mikel reina
Hirukotik

Uda(azkena)

2026ko irailaren 24a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gero eta berdegune gutxiago daude gurean. Klima aldaketa omen da. Gasteizen, ordea, Zurbano inguruan, badago bat: Baskonia. Superkopan ikusi da taldea oraindik berde dagoela, osatu barik esan dezakegu.

Klima aldaketa

Gainera, fitxatu zuten azken jokalariak, Alex Lenek, min hartu zuen, eta ez zuen Badalonara bidaiatu ere egin. Hau da, hutsuneak dituzte. Non? Uztaipean. Ondorio gutxi atera daitezke joan den larunbatean ikusitakoaz, akaso kanpoko lerroko puntu jariorako barneko jokalarien laguntza beharrezkoa dela: oreka, azken batean. Baskoniak oraingoz ez dauka halakorik.

Klima aldaketak indarra hartu baino lehenagotik, Zurbanoko bulegoetan denboraldiaren lehen zatian aldaketak egitearen aldekoak dira. Gainera, goitik beherakoak izaten dira, Euskal Herrian eguraldia aldatzen den bezala, une batetik bestera. Udazkenean, hostoak erortzen diren bezala aldatzen dituzte entrenatzaileak. Horregatik, Arabako taldearentzat uste baino garrantzitsuagoa da gaur Euroligako ligaxkari ondo ekitea. Egungo txapeldunaren aurka izango da, Olympiakosen kontra, 20:30ean. Klubeko buruek ez dute begi onez ikusiko aurreko denboraldian bezala hastea. Aurreneko sei partidak galdu zituzten, eta hasieratik inolako aukerarik gabe geratu ziren txapelketan aurrera egiteko. Alde horretatik, denboraldia luze egin zitzaion taldeari.

Kontraesana hor dago. Taldea oraindik osatu barik dago, baina lehen partidatik lehiakor izateko eskatu zaio. Felix Fernandez kirol zuzendariak berak aitortu zuen taldeak «beste hilabete bateko denboraldiaurrea» beharko lukeela behar bezala egoteko. Fitxaketak nahi baino geroago iritsi dira, eta hainbat jokalari min hartuta egon dira. Horrenbestez, Paolo Gabiliati entrenatzaileak ezin izan du behar bezala lan egin. «Pazientzia behar dugu; ez dakit klubak izango ote duen. Aurreko denboraldian, behintzat, eduki zuen», esan zuen Galbiatik. Eta pazientzia ez da, berez, Zurbanoko bulegoetan agintzen dutenen ezaugarri nagusia.

Azkena, eta konferentzietara

Euroligako aurtengo txapelketa sistemak, gainera, ez du barkatzen. Hurrengo astean dagoeneko jardunaldi bikoitza izango dute taldeek. Hogei talde arituko dira nor baino nor gehiago, eta azkena izan daiteke egungo txapelketa sistemarekin. 24 taldera handitu nahi dute parte hartzea, eta, ondorioz, NBAren antzera, Konferentzia liga bezalako sistema bat ezarri. Euroliga eta NBA urriaren 5ean bilduko dira. Bilera horretatik kontu asko atera daitezke etorkizunera begira. Bi txapelketek, behintzat, gero eta antz handiagoa dute.

Denboraldi honetako Euroliga orain arteko luzeena izango da berriro ere. Besiktas izango da Eurokopan aritu eta gero Euroligan lehiatuko den taldea. Berez JL Borugek irabazi zuen Eurokopa, baina Euroligan parte hartzeari uko egin zion. Ez zioten Monakoren ereduari jarraitu nahi. Asvelek ere Euroligan zituen aurreikuspenak ikaragarri murriztu behar izan ditu. Bertan jokatzen du Tony Parkerrek, baina diru kontuak tarteko atzera egin behar izan dute helburuetan. Monako, adibidez, jada ez da saskibaloi profesionalean lehiatzen. Proiektua goitik behera erori zaie, eta diru kontuei begira zulo handia dute.

Dubain eta Grezian oraingoz ez dute halako zulorik. Beste urte batez dirutza gastatu dute. Harritzekoa da Dubairena. Xavi Pascualek talde izugarria eratu du, eta saskibaloia ohikoa izan ez den gauza bat egin du: jokalariak fitxatu eta beste talde batzuetara bidali utzita. Hori egin du lau jokalarirekin. Greziako taldeek ere diru asko gastatu dute. Olympiakosek, txapeldunak, Miller-McIyntyre eta Montero fitxatu ditu; taldea utzi duten jokalarien artean, berriz, Alec Peters da esanguratsuena.

Panathinaikosen aulkian dago berritasun nagusia. Zeljko Obradovicek Ergin Atamenen lekua hartu du. Haren eskutik iritsi dira taldera Sylvain Francisco, Badio, Bonga eta Yabusele. Real Madrilek ere erabat aldatu du proiektua, eta orain arte uzta jasotzen ari da: Euroligako Superkopa irabazi zuen aurreko asteburuan. Saras Jasikeviciusek zuzentzen duen Fenerbahce ere kontuan hartzeko moduko taldea da.

Hortik aurrera berdintasuna da nagusi. Zalgirisek, adibidez, talde interesgarria osatu du. Ibon Navarrok Izar Gorriaren eskutik debutatuko du Euroligan; Pablo Lasok, berriz, Anadolou Efesen jarraitzen du. Jokalarien multzoei erreparatuta, Bartzelona, Valentzia eta Partizan ere talde indartsuak dira. Horien guztien eta bere buruaren aurka lehiatu behar du Baskoniak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA