Arrauna. Kontxako Bandera

Ane Makazaga eta Unax Larrañaga: arraunaren tenpluan lehen aldiz

Lehen aldiz ari dira Makazaga eta Larrañaga Kontxan, Zarautzen bata eta Ondarroan bestea. Lehen jardunaldian «sufritu» eta «gozatu» egin zuten, eta oraindik «sinistu» ezinik dabiltza.

Ane Makazaga Zarauzko arraunlaria eta Unax Larrañaga Ondarroakoa, Zarauzko Arraun Elkartearen aurreko arrapalan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ane Makazaga Zarauzko arraunlaria eta Unax Larrañaga Ondarroakoa, Zarauzko Arraun Elkartearen aurreko arrapalan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Aia
2026ko irailaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arraunlari ororen ametsa da noizbait Kontxan aritzea, arraunaren tenplua baita. Bertan sortzen den giroak eta duen tradizioak egiten dute berezi estropada. Kontxako lehen aldia gogoan izaten dute arraunlariek, eta aurten ere badaude estreinakoz ari diren zenbait. Horietako bi dira Ane Makazaga (Zarautz, Gipuzkoa, 2004) Zarauzko arraunlaria eta Unax Larrañaga (Azkoitia, Gipuzkoa, 2003) Ondarroakoa.

Lehen jardunaldian, Zarautz zazpigarren sailkatu zen emakumezkoen estropadan, eta Ondarroak zortzigarren egin zuen gizonezkoen lehian. Makazagak aurkarien maila azpimarratu du: «Gu ETE ligan aritu gara, eta gainontzekoek, Euskotren ligakoak izanik, maila altuagoa dute. Ondorioz, exijentzia handitu egin zen. Gogorra izan bazen ere, gozatu egin genuen». Larrañagak, berriz, zaleen bultzadak piztu zien grinaren inguruan hitz egin du: «Arraunlari guztiok aritu nahi izaten dugu Kontxan. Ondarroako zale asko etorri ziren, eta horrek piztu egin gintuen».

Kontxarako sailkatze estropadan, bi taldeek zazpigarren postu preziatua eskuratu zuten. Ondarroak bi urtez sailkatu gabe egon ondoren lortu zuen berriro sailkatzea. Arraunlariak kontatu du «zaila» dela azaltzen barruan egoteak emandako poza, eta, horregatik, Kontxako bi asteburuak lortu dutena «ospatzeko» baliatu nahi dituztela.

Zarautzek joan den denboraldiko «arantza» ateratzea zuen xede, «akats» bat tarteko Kontxatik kanpo geratu baitzen. Zarauzko arraunlariak «pozik» zeuden sailkatze estropadaren ondoren, eta Makazagak azpimarratu du Donostiara animatzera joan ziren zaleak gogoan izan zituztela «une oro».

«Arraunlari guztiok aritu nahi izaten dugu Kontxan. Ondarroako zale asko etorri ziren, eta horrek piztu egin gintuen»

UNAX LARRAÑAGA Ondarroako arraunlaria

Jende ugari hurbiltzen da Donostiara iraileko lehen bi igandeetan. Estropada horren unerik zirraragarrienetako bat kaiko arrapalan arraunlariek eta zaleek lehiaren ostean bat egiten dutena izaten da. Larrañaga eta Makazaga aurretik egonak ziren Kontxako estropadako giroan murgilduta, baina aurtengoa da arraunlari gisa hori bizi izan duten lehen aldia. Makazaga oraindik bizitakoa barneratzen ari da: «Zaila egiten zait traineru barruan doana ni naizela sinestea. Amets bat da, egia bihurtua. Bertan arraunean dabiltzanak eredu dira, eta arraunean ari dena zu zarela ikustean garrantzia kentzen diozu, baina sekulakoa da». Larrañaga ere ados dago: «Kanpotik ikusten nuenean haien lekuan egon nahi nuen, baina barrutik bizitzean garrantzia kentzen diozula esango nuke».

Igandean, oro har, normaltasunari eutsi zioten. Hala ere, Makazagak zerbait berezia sentitu zuen: «Ohiturak aldatu ez bagenituen ere, normalean baino urduriago egon nintzen». Larrañagak, berriz, beti otordu bera egiten du estropada bezperan; Kontxako Banderarako, ordea, egun bat aurreratu zuen, taldeko arduradunek hala eskatuta: «Estropaden bezperan jaten duguna bi egun lehenago jateko esan ziguten. Hori izan zen aldaketa bakarra». 

Larunbatean biek estropada aurreko azken lan saioa izan zuten. Ondarroako arraunlariak goizean nola esnatu zen kontatu du: «Urduri nengoen. Etxeko zereginak egiten aritu banintzen ere, une oro Kontxa nuen buruan». Ostegunean sailkatzea lortu ostean, beste modu batera bizi izan zuen larunbata Zarauzko arraunlariak: «Lasai nengoen. Osteguneko saioan presioa genuen, baina behin hori lortuta gure helburua ahalik eta mailarik onena ematea zen».

«Zaila egiten zait traineru barruan doana ni naizela sinestea. Amets bat da, egia bihurtua»

ANE MAKAZAGA Zarauzko arraunlaria

Arraunzaleak dira Makazagaren eta Larrañagaren familiak. Zarauztarraren bi ahizpak ere, Maddi eta Saioa, Zarauzko traineruan aritzen dira, eta Larrañaga umea zenetik joan izan da familiarekin Kontxako estropada ikustera. Badu orduko oroitzapenik: «Ez dut gogoratzen zein urte zen, baina gogoan dut amarekin Aquariumean ikusi nuen Kontxako estropada bat. Orduan ez nekien zer zen arrauna. Donostian geundenez, Donostiarraren alde nengoen, baina inguruan Orioko kolore horia zen nagusi». Makazagak, berriz, «parrandarekin» lotzen du, baina, era berean, «egun bereziak» direla nabarmendu du.

Ezberdina batzuentzat

Emakumezkoek, ligan bezala, ziaboga bat eta bi luze egiten dituzte Kontxan. Gizonezkoek, aldiz, estropadaren luzera berdina bada ere, ziaboga bakarra egiten dute Kontxan, eta horrek gogortu egiten du lana. Igandekoa fisikoki «ahalegin handiko» estropada izan zela esan dute biek. Makazagak errekako estropaden pare jarri du, eta Larrañagak eremuan zein berezitasun ikusi zuen kontatu du: «Normalean itsasoko estropadetan kanpora arraun egiteak ahalegin handiagoa eskatzen du, eta barrura errazago joaten gara. Kontxan, ordea, ibilbide osoa da gogorra». 

Igande honetan jokatuko da Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia. Joan den igandean jende andana hurbildu bazen, oraingo honetan zale are eta gehiago joango dira egunaz gozatu eta arraunlariei babesa ematera. Igandea egun ederra izango dela aurreikusten du Makazagak: «Berezia izango da. Lortzen dugun emaitza lortuta ere, harro egongo gara, eta zaleak ere hala egongo dira. Ilusioz gaude». Larrañaga ere igandea heltzeko gogoz dago: «Bigarren igandea izaki, jende gehiago bertaratuko da. Kontxak sortzen duen presioa gainetik kendu eta gozatzeko eguna izango da. Amaitzean, ahal dugun heinean lehiaz deskonektatu ere egingo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA