Historia errepikatu egiten dela diote. Duela hamar urte, Sepango zirkuitura egindako bisitaldian, Mercedes motorraren hutsegite batek 1 Formulako Munduko Txapelketa irabazteko kasik aukerarik gabe utzi zuen Lewis Hamilton, eta Nico Rosberg taldekideari titulurako bidea erraztu zitzaion. Lasterketa Red Bull taldeko auto batek irabazi zuen, baina titulua Mercedeseko bi gidarien artean zegoen. Hamar urte aurrera egin, eta George Russellek garaikurra lortzeko zituen itxaropen apurrak zapuztu egin ziren igandean, Malaysian. Max Verstappenek irabazi zuen lasterketa, Red Bulleko gidarietako batek. Kimi Antonelli, berriz, lehen postuan sendotu zen, eta datorrenari aurre egiteko prest dago.
Erraza da historia irakurtzea, iraganeko kondairen behaketa den neurrian. Etorkizunean gertatuko denaz, ordea, adimen artifizialak ere ez du ziurtasunik. Eta eskerrak. Gizakiaren esku daude gertaera asko, eta 1 Formulako Munduko Txapelketan gertatuko dena da horietako bat. Jokatuko ote dira urteko azken bi lasterketak? AEBetako armadak base militarrak dituzte Qatarren eta Arabiar Emirerri Batuetan. Mapa hartu eta agerikoa da Ormuzko itsasartetik oso gertu daudela biak ala biak. Bahrain ere inguruan dago, eta apirilean bertan jokatzekoa zen lasterketa bertan behera geratu zen. Hain zuzen ere, sari nagusi hori Malaysian jokatu zen joan den asteburuan, Bahraingo Sari Nagusiaren izenarekin, hain justu.
Inork ez du pausoa eman nahi
Azaro amaierarako eta abendu hasierarako daude aurreikusita Qatarko eta Abu Dhabiko sari nagusiak. Berriki, 1 Formulako Munduko Txapelketaren zuzendari nagusiak, Stefano Domenicalik, bi lasterketa horiek aurreikusi moduan jokatuko direla adierazi zion Sky-ren Italiako telebista kateari. Ondo neurtutako hitzak izan ziren, diru kopuru oso handiak baitaude jokoan. Edozein antolatzailek 1 Formula lasterketa bat egutegian sartzeko, 30-40 milioi euroko tarifa ordaindu behar du. Zer gertatzen da lasterketa bat bertan behera geratuz gero?
Bada, sari nagusia bertan behera uzteko erabakia Nazioarteko Automobilismo Federazioak edo Munduko Txapelketaren antolatzaileek hartzen badute, lasterketaren promotoreak ez du tarifa hori ordaindu beharko. Aldiz, erabakia promotoreak hartuko balu, tarifa ordaindu beharko luke. Beraz, nork hartuko du bi sari nagusi horiek bertan behera uzteko erabakia? Bada, inork ez, 30-40 milioi galduko lituzkeelako.
Horregatik, bi aldeek ahalik eta gehien luzatu nahi dute erabakia hartzeko momentua, eta, ahal bada, besteak har dezala. Bahraingo lasterketa bertan behera uzteko erabakia bi aldeek hartu zuten, eta hala inork ez zuen zigor ekonomikorik jaso. Zergatik? Beste data batean jokatzeko aukera aipatu zutelako. Irekita utzi zuten aukera hori. Orain zailagoa dute hori egitea, urte amaieran Europan eguraldia ez delako ona izaten, eta ondorioz ez dago halako lasterketa bat egiteko zirkuitu egokirik. Imolan jokatzeko aukera aipatu da, baina inolako ziurtasunik gabe.
Zenbat lasterketa falta dira?
Antonelli Sepangetik sendotuta atera bada ere, Toto Wolff taldeko nagusiak esan zuen inoiz izan duen astebururik txarrena izan zela. Mercedesek apenas txertatu dituen hobekuntzak autoan denboraldi osoan. Izan ere, haien agintea nabarmena izan da. Baina paddock-ean bazen kezka eta izua. Hala, urteko hobekuntza sorta bakanetakoa eraman zuten Malaysiara, beren nagusitasuna eta aldea are gehiago handitzeko. Egindako apustua, ordea, erabat aldrebes atera zitzaien: abiadura galdu zuten zuzenguneetan nahiz bihurguneetan. Huts egitea gauza normala da. Baina zerak eragiten du kezka: hutsegite horren jatorrizko arrazoia. Hain okerrak al dira Mercedesen eredu matematikoak?
Verstappen berriro berandu
Red Bullek urteko lehen garaipena lortu zuen asteburuan, hasieratik amaiera bitarte nagusi izanda. Etxean egindako motor batekin korritzen duzun lehen denboraldian garaipena lortzea sekulako lorpena da. Abisatzen ari zen, azken sei lasterketetatik bostetan podiumean amaitu baitzuen. Lehen bederatzi lasterketetan behin bakarrik zapaldu zuen podiuma. Austrian izan zen, bere etxean. Ordutik gorantz egin du autoak, batez ere udako etenaldiaren bueltan; iaz bezala, hain justu. Aurkariak baino askoz hobeto aritu ziren bigarren erdialdean, eta titulua bi puntura izan zuten Abu Dhabin. Denboraldiaren lehen zatia nola joan zen ikusita, ezinezkoa zirudien.
Aurten hori ez da posible izango. Batetik, aldea askoz ere handiagoa da; eta, bestetik, Antonellik ez du Piastrik izandako txakalaldirik izan. Verstappen seigarren da oraingoz txapelketan, Norrisekin berdinduta. Gora egingo du sailkapenean: hirugarren edo bigarren postura igo daiteke, agian. Russell eta Hamilton daude postu horietan gaur-gaurkoz. Antonelli, ordea, ez du harrapatuko.