Beroaldiarekin iritsi da uda usaina. Eta, horrekin batera, kostaldeko herriak koloreztatu eta girotzen dituzten estropadak ere bai. Arraun denboraldia jada martxan jarri dute bigarren mailako taldeen lehen palakadek; lehen mailakoei, berriz, gehiago itxarotea egokitu zaie liga hasteko.
Iritsi da isilpeko lan neketsua erakusteko garaia, momentu gogorrak ahaztu eta gozatzeko ordua. Txapelketek, ekaineko errutinak moztu, eta jarri dituzte dantzan zale eta komunikabideak, eta primerako sarrera eman diote denboraldiari. Baina, orain bai, heldu da neguan landutakoa plazaratzeko ordua, benetan.
Zaleek, aurten ere, aitzakia ederra izango dute arraunari jarraituz kostaldeko herriak bisitatzeko. Euren taldeak babestu, kamisetak jantzi eta oihukatuta, portuak girotuko dituzte. Horiek emango diete arraunlariei bultzada, eta uda bereziagoa egingo dute. Egoera txarretan eta onetan euren kolorea defendatuko dute.
Arraun taldearekin batera trainerua hara eta hona mugitzen dutenek ere hasiko dute beren ohiko udara. Ez luke edonork aukeratuko halako udarik; haiek ere pasioa eta gogoa dituzte. Gehienak boluntario modura aritzen dira, guk bezalaxe sakrifikatzen dute uda, eta, are, gure lana posible egiten du. Ikusten ez diren protagonista asko ditu arraunak.
Guztiok batera abiatuko dugu uda, bakoitzak bere zereginekin. Beste denboraldi bati egingo diogu aurre, gure nortasunaren parte den kirol honi indarra emateko. Ziur hizkuntza, historia eta herri nortasuna ere izango dituela traineruen aurtengo norgehiagokak, eta bihotzak hunkitu eta gorputzak urdurituko dituela beste behin.