mikel reina
Hirukotik

Normalizazioa

2026ko azaroaren 17a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Normalizazioa gutxituta edo egoera ahulean dagoen hizkuntza bat gizarteko eremu eta funtzio guztietan berreskuratu, finkatu eta orokortzeko egiten den prozesu, erabaki, ekintza eta politika multzoa da. Euskararen inguruan askotan hizpide izandakoa azkenaldi luzean. Baina hizkuntzaren arlora bakarrik ez, bizitzako bestelako arloetara ere eraman daiteke kontzeptua hori.

Kopiatu

Gaur Israelgo Hapoel Tel Aviv taldeak Buesa Arenan jokatuko du, Baskoniaren aurka, Euroligan, 20:30ean hasita. Oso urrutira joan barik, duela zortzi hilabete bakarrik, egoera oso bestelakoa zen. Martxoaren 27an ateak itxita jokatu zuten neurketa, eta gasteiztarrek 118-109 irabazi. Israelgo taldeen partaidetza denen ahotan zegoen, eta ACB ligako taldeen aurka ateak itxita jokatu behar izan zuten ia beti. Orain ez dago halako eztabaidarik, normalizatu egin dela esan daiteke. Berriro ere normalizatu da, baina noiz normalizatu ote da Israelgo taldeek Europako lehiaketetan beste edozeinek bezala parte hartzea?

Iaz Valentziak erabaki egin zuen ezin zituela bere bazkideak partida bat ikusi barik utzi. Horrenbestez, bazkideak bakarrik sartu ahal izan ziren Roig Arenara. Oso ohikoa izanik ere, bazkide txartelaren lagapena debekatu zuten, eta nortasun agiria eramatea beharrezkoa izan zen, bermatzeko bakarrik bazkideak sartuko zirela. Joan den urriaren 8an, hain zuzen ere, Hapoelen aurka, bide orria aldatu zuten: sarrerak jarri zituzten salgai, eta bazkide txartelak lagatzeko aukera eman zuten, betiere jabearen baimen orri batekin. Astebete geroago, sistema errepikatu zuten Maccabi Tel Aviven bisita jaso zutenean. Maccabik urriaren 13an jokatu zuen Bartzelonan, eta ez zen inolako mugarik jarri. Hori bai, Valentzian ez bezala, neurketa arrisku handiko partida izendatu zuten. Palau Blaugranan, iaz, israeldarren aurkako bi partidak ikuslerik gabe jokatu zituzten.

Iaz Valentziak egindakoa kopiatu du Baskoniak. Hau da, bazkideak bakarrik sartu ahalko dira Buesa Arenara, eta behar bezala identifikatu beharko dute beren burua. Ezingo diote txartela inori laga. Hori nahikoa ez, eta ez dute sarrera orokorrik salgai jarri. Abenduaren 4an helduko da Maccabiren bisita, baina ez da uste hain denbora tarte txikian aldaketa askorik egongo denik.

Zorionez, beti daude horrelako normalizazioak normalak ez direla konturatzen direnak. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Indar Baskoniak klubeko zuzendaritzari egotzi diote Israelgo taldeen irudi garbiketa normalizatzeko borondatea izatea, eta partida bertan behera uzteko eskatu dute. Gogoratu dute mobilizazioen ondorioz joan den udaberrian Maccabiren eta Hapoelen aurkako partidak ateak itxita jokatu zirela Gasteizen. Oraingo erabakia, ordea, Israelgo taldeen irudi garbiketa normalizatzeko saio gisa interpretatu dute. Horiek horrela, Baskoniako bazkideei  eskatu diete partidari boikot egiteko, eta gaur kontzentrazioa egingo dute, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

Etxean izan beharko

Normalizazioa hobea izango litzateke igandeko Bilbo Basketen aurkako derbian Miribillako harmailetan euskara nagusi izango balitz. Hori bai izango litzatekeela normalizazio positiboa, bi taldeen jarraitzaileen aldetik gainera. Egoera oso desberdinean helduko dira bi taldeak, baina beharrizan berekin. Baskoniak, gaurkoaren ostean, Munichen jokatuko du etzi, Bayernen aurka. Bilbo Basketek, ordea, aste honetan ez dauka Txapeldunen Ligako partidarik. Gainera, Alba Berlini irabazita, aurrerapauso handia eman du multzoko lehen postua ziurtatzeko bidean. Izan ere, helburu dute lehenengo geratzea kanporaketa bat saihestu ahal izateko. 

Bizkaitarrek joan den igandean galdu egin zuten Sito Alonsoren Murtziaren aurka, aurten lehen aldiz Bilbo Arenan. Beraz, ez dute berriro galdu nahiko. Are gutxiago kontuan hartuta derbia irabaztekotan etxean dituztela aukera gehiago: 2024an irabazi zuten azken aldiz bilbotarrek Miribillan, eta 2007tik ez du Bilbo Basketek irabazi Buesa Arenan. Hori ere normalizatu ote da?

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA