oier mugarza
Erreka itsasora

Sar dadila kalabazan

2025eko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontxan bizitako emozio guztiak gainean ditugula oraindik, aurtengoa bukatzear dago. Azken astean sartu gara dagoeneko, eta egindako guztiarekin gustura gaudela esan behar dugu, nahiz eta batzuetan udara luzea egin zaigun.

Ekainaren 1ean hasi genuen denboraldia, eta a zer nolako hasiera izan genuen. Denboraldiaurre gogor eta luze baten ostean, Gipuzkoako Txapelketara oso indartsu iritsi ginen, baita Euskadiko Txapelketara ere, eta Espainiako Txapelketan lehiatzea lortu genuen. Gustura ginen hasiera horrekin.

Uztailaren 5ean ligari hasiera eman genion, baina ez zen espero genuen bezalakoa izan, azkenak gelditu baikinen. Baina horri pixkanaka buelta eman ahal izan genion, eta bigarren txandan finkatu ginen, Hondarribiarekin, Getariarekin eta Isuntzarekin lehiatuz.

Liga ez da guk hasieran espero genuen bezalakoa izan. Getariarekin eta Hondarribiarekin gehiago lehiatzeko asmoa genuen, baina ez da horrela gertatu. Hala ere, data garrantzitsuenerako prestatu eta Kontxarako sailkatze estropadan lehiatzeko zazpi tokietako bat eskuratu genuen, aspaldiko partez —Erreka ontzia 2017tik ez zen Kontxan aritu—. 

Gure taldeko hiru arraunlari soilik zeuden aurrez Kontxan arituta. Beste guztiontzat berriak izan ziren bizitako emozioak, eta, batez ere, bigarren igande hau. Arrapala arrosaz jantzita ikustea hunkigarria izan da.

Denboraldia, beraz, gazi-gozoa izan da. Baina kontuan hartu behar dugu iaz bigarren mailan ginela. Aldiz, aurten, lehen mailan zortzigarren egin (eta, agian, zazpigarren, Isuntza bi puntutara baitugu) eta Kontxan sartu gara; beraz, pozik egon behar dugu.

Asteburu honetan denboraldiari amaiera emango diogu, eta horrekin deskantsatzeko garaia iritsiko zaigu. Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila hurrengo denboraldiko Kontxako arrapalan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.