Gorka Izagirre.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: 5. etaparen kronika. ERRELEBOKA

Merezita zeukan

2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Azken erlojupekoa falta da oraindik, baina jadanik ikusi da bakoitza nola dagoen. Puntutxo bat goitik dabiltza Henao eta Purito, nahiz eta aldeak, oraindik ere, ez diren handiegiak. Kontuan hartu ordu erdi inguruko lana edukiko dugula erlojupekoan, eta dezenteko aldeak izan daitezkeela. Behin autobusean sartuta, Nairo ez zegoen hain-hain triste, baina gehixeago egin zezakeen sentsazioarekin geratu gara denok.

Aurreko egunetan ere ezin izan du hautsi lasterketa. Ez Zumarragan eta ez Arraten, ezin izan zuen aurrera egin. Ondo zegoela eta, konfiantza helarazi digu aste guztian, eta ondo dago. Baina segundo garrantzitsuak galdu ditu Aian, eta ikusiko dugu egoera iraultzeko gai den edo ez.

Anaiari buruz ere egin nahiko nituzke bi hitz, oso ondo dabilelako. Erlojupeko on-onak egin zalea da, eta ziur nago oraingoan ere ez duela hutsik egingo. Oso ondo ezagutzen du ibilbidea, eta sasoi bikainean dago. Bi zati argi dauzka erlojupekoak. Jaitsiera luzea izango dugu lehenengo, Orioraino. Teknikoa eta azkarra da zati hori, eta, ondo ezagutzen ez duenak denbora dezente gal dezake Oriorako bidean. Bezperatik den-denek ezagutuko dute zirkuitua, baina desberdina da errepide horietatik lasterketan igarotzea edo erlojupekoa lehiatzea. Lehen zati horren ondoren, bi igoera gogor izango ditugu gero. Esan bezala, konfiantza handia daukat anaiarengan, eta ez harritu bost onenen artean sartzen bada; etapan eta sailkapen nagusian.

Eta zer esan Mikel Landari buruz. Ondo merezita zeukan garaipena. Behin etapa amaituta, ezin izan dut zoriondu, baina bidali dizkiot mezuak jada, eta egongo gara berandu baino lehen. Euskal txirrindulariak itzali antzean genbiltzala esanez ibili dira azkenaldian batean eta bestean, baina erakusten ari gara Euskaltel desagertu arren maila politeko gazte multzo ona osatzen dugula. Mikelen kasua berezia da, gainera, oso momentu zailak igaro behar izan dituelako neguan. Inorentzat ez da gustagarria hain une zailak bizi behar izatea, eta horregatik poztu naiz hainbeste haren garaipenarekin.

Eta zorionak euskal zaleei ere, ikuskizun ederra eman duzuelako, beste behin. Antolatzaileek asmatu egin dute errepidearen bi aldeetan soka jarrita, eta zaleek giro zoragarria sortu dute igoeran. Bikain atera da dena, eta azken erlojupekoa falta da oraindik. Gozatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.