Gaztea izanagatik dagoeneko arrastoa utzi du atletismoan Ander Garaiarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 2007). Iaz, esaterako, balentria egin zuen; izan ere, Europako txapeldun izan zen 20 urtez azpiko 100 metroko proban. Adina dela eta, aurten nagusiekin lehiatzea dagokio, baina, iskiotibialetan dituen arazo batzuen ondorioz, ez da ari nahiko lukeen bezala. Orain arte ez du lasterketa asko egiteko aukerarik eduki. Hala ere, pozik dago jokatutako probetan egindako lanarekin: «Ez da haiekin lehiatzen naizen lehen aldia, eta haien mailan ikusten dut neure burua».
Arazo fisiko horien ondorioz, ez du entrenamendu gogorrik egiteko aukerarik izan. Kirolariarentzat funtsezkoa da lehiatu aurretik prestatzea, eta aitortu du «zaila» egin zaiola minez aritu behar izatea. Orain berreskuratze prozesuan da. Azaldu duenez, gorabeheratsua izaten ari da prozesu hori, eta hainbat aditurengana joan behar izaten du: «Aurrena, Tolosako fisioterapeuta batengana joaten nintzen. Hark egin beharrekoak esaten zizkidan, baina lesioa ez zen behar bezala osatzen». Horren ostean, Bartzelonara jo zuen, espezialistekin bildu eta beste ikuspuntu batzuk izateko.
Pistan nahi bezain beste entrenatu ezin badu ere, gimnasioan ari da lanean, eta horren garrantzia azpimarratu du. Hala ere, 19 urte besterik ez du Garaiarrek, eta gorputza garatzen ari zaio oraindik; horregatik, zuhurtziaz egiten ditu ariketak: «Ez dut uste nire entrenatzaileak gimnasioan ordu asko aritzea nahiko duenik». Gimnasioan aritzen denean ariketa espezifikoak egiten ditu: «Orain, normalean egiten ditudan ariketak egiten ari naiz. Horrez gain, iskiotibialak indartzeko lanak ere egiten ditut».
«Ez dut uste nire entrenatzaileak gimnasioan ordu asko aritzea nahiko duenik»
ANDER GARAIAR Atleta
Entrenamenduen helburua hobetzea izaten da. Garaiarrek dohain ugari ditu, eta hala erakutsi du azken urte honetan. Hala ere, gaztea izanik badaki oraindik baduela zer hobetu, eta horretan aritu da, hain justu: «Lehenik eta behin, iskiotibialak osatzea izango da helburua. Aurtengo denboraldian hobeto moldatzen ari naiz irtetean, baina horretan ere badut zer hobetu».
Lan saioei dagokienez, denboraldikoak eta denboraldiaurrekoak ez dira berdinak. Asteko plangintza nolakoa izaten den kontatu du Garaiarrek: «Astelehen, asteazken eta ostiraletan abiadura entrenatzen dugu. Astearte eta ostegunetan, aldiz, gimnasioan aritzen gara». Abiaduran egiten dituzten saioen prozesuaz ere aritu da Oiartzungo atleta: «Entrenatzailea kronometroari begira egon ohi da, eta, egiten dugun denboraren arabera, modu batera edo bestera antolatzen ditu entrenamenduak». Oraindik osatzen ari den arren, aurrera begira dago Garaiar, eta etorkizunerako helburuez mintzatu da: «Hau guztia igaro ostean, lehengo mailara itzultzea gustatuko litzaidake. Lehenik eta behin, Espainiako Txapelketa izango dut, eta hor Munduko Txapelketara sailkatzeko denbora ezartzea izango dut helburu».
Estadioko konponketak
Anoetako estadio txikian egin ohi ditu entrenamenduak Garaiarrek, Donostian. Garaiarrek ordu ugari igarotzen ditu bertan. Orain hilabete batzuk, baina, tokia berritzeko konponketei ekin zieten, eta bertan entrenatzen duten kirolariek beste gune batzuk bilatu behar izan dituzte lan saioak aurrera eramateko. Oiartzungo atletak nola moldatu den azaldu du: «Neguan zehar Donostiako belodromoan aritu gara 100 eta 200 metroko probetarako entrenatzen. Kanpoko saioak egiteko, aldiz, Lasarte-Orian eraiki duten pista berrian eta Hernanin aritu gara». Orain berriro inauguratu dute, eta han ari dira entrenatzen.
«Gehiago bidaiatzen dut orain. Aste honetan Bartzelonara etorri naiz, eta joan den astean Guadalajarara joan nintzen lehiatzera»
ANDER GARAIAR Atleta
Atletek hainbat pistetan lehiatu behar izaten dute, eta funtsezkoa da bakoitzera ahalik eta ondoen egokitzea. Hala ere, entrenatzeko gune jakin bat eduki eta ondoren beste leku batera joan behar izateak eragina du, eta Garaiarrek aldea sumatu du Lasarteko pistaren eta Hernanikoaren artean: «Aldea nabaritu dut; izan ere, Anoetako pistara ohituta nengoen. Pista batzuek lur gogorragoa dute, eta beste batzuek, bigunagoa».
Entrenatzen eta lehiatzen igarotzen du egunaren zati handi bat Garaiarrek. Alde horretatik, ohiko bizimodua darama iaz Europako txapeldun izan zen arren: «Ez zait bizitza aldatu. Lehen egiten nuen horretan jarraitzen dut». Europako txapeldun denez, nolabaiteko sona du kirolariak, eta horrek aukera eman dio hainbat leku ezagutzeko: «Gehiago bidaiatzen dut orain. Aste honetan Bartzelonara etorri naiz, eta joan den astean Guadalajarara joan nintzen lehiatzera». Batera eta bestera etengabe mugitu behar izatea zaila izaten da hasieran. Garaiarrek hori guztia nola kudeatzen duen kontatu du: «Ongi ari naiz. Hasieran, apur bat nekagarria egiten zitzaidan astero bidaiatu behar izatea. Baina horixe egin behar dut, eta egokitu beharra dago».