Analista eta kazetaria

Lillestrom kaosera eraman

Nerea Zusberro Alberro.
2026ko urriaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lillestrom bi aurpegi dituen taldea da. Bi eredu erakutsi ditu Europa ligan. Torreenseren aurka, lehen jardunaldian, Norvegiako ligan erakusten duenaren antz handiagoa izan zuen. Baloiarekin protagonista izan zen —%67ko baloi-jabetza eduki zuen—, baina 1-2 galdu. Sparta Pragaren aurka, ordea, bigarren jardunaldian, Europan jokatzen duen moduan aritu zen. Baloia laga, eta defentsako ordena lehenetsi zuen txapelketako lehen puntua lortzeko: 1-1. Pentsatzekoa da, Realaren aurka, Hans Erik Odegaardek —Realeko jokalari izan zen Martin Odegaarden aitak— zuzentzen duen taldeak Txekiako Errepublikan jokatu zuenaren antza izango duela. Baina gaur egun bada talde bat desordenatu nahi ez duen aurkari bat kaosera eramateko gaitasuna duena: Reala.

Baloirik ez duenean kanpotik eraso egitea

Lillestromek Realari baloia emango diola espero da, eta bloke ertain-baxu batean finkatuko dela. Haren oinarrizko egitura 1-4-2-3-1 da, eta 1-4-5-1 bihurtzen da baloirik gabe hondoratzen denean. Espazioak kanpoko erreietan uzten ditu. Nahiz eta bost jokalariz osatutako atzealdeak ardatz horizontal osoa hartu beharko lukeen, hegalean aritzen diren jokalariek —batez ere eskuinaldean jokatzen duen Daniel Bassik— asko ixten dute beren posizioa, barrutik aurkariek baloia jaso ez dezaten. Realak, beraz, bizkor mugitu behar du baloia, alderik alde, hutsik egongo den hegala topatzeko, eta han kokatuko den jokalariak aurrera egin dezan. Pase luze gurutzatua ere tresna bikaina izan daiteke, buruz buruko jokaldiak lortzen saiatzeko.

Aurrera egiten dutenean erdi-punta aurkitu

Lillestromen ateko sakeetan edo blokea aurrera bultzatu eta atzetik ateratzen dutenetan, Realak aukera izango du erdi-puntan arituko den jokalaria lerroen artean aurkitzeko. Hala egin zuen Union Saint-Gilloseren aurka. Sucic jokalari garrantzitsua izan daiteke horretarako.

Aurkariak euskarrian bi jokalarirekin jokatzen duenean, Norvegiako taldeko erdilarietako batek salto egiten du, eta haren bizkarrean hutsunea sortzen da. Realak, beraz, aurkariak presioa egingo duen egoerak bilatu behar ditu, hala, Lillestromek aurrerapausoa ematen duenean, lerroen artean baloia jaso eta hegaletara eramateko. Gainera, Sparta Pragaren aurka Paintsilek min hartu zuen, eta zalantza da gaurko partidarako. Ezker hegalean aritzen den jokalaria da, eta Norvegiako taldearentzat oso garrantzitsua buruz buruko jokaldiak defendatzeko. 

Aurrelariarekin eutsi, eta kanpotik eraso egin

Norvegiarrek bi jokalari garrantzitsu dituzte baloiarekin. Gulbrandsenek eskarmentua du, eta sasi-aurrelari gisa aritzen da. Bizkarrez jokoari eusteko gaitasun handia du eta, askotan, baloi zuzenen bidez bilatzen dute, aurkariaren zelaian erasoa hasteko. Baloia atzetik ateratzen duenean 4 gehi 2 egitura erabiltzen duen arren, Lillestromek joko zuzena lehenesten du. Europa ligako partidetan hasierako hamaikakoan jokatzen ari da, Thomas Olsenen aurretik, aurkariaren defentsa lerroa ateratzeko duen gaitasunarengatik. Gulbrandsenek sortzen dituen espazioak Felix Vak baliatzen ditu. Angolan jaioa da, zelai erdiko hegalean jokatzen du, eta bost gol sortu ditu denboraldi honetan. Lillestromen izarra da, zalantzarik gabe. Realak, beraz, zaindu beharko du bere hegalen bizkarra, bietan joka dezake eta.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA