Ainhoa Etxenike
Iparra galdu gabe

Ziklo baten bukaera

2026ko irailaren 15a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain bai, 2025-2026ko denboraldia ofizialki bukatu da. Iazko azaroan hasi genuen lan guziari bukaera eman diogu Kontxako bigarren igandearekin, baina baita bestarekin ere, tradizioak nahi duen bezala. Bat-batean, arrats eta asteburuero ez dugu gehiago uretara joan beharko, ez entrenatzera eta ez lehiatzera ere. Bigarren bizia hasiko zaigu orduan, non norberak hautua ukanen duen nahi duen guzia egiteko, nahi duenean eta nahi duen bezala. Hamar hilabetez arraunean seriosa eta zorrotza izan ondoan, hilabete bat eta erdiz haurtzaroko udako opor luzeak bezala heldu zaizkigu —eta aldi berean motzak ere direnak—, non eguneroko gauza arruntez bikoitza gozatuko dugun.

Batzuentzat hilabete bat eta erdiko pausa baizik ez da izanen, beste batzuentzat pausa luzeagoa, edo kasu batzuetan definitiboa ere. Erabaki horren hartzea beti da konplikatua, norberari dagokio baloratzea bere eguneroko bizitzan arraunari leku handi hori beste behin emateko aukera eta sustut nahikaria duen.

Anartean, bihotzez eskertu nahiko nuke nire ekipoa, urte zoragarri honetan bizi izan dugun momentu bakoitzarengatik. Elkarrekin egindako ibilbidea luzea eta, aldi berean, biziki motza izan da, gorabeheratsua, baina elkarrekin eraiki dugunaz harro izatekoa bada. Nire Ipar Euskal Herriko taldearekin lehiatzeko aukerarik ez dudan honetan, aurten etxean bezala sentitu naiz urdinez beztiturik.

Hori guzia oraintxe bukatu bada ere, hilabete eta erdiko pausa hori ezinbestekoa ukanen dugu, tarte batez kirolik ez egin, arraunaz deus ez entzun eta bizitzaz beste molde batez gozatzeko beharra ukanen dugu, heldu den urtean berriz ere beste kapitulu baten irekitzeko, abentura berri honen parte izan nahiko dutenekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA