Ainhoa Etxenike
IPARRA GALDU GABE

Zergatik arrauna?

2026ko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zergatik arrauna? Hamar hilabetez baino gehiagoz astean sei aldiz entrenatu, arrats eta asteburu guzi edo gehienak arraunean pasa, udan oporretara joan edo nahi duzuna egin ezin, jaten duzunari kasu eman, eskuetan eta ipurdi mazeletan zauriak egin eta oroz gainetik, sufritu, sufritu eta sufritu... Aitortu behar da, gauzak horrela ikusirik, galderari ez zaiola hain errazki erantzuten...

Baina luzaz pentsatu gabe ere, arraunari hainbat urtez eskaintzen diozun guzia —hots, zure bizia nolazpait— beste molde batez ere berriz eskuratzen duzu.

Hamar hilabetez zure taldearekin sortzen duzuna ezin esplikatuzkoa da. Kasik egunero ikusten dituzu zure ekipokoak, dena elkarrekin egiten duzue: entrenatu, lehiatu, elkarren izerdia usaindu, traineruan makurturik plastikozko baso batean pixa egin, dutxatu, momentu bikain eta latzak bizi, irri eta negar egin, irabazi eta galdu, elkarrekin erori eta berriz altxatu...

Uretan bizitzen eta sentitzen dena berezi baino bereziagoa da. Patroiari konfiantza osoa egiten diozu, zu arraunean bizkarrez abian baitzara. Olatuen kontra gora eta behera, batzuetan brankan estekatu behar izateraino, borrokara joatea bezala da, hamalau pertsona mundu osoaren kontra.

Beraz, arrauna zergatik? Bizitzeko molde berezi bat ematen baitit, irakatsi baitit nire onena ematen, ekipoarentzat eta ekipoarekin sufritzen, leher egina naizenean gehiago ematen, elkar laguntzen, momentu txarretatik elkarrekin aitzina segitzen, finkatu helburu eta ametsak taldeko pertsona bakoitzarengatik bizitzeko borrokatzen.

Liga bihar hasiko dugu, Madrilen. Ilusio handiz aterako gara uretara, joan den azarotik egin dugun lan guziak fruituak ekarriko dituen esperantzan.

Beste denboraldi bat hastear doa eta horrekin batera istorio berri eta polit baten lehen palakadak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA