maider ilarregi fernandez
Hari baten gainean

Itxiera

2024ko abuztuaren 13a
05:00
Entzun

Plazer handiz erreparatu diet Parisko Olinpiar Jokoei. Basamortu apolitikoan, beste behin, polemikak zentroa hartu du. Pertseiden modura, etorri eta joan egiten diren diskurtsoak izatea nahiko lukete zenbaitek; baina urtero iristen da abuztua, eta aldiro jartzen gara zeruari begira. Antza, gauza batzuk ezin dira ekidin eta mundua ezin da bere errotaziotik desbideratu, aldiro pasatuko da P109/Swift-Tuttle kometaren orbitatik. Errauts horiei begira, desirak eskatzeko ohitura dugu.

Geldiezina da. Kirolean normatibitate zuri-okzidentala lehertzen ari diren atleta kopurua handituz doa. Eta ni, ezin kabitu. Eliteko kirolari borondate politikoa falta zaio, pertsona trans eta intersexek modu ez-traumatikoan parte har dezaten. Emakumea izatearen iruditeria zabalduz goazen heinean ere, mehatxu bat izan ez daitezen ikuslearen begientzat. Desinformazioari eta demagogiari formatuz erantzun behar diogu; eta federazioen debekuak gainditu. Norma zabaldu egingo dugu eta salbuespenetik atera.

Bi momentu oroitu nahi ditut, epikoak izateaz gain, erreferentzialtasunaren indarra dutelako. Dagoeneko ezaguna zaigun Imane Khelif boxeolariak Angela Cariniri ematen dion ukabilkada ez da kolpe soil bat. Aljeriak Italiari egindako erakustaldi bat ere bada. Mediterraneoa izanik bi herrialdeak banatzen dituen muga, merezita daukaten mendekua.

Alice Bellandi judoka Italiarrak ere harmailetan zegoen bere bikotekideari maitasun musu bat eman zion Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren aurrean, urrezko domina irabazi zuenean. Kasu honetan ere, keinu lesbiko hori Italiako eskuin muturreko politika lesbofoboen aurkako ikur izan liteke. Beste herrialdeei ere abisua igortzen die, «hemen izango gaituzue» esanez. Mauresmo izan genuen aitzindari; eta 25 urte pasatu badira ere, heterosexuala ez izateak hautsak harrotzen jarraitzen du. Esan dezatela gero ez dugula zer borrokatua.

Badakit geroz eta jende gehiago gaudela gora begira Pertseida horiek nola pasatzen diren ikusteko zain. Ziur nago atzo horietako asko haur eta gazte queer-ak zirela, begiak indarrez itxi eta hurrengo Olinpiar Jokoetan haiek parte hartuko dutela desiratuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei.Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.