mikel reina
Hirukotik

Orain bai, denak martxan

2026ko urriaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain bai, saskibaloiko Europako txapelketa guztiak martxan dira gaurtik aurrera. FIBA leihoek bakarrik etengo dute egutegia; batzuentzat, behintzat. Hala, Bilbo Basketek egutegi bete-betea izango du gaurtik aurrera, FIBAren Txapeldunen Ligan lehiatzen hasiko baita. Igokearen aurka jokatuko du multzoen faseko lehen partida, Bosnian (20:00, ETB). Denboraldi honetan Europak gehiago eskatuko dio Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeari. 

Bestelakoa

Hain zuzen ere, azken bi denboraldietan FIBAren Europa Kopa jokatu eta irabazi ostean, sasoi honetan Txapeldunen Liga jokatuko dute bilbotarrek; koska bat gorago dagoen txapelketa. Hala, lehiakortasuna nabarmen igoko da. Orain arte aste barruko partidek gehiago zeukaten entrenamendutik partidatik baino.

Horri esker, Ponsarnauk minutuak eta ahaleginak banatu bakarrik ez, jokalariei gehiago hazten lagundu ahal izango die. Gazteentzako erakusleiho ezin hobea izango dira Europako partidak. Bide batez, zaleek hainbeste eskertzen duten harrobiari keinuak egin ahal izan dizkio entrenatzaileak, eta horietako batzuei debutatzeko aukera eman.

Manex Ansorregi horretarako fitxatu dute. Baliteke hark ere aukera izatea Europako partidetan. ACBko lehen bi jardunaldietan hiru minutu bakarrik jokatu ditu gipuzkoarrak. Oraindik egokitzen ari da, eta pentsatzekoa da aste bitartean gehiagotan ikusiko dugula kantxan. Alde horretatik, gazteekin lan egitekoa da Ponsarnau, eta aukerak baliatu beharko ditu Ansorregik.

Gauza bera egin beharko dute udan etorritako beste jokalariek: Ondrej Hustakek eta Dan Duscakek. Biek ala biek fitxatzeko bi baldintza nagusiak betetzen dituzte. Alde batetik, jokalari gazteak dira, etorkizunean lagundu dezaketenak. Beste alde batetik, ez dute atzerritar tokirik betetzen. Hain zuzen ere, Adam Somogyik, Aleix Fontek eta Ansorregik berak osatzen dute atzerritar tokia betetzen ez duten jokalarien zerrenda. Horietako batek min hartuz gero, Ivan Montero, Aimar Mintegi eta Bingen Errasti daude txapelketan izena emanda. Horrez gain, partida bakoitzerako Ponsarnauk jokalari bat deialditik kanpo utzi beharko du.

Tryggvi Hlinasonek, baina, ez du hutsik egingo, min hartuta ez badago behintzat. Aurreko denboraldian alde ikaragarria egon zen taldean islandiarra kantxan egon edo ez. Big data-ren arabera, taldea %145,3 hobea zen Hlinason pistan zegoenean. Aldea ikaragarria zen, eta horregatik batzuetan behar baino minutu gehiago jokatu behar izan zuen. Oraindik 28 urte baditu ere, taldeko kapitaina bakarrik ez, zutabe nagusia da, eta, ondorioz, hura zaindu beharra dago.

Hautagaiak

G multzoan daude bizkaitarrak Alba Berlinekin, Igokearekin eta Slavia Pragarekin batera. Multzoko lehen sailkatuak bakarrik lortuko du zuzenean final-zortzirenetarako sailkatzea. Bigarren eta hirugarren sailkatuek beste kanporaketa bat jokatu beharko dute, urtarrilean. Kanporaketa hori gainditzeko bi partida irabazi beharko dituzte. Ondorioz, egutegia hain betea ez izateko, komeni da lehen postuan amaitzea. Hori lortzeko aurkari nagusia Alba Berlin izango da. Euroligan jokatzeari uko egin eta Txapeldunen Ligan aritzearen aldeko apustua egin zuten. Alemaniako ligako egungo txapeldunak dira, eta aurreko denboraldian final-laurdenetan geratu ziren kanpoan Europan. Martin Hermannsson eta Jack Kayil dira talde horretako izarrak.

Igokea eta Slavia Praga, ustez, pauso bat atzerago daude. Horrelako taldeak bertako edota inguruko herrialdeetako jokalariz daude osatuta batez ere, eta, askotan, Europan bidea egin nahi duten estatubatuarrez. Europan lehen esperientzia izateko taldeak bilatzen dituzte, eta estatistika onak izateko. Hala ere talde arriskutsuak izaten dira, batez ere etxean jokatzen dutenean.

Txapelketako garaileen zerrendari erreparatuz gero, ACB ligako taldeek irabazi dute garaikur gehien. Azken hamar urteetan sei irabazi dituzte. Entrenatzaileak kontuan hartuta, irabazleen artean daude Euskal Herriko bi prestatzaile: Txus Bidorreta eta Ibon Navarro. Hain zuzen, Bidorretak zuzentzen du Unicaja, txapelketa irabazteko faboritoetako bat. Joventut, AEK eta Galatasary ere aurkari gogorrak izan daitezke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA