«Ibili, erori eta altxatu». Oinarrizko lege hori bere egiten du Bilbo Basketek. Real Madrilen aurka jipoia jaso ostean —119-84 galdu zuten—, erreakzionatzeko beharra dauka taldeak. Horretarako, eta bere burua aldarrikatzeko, partida ezin hobea dauka bihar, 20:00etan (ETB), Alemanian, Alba Berlinen aurka, Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldian.
Hain zuzen ere, aurreko denboraldian ere antzera gertatu zitzaien bizkaitarrei. 72-116 galdu zuten 2026ko urtarrilaren 2an, Miribillan, Valentzia Basketen aurka. Inflexio puntu bat izan zen partida hura, Real Madrilen aurkako porrota izan daitekeenaren modukoa. Etxean, zure zaleen aurrean, eta urteko lehen partidan, horrelako emaitza bat jasotzea mingarria da. Baina esan daiteke Jaume Ponsarnauren taldeari ongi etorri zitzaiola. Hiru egun beranduago, Gironan, ACB ligan garaipena lortu zuten etxetik kanpo. Urtebete baino gehiago zeramaten hori lortu gabe. Garaipen hura lortu ondoren beste bi partida irabazi zituzten jarraian, Granadan eta Kanaria Handian.
Aurrerapausoa
Horrelako erreakzio bat behar du orain taldeak, eta batez ere jokalari etorri berriek, haiek ezarriko baitute non dagoen taldearen langa. Orain arte, bertsiorik onenetik urrun daude Nate Darling, Adam Somogyi eta Bastien Vautier. Manex Ansorregi, Dan Duscak eta Ondrej Hustak ezin dira kontuan hartu, batez ere Europan jokatu dutelako. Gainera, ez dituzte fitxatu berehalako uzta jasotzeko, epe luzerako baino.
Beste hirurak egokitzea, ordea, gako izango da. Haien artean, Somogyik bakarrik jokatu izan du aurretik ACB ligan, eta esperientzia hori uste baino garrantzitsuagoa da; defentsan, batez ere. Izan ere, ikasten duzu jokalari bakoitzak zelan jokatzen duen, zein indargune eta ahulgune dituen.
Normalean, alderaketak egitera jotzen dugu, ia saihetsezina da; horrela neurtzen dugu askotan talde baten maila. Baina horiek egiterakoan dena izan behar da kontuan. Adibidez, iragan denboraldiaren hasieran, Justin Jaworskiri ere kosta egin zitzaion egokitzea. Egiari zor, Darlingek aurtengo denboraldiaurrean ilusioa piztu zuen, zenbaki politak izan zituelako. Baina jaurtitzaileak badakigu nolakoak diren: boladak dituzte, eta Darlingek ez du oraindik olatu ona harrapatu; igandean, azken laurdenean akaso. Gainera, kanadarrak, estatubatuarrak ez bezala, ez ditu olatu erraldoiak hartzen —aurreko denboraldian, Jaworskik 36 puntu sartu zituen Andorraren aurka, eta klubeko markarik onena ezarri zuen—.
Era berean, ezin da alderatu Somogyi Melwin Pantzarrekin, suediarrak hobekuntza ikaragarria izan baitzuen Bilbon jokatu zuen hiru denboraldietan —udan joan zen—. Bide bera egin nahi du hungariarrak.
Oraindik bidea egiteko duena Vautier da. Tryggvi Hlinason kantxan ez dagoenean sortzen den hutsunea betetzeko ekarri zuten. Momentuz, Ponsarnauk berak aitortu du zuloa izaten segitzen dutela, batez ere defentsan. Euroligako talde batetik dator, jardunaldi batean jokalaririk onena izendatu zuten eta hori ondo dago, baina gero kantxan erakutsi behar du jokalariak nolako maila duen.
Gakoa
Bilbo Basketek Berlinetik emaitza on bat ekartzea garrantzitsua da. Alba Euroligatik datorren taldea da, eta multzoko aurkari nagusia. Txapeldunen Ligan inportantea da multzoen ligaxka lehen tokian amaitzea. Izan ere, zuzenean sailkatzen zara hurrengo fasera, beste kanporaketa bat jokatu gabe. Bigarren sailkatuz gero, ordea, gutxienez beste bi partida jokatu behar dituzu, play-in kanporaketan. Egutegia hain betea izanda, edozein partida gainetik kentzea garrantzitsua da.
Pedro Callesek zuzentzen du Alemaniako taldea, eta bizi jokatzen du. Hori da taldeak duen zigilu nagusia. Martin Hermannsson itzuli berri da lesiotik, baina Jack Kayil gazteak ez zuen asteburuan jokatu. Valentziatik Yankuba Sima fitxatu berri dute. Ligan hiru garaipen eta hiru porrot daramatzate, eta etxean partida bakarra galdu dute. Galduta edo irabazita baino, puntuen aldea ere garrantzitsua izango da.