gorka erostarbe leunda
Katerik gabe

'Seixasjeratu' halakoa!

2026ko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

-Arraioa, bera ibili zuan kate librean, ez hi! Ziztuan igo zian pista zuriko maldatzarra!

-Ziztua jotzen ia-ia, bai. «Gazte gera gazte, eta ez gaude konforme» abestuz joango balitz bezala!

-Bera konforme izango zuan, ordea. Esajeratua iruditzen zaidak, 19 urte besterik ez eta…

-Tira, beti egon dituk jeinu gazte-gazteak, Mozart, Messi, Comaneci, Pogacar bera…

-Pogacar, txirrindularitzaren historiako The God, The Goat, izendatu zitean herenegun, Flandriakoa irabazi ostean. Bi egun eskasetara, beste txirrinjainko bat omen diagu, Seixas! Zesateiak! 19 urte… Geroz eta gazteago nahi dizkiagu superheroiak, jainkoak, mitoak…

-…

-Zertarako baina? Albait azkarren zukutzeko? Bitartean jende heldu xumea orduan eta baztertuago. Hori bai, ia 70ak arte ezin erretiroa hartuta. Gerontofobia hutsa…

-Tira, mundua desgobernatzen dutenak ez dituk hain gazteak. Begirazak orduro tronpatzen den hori…

-Salbuespen dituk. Begira, Roglic, Izagirre… agureak balira bezala hartzen dizkiagu-eta...

-Bueno, hala suertatu duk, hamar urtez behin agertzen duk Seixas bat, estralurtar bat. Hala deitu ziok hainbatek…

-Estralurtarrak gu geu gaituk, ditxosozko gizaki hankabikoak, mundua desitxuratu, bihurtu kaos huts, ia hauts, eta espazioa kolonizatzen saiatu, gure lurretik ihes eginda… Aberatsak aberats direlako, eta ez direnak, izan nahi dutelako. Estralurtar malapartatuak.

-Ez ezak seixasjeratu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA