina halakoak ere gertatzen dira, eta askotan ondorio larria izaten dute.
Galdera garbia da. Horrelako etapak bai ala ez? Ni, orain, aldekoa naiz, baina agian, dena ondo atera zaidalako da. Ziur nago ere ikusleek asko gozatuko zutela. Baina ulertzen ditut ere aurkako iritziak. Era berean, argi dut ere taldeak ezin duela egunero horrelako ahaleginik egin. Etapa gogortu dugu, baina ezin gara beti horrela ibili. Gorraitzen Omarrekin irabazteko itxaropena genuen, baina egunero ezin ditugu hainbeste indar xahutu tiraka. Gaur, esprinterren taldeen esku utzi beharko dugu lana.
Yatesen zorigaitzarekin pixka bat egin dut gora, eta hiru segundoko gainsaria lortu dut. Gainsariak garrantzitsuak izango zirela esan nizuen, eta begira Alaphilippek eman duen jauzia. Amaiera aproposa zen harentzat, eta ondo baliatu du. Nabarmentzekoa da ere liderrak erakutsi duen sendotasuna. Ezagutzen dugunok badakigu zein pedal kolpe ekarri duen Kataluniatik eta. Ondo bidean, goian egongo da azken egunera arte. Erne dabil tropelean, eta konfiantzaz, lepo.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA
Lagunek besotan eraman gaituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu