mikel reina
Hirukotik

Urtaroak

2026ko irailaren 9a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtaroa oraindik aldatu ez badugu ere, dagoeneko ikasturte berria hasi dugu; gure kasuan, denboraldia. Egiari zor, iraila hasi baino lehen itzuli zen saskibaloia, denboraldiaurrearekin. Taldeek ezkutuan egin ohi dute sasoi aurreko lan hori, eta orain hasi dira pixkanaka ezkutuko lan hori erakusten, lagunarteko partidetan. Dena den, txapelketa ofizialak ere martxan daude. Irailaren 4an hasi zen Alemanian Emakumezkoen Munduko Txapelketa. Hori bai, futbolean ez bezala, txapelketa sistema laburra da. Pentsa, igandean jokatuko dute finala. Hau da, 36 partida jokatuko dituzte guztira hamar egunean. Ez dakit urtaro honetarako egokiena den.

Aurten, gainera, duela lau urteko txapelketarekin alderatuta, formatua aldatu dute. Hobeto esanda, formatua berreskuratu dute. Izan ere, 2018an ere hamasei taldek hartu zuten parte: lau taldeko lau multzo egin dituzte lehen fasean. Lehen sailkatuek zuzenean final-laurdenetarako sailkatzea lortu dute:  Ameriketako Estatu Batuek, Frantziak, Espainiak eta Belgikak. Ez da ezustekorik egon. Selekzio horiek atseden hartzeko beste bi egun izango dituzte. Hain zuzen ere, atsedena izan daiteke, zalantza barik, txapelketako gakoetako bat; are gehiago txapelketa hain egun gutxitan jokatuta.

Baldintzatuta

WNBAren zabalkundea etengabea eta geldiezina da. Horretan eragina izan duten jokalarietako bat da, hain zuzen, txapelketako izar nagusietako bat: Caitlin Clark. Are gehiago azken orduan Aja Wilson eta Kelsey Plum jokalari beteranoek txapelketan parte hartzeari uko egin eta gero. Biak min hartuta daude. WNBA jokoan da orain. Duela egun batzuk eten zen. Beraz, jokalariek entrenamendu gutxi batzuk baino ez dituzte egin herrikideekin. Hori jakinda, ulergarriagoa da txapelketak gutxiago irautea. Taldeen denboraldiaurrea ere baldintzatu du txapelketak; ez Euskal Herriko taldeena, ez baitago horietan ari den jokalaririk Munduko Txapelketan. Nerea Hermosa arabarra eta Irati Etxarri nafarra izan dira txapelketa prestatzeko deialdietan egon diren bakarrak.

Lurtarragoak

AEBak dira txapelketa irabazteko hautagai nagusia, nahiz eta multzoen fasean Italiaren aurka gorriak eta bi ikusi zituzten garaipena lortzeko. Espainiak ere talde indartsua du. Zortzi urteren ostean itzuli da Munduko Txapelketara. Belaunaldi aldaketa sakona izan dute, jokalari bakarrak segitzen baitu multzoan: Alba Torrensek. Egun ekarpen handiagoa egiten du kantxatik kanpo barruan baino. Awa Fam, Raquel Carrera eta Iyana Martin dira orain jokalari garrantzitsuenak.

Frantziak ere talde sendoa dauka, Gabby Williams eta Marine Johannes jokalariekin. Belgikan, berriz, Emma Messeman, Jullie Allemand eta Julie Vanloo dira jokalari aipagarrienak. Ikustekoa izango da gaur Italiak eta Australiak jokatuko duten partida, Cecilia Zandalasini, Ezi Magbebor eta halako jokalariak arituko baitira lehian.

Gainera, Asian ere emakumezkoen saskibaloiak pauso handiak eman dituela ikusten ari gara txapelketan; jokatzeko modu oso ausartarekin, gainera. Txinak, adibidez, Zhang Ziyu dauka: 19 urte dituen eta 2,20 metro luze den jokalaria. Emakumezkoetan inoiz egon den saskibaloi jokalaririk garaiena da. Txinako beste jokalari batek ere zeresana eman du: Yueru Lik. WNBAn jokatzen du, baina ezin izan du Munduko Txapelketan parte hartu pasaportea galdu duelako. Ez sinestekoa.

Ez sinestekoa da ere Japoniako entrenatzaileak hutsarterik ez eskatzea: «Hutsarteak eskatzeak bi gauza esan nahi ditu: batetik, aurkariari arduratuta nagoela esatea, eta, bestetik, atseden hartzea errazten diedala». Eta Munduko Txapelketan atsedena da gakoetako bat...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA