Orain bai. Martxan jarriko da guztiz saskibaloia. Txapelketa bakarra falta zen hasteko, munduko garrantzitsuena eta onena. Baina gaur gauean hasiko da NBA: Opening Night gauarekin. Hiru partida handi jokatuko dituzte, zaleei ongietorria egin eta gozatzen has daitezen: Detroit-Boston, New York-Filadelfia eta San Antonio-Oklahoma. Hau da, Gabonetan egiten duten bezala, eraztuna irabazteko hautagaiak izango dira nor baino nor gehiago.Â
Ekialdea, indartuta
Baina ekainera arte gauza asko pasatu daitezke. Oso urrutira joan barik, aurreko denboraldian, gutxik pentsatuko zuten New York Knicks txapeldun izango zenik. Are gehiago kontuan hartuta 53 urte zeramatzala irabazi barik. Azken zortzi txapeldunak desberdinak izan dira. Dinastiak, oraingoz, amaitu dira.
Txapeldunek Mitchell Robinson galdu dute; haren ordez, erreboteak hartzeko, Andre Drummond beteranoa fitxatu dute. Gainontzeko jokalariei eutsi diete. Aurreko denboraldian Karl-Anthony Townsek bere tokia aurkitu zuen taldean, eta hori izango da gakoa. Hain zuzen ere, Robinsonek Bostonerako bidea hartu du, ekialdean aurkari zuzena izango duen taldea. Berdeak Jayson Tatumen eskuetan jarri dira erabat, eta Jaylon Brown oparitu dute. Haren ordez Paul George fitxatu dute. Georgen garairik onena pasatu da, baina hori da apustua. Hori izan da udako mugimendurik esanguratsuena, batez ere kasu honetan ere aurkari zuzena —eta historikoa— indartu dutelako: Filadelfia 76ers.
Udako mugimenduen arreta hor egon da. Hasteko, Brownen fitxaketa ezustea izan zen. Hori aski ez, eta LeBron Jamesek bere hurrengo taldea, azkena izan daitekeena, aukeratzeko egindako enkantea irabazi zuten. Bi urterako kontratua sinatu du, zortzi milioi euroren truke. Eraztuna nahi du nahitaez, eta 43 urterekin erretiratu daiteke. Horretarako, behar bezala inguratu da, Brownez gain Sixersek Joel Embiid, Tyrese Maxey eta VJ Edgecombe eta antzeko jokalariak dituelako. Ikusi beharko da, hala ere, James eta Embiid fisikoki nola dauden, horrek haien denboraldia baldintza dezakeelako. Gakoa zera izango da: ligan erregularrean jokatuko dituzten minutuak kontrolatzea, titulurako kanporaketetara sasoiko eta fresko ailegatzeko.Â
Cleveland Cavaliers, Detroit Pistons, Miami Heat eta Toronto Raptors ondo lehiatzeko moduan egongo dira. Horretarako jokalariak dituzte, behintzat, izarrak:Â James Harden eta Donovan Mitchell, Cade Cunningham, Giannis Antetokounmpo eta Kawhi Leonard, adibidez.
Aulkiaren garrantzia
Hala ere, aurreko denboraldian garaikurra irabazi ez arren, eraztuna lortzeko hautagai nagusiak Spurs eta Thunder dira oraindik ere. Hori ez da aldatu; talderik luzeenak eta orekatuenak dituzte. Spursek jokalari garrantzitsu guztiak mantendu ditu, eta Tobias Harris beteranoa fitxatu dute. Gainera, Victor Wembanyamak, Dylan Harperrek eta Stephon Castlek beste urtebeteko esperientzia dute. Oklahoman, aldiz, diru kontuak zaindu behar izan dituzte, eta horregatik ezin izan diete Aaron Wiggins eta Luguentz Dort jokalariei eutsi.
Izarrek baino gehiago, aulkiko jokalariek erabakitzen dituzte azkenaldian tituluak. Hori ikusi dute Los Angeles Lakersen. Luka Donciceri eman dizkiote frankiziako giltzak, eta, Austin Reavesi kontratua berrituta, lehiakor izango dira. Hori bai, hain sona handia ez izanagatik ere oso lagungarriak diren jokalari batzuk fitxatu dituzte aurrerapausoa emateko: Walker Kessler, Kevon Looney eta Matisse Thybulle, adibidez. Baina mendebaldeko konferentzian lehia basatia da. Ez dira atzean geratu Minnesota Timberwolves eta Denver Nuggets. Anthony Edwardsi laguntzeko LaMelo Ball fitxatu dute. Ikusteko dago zelan moldatzen diren elkarrekin. Bestetik, Nikola Jokicek Jamal Murrayren bertsiorik onena beharko du beste urtebetez, behintzat kanporaketetan.
Abenduaren 11n jokatuko dute NBAren Kopako finala, Indianapolisen. Otsailaren 19tik 21era izango da izarren asteburua, Phoenixen. Liga erregularra apirilaren 11n amaituko da; bi egun beranduago lehiatuko dituzte Play-In kanporaketak, eta 18an hasiko dira kanporaketak.Â