Real Madrilen aurkako partidako Buesa Arenako txistuak, eta ez bakarrik txistuak, inflexio puntu bat izan dira Baskoniaren historian. Ordura arte, ez da horrelakorik ikusi, ez behintzat zuzendaritzarengana bideratuta. Mendizorrotzan, akaso, ohikoagoak ziren orain dela ez hainbeste. Kontuak kontu, azken egunetan Josean Kerejetak Baskoniako zuzendaritza utzi dezakeen zurrumurrua zabaldu da, eta hainbat hedabidetan albiste bilakatu ere bai. Uste hori are gehiago hedatu da igandeko Manresaren kontrako neurketan zuzendaria ez zenean bere ohiko jesarlekuan agertu.
Agertzen ez dena
Baina has gaitezen hasieratik. Kerejetak 38 urte bete berri ditu Baskoniako zuzendaritzan. Lorpenen eta garaikurren zerrenda ez da zaila aurkitzea, datuak hor daude. Baina batez ere Gasteiz bezalako hiri txiki bat Europako mapa handian kokatzea izan da bere garaipenik handiena. Pentsa, Baskonia Euroligaren hamahiru talde sortzaileetako bat da. Esango nuke lorenik handiena hori dela, nahiz eta hori ez den garaikurren zerrenda luzean agertuko. Ez bakarrik Zurbaon astero-astero Europako jokalaririk onenek jokatu dutelako, arabarrak urterik urte lehiatu direlako onenen aurka.
Azken urteetara arte, behintzat. Akaso, hor egon daiteke gaizki-ulertua. Orain arteko bidean jarraitu nahi izan dute zuzendaritzan, hainbeste poz eta lorpen ekarri dituen bide horrexetan, baina gaur egungo testuingurua eta duela hamar urtekoa ez dira berberak. Hein batean ulergarria ere izan daiteke egindako bidean eta metodoetan konfiantza izatea. Baina mundua, eta ondorioz saskibaloia, erabat aldatu da. Egunero aldatzen ari da ingurua, eta egokitu beharra dago, ez dago besterik; bestela, ez duzu aukerarik izango.
Posizioa galduta
Batez ere Baskoniaren merkatua aldatu delako, aldarazi dutelako. Gasteizek dagoeneko ez dauka erakusleiho fama hori. Oso luzea da Zurbaora heldu eta beren balioa biderkatu duten jokalarien zerrenda, batez ere Europan euren lehen esperientzia izaten. Bulegoetatik, batez ere Alfredo Salazarren eskutik, aurrea hartzen zieten gainontzeko lehiakideei: bestelako merkatuak arakatzen zituzten eta inor gutxik ezagutzen zituzten jokalariak ekartzen zituzten bertan garatzeko.
Gaur egun, hainbeste datu eta informaziorekin, hori askoz zailagoa da. Are gehiago azken orduan aurkitu behar dituzunean, eta batez ere merkatuan dagoeneko besteekiko posizio on hori galdu duzunean. Argi esanda, azken urteetan Baskoniak taldea osatu barik hasi du denboraldia, batez ere AEBetatik ailegatuko zen eta inork ezagutuko ez zuen jokalari hori itxaroten. Hori beste hamalau jokalari dituzunean egin dezakezu, baina gaur egun hamabi jokalarirekin ezin daiteke Euroligan lehiatu. Ryan soldadu salbatzaile hori ez dut uste berriro agertuko denik. Zain eta zain, azkenean nahi dena bainoago, ahal dena ekartzeko. Baita aurten ere, eta azkenean beti berandu.
Azken urteetan askotan errepikatu den istorioa da, eta aurreko historia guztia atzean geratzen da. Momentuan bizi gara gaur egun, atzokoak dagoeneko ez du balio, zaharkituta dago. Carpe diem. Paolo Galbiatiren kaleratzea izan da guztiaren eragile, baina aurreko guztia ez da alboratu behar. Ezta Zurbanoko ikusle datuak ere. Arazo nagusia izan daitekeelako jarraitzaileek eurena sentitzen duten hori galtzea. Emaitzetatik harago, zaleek errealitatea aurrez aurre ikusten dutelako. Arazoa, agian, ez zegoen aulkian, ez behintzat kantxakoan. Italiarra izan delako zale batzuk behintzat bere tokira itzularazi dituena. Hori jarri zuen helburutzat, baita lortu ere.