Luis Miguel Ramisek ez du eskarmenturik Espainiako Lehen Mailan, eta, hasieran, beste teknikari batzuk ageri ziren Osasunako agintarien agendan. Horiek horrela, entrenatzaile kataluniarra izendatu izanak hotz samar utzi ditu zale gorritxoak. Ramisen fitxaketa ilusioz hartu duenik ere bada, ordea. Horietako bat da Ander Cantero (Iruñea, 1995). Entzun beharrekoak dira haren esanak, Osasunako jokalari ohia eta klubeko bazkidea izateaz gain, azken bi denboraldietan Ramisen aginduetara ibilitakoa baita, Burgosen. Arrotxapeko atezainak oso begi onez dakusa Osasunak Ramisen alde apustu egin izana. «Poz handiz hartu dut haren izendapena. Azken bi denboraldietan gurekin izan da, Burgosen, eta merezi zuen Lehen Mailako talde baten eskaintza jasotzea. Teknikari aparta da».
Ramisek hamar urte egin ditu jarraian Bigarren Mailako prestatzaile gisa. Almeria, Albacete, Tenerife eta Espanyol zuzendu ditu, besteak beste. Eta gauza handia egin du denboraldi honetan: Lehen Mailara igotzeko kanporaketen atariraino eraman du Burgos. «72 puntu lortu ditugu; kopuru horrekin, zuzenean igoko ginatekeen azken hamar denboraldietatik seitan, eta bitan txapeldun izan. Ez da inoiz gertatu talde batek horrenbeste puntu lortu eta kanporaketa postuetatik kanpo geratzea. Halakoa da futbola, baina oso harro gaude egin dugun denboraldiaz», azaldu du Canterok. Ramisen jardunak atentzioa eman die zuzendari gorritxoei, eta ez dira damutuko hartu duten erabakiaz. Hala uste du, bederen, atezain nafarrak. «Ez nuen hura joaterik nahi, Burgoseko atezain naizen heinean. Baina Osasunako bazkide gisa, oso berri lasaigarria da. Uste dut bete-betean asmatu dutela hura fitxatuta. Ramis eta haren lantaldea prest daude Lehen Mailako talde batean arrakasta izateko».
Elitean esperientzia falta izanik ere, gabezia hori ilusioarekin orekatu dezake entrenatzaile kataluniarrak. «Oraindik ez du zuzendu Lehen Mailako talderik, baina alde ona ere badu horrek: bere bizitzako aukera eman dio Osasunak, eta ahal bezain ongi baliatu nahiko du. Haren laguntzaileekin hitz egin dut, eta sekulako gogoa dute lanean hasteko. Oso exijenteak eta profesionalak dira». Entrenatzaile gisa ez, baina jokalari gisa elitean aritua da Ramis; Real Madrilen eskutik iritsi zen gorenera, eta 1999-2000ko denboraldiko liga irabazi zuen Deportivorekin. «Bada nor futbolean, eta badaki Lehen Mailako jokalariekin nola lan egin. Talde barruko egoerak oso ondo kontrolatzen ditu», nabarmendu du Canterok.
«Bada nor futbolean, eta badaki Lehen Mailako jokalariekin nola lan egin. Talde barruko egoerak oso ondo kontrolatzen ditu»
ANDER CANTERO Burgoseko jokalaria
Gakoetako bat egunerokoan duen jokaera pasiboa da. «Ardura laguntzaileen esku uzten du maiz, eta behatzaile rola hartu. Agian txorakeria bat dirudi, baina jokalariok asko eskertzen dugu bestelako ahotsak entzutea. Entrenatzailea beti gainean baduzu, zuzenketak eginez, erre egiten zara azkenean, eta ez zaude horren adi partiden aurretik argibideak ematen dizkizunean». Bestelakoa da Ramisen estiloa. «Entrenamenduetan zenbait gako ematen dizkizu, partidetan suerta daitezkeen egoerekin zerikusia dutenak, baina ez zaitu itotzen. Gero, azken ukituak ematen ditu partidaren egunean, eta oso ona da motibazio giroa sortzen».
Sendotasuna du ardatz
Nortasun aldetik, «gertukoa eta umila» da Ramis, eta «koherentea» omen da hala jokalariekin nola komunikabideen aurrean. «Talde barruan dioena bat dator prentsa aretoan dioenarekin, eta hori garrantzitsua da jokalariontzat. Ez du arazorik jendaurrean azaltzeko partidak nola prestatu dituen, eta jokalariok aste barruan entzuten duguna errepikatzen du». Era berean, etxean zein kanpoan jokatu, plan berari eusten dio. Alde horretatik, irtenbidea eman beharko dio Osasunaren etxetik kanpoko ezinari. «Argi uzten dizu zer egin behar duzun zelaian lasai egoteko eta gauzak kontrolpean edukitzeko. Horri esker, oso sendo aritu gara bisitari gisa [Bigarren Mailako bisitaririk onenetan hirugarrena izan da Burgos]».
«Osasunak asko jokatu du bere zelaian Liscirekin, eta Sadarreko harmailek beste zerbait eskatzen dute. Ramisen estiloa egokiagoa da»
ANDER CANTERO Burgoseko jokalaria
Sendotasuna da, hain zuzen, Ramisen oinarrietako bat. Burgosi 33 gol egin dizkiote sasoi honetan, beste inori baino gutxiago Bigarren Mailan. Estilo horrek mesede egin diezaioke Osasunari. «Sasoi honetan, errazegi egin diote min, eta horrek txikiagotu egin du talde moduan. Kontrara, defentsan sendo egonik, hazi egiten zara, eta errazago egiten duzu gainontzeko guztia. Guk oso mekanismo onak izan ditugu gure zelaian defendatzeko».
Dena den, Canterok ez du uste Osasuna talde guztiz defentsiboa bihurtuko denik. Kontrara, zale gorritxoek sasoi honetan baino zirrara handiagoa sumatuko omen dute. «Osasunak asko jokatu du bere zelaian Liscirekin, eta Sadarreko harmailek beste zerbait eskatzen dute. Ramisen estiloa egokiagoa da: nahi izaten du baloia aurkariaren zelaian egon dadin, joko zuzenaren eta presioaren bidez. Teknikari argia da, eta badaki non ariko den». Alde horretatik, harrobia ere aintzat izango ote du? «Burgosen, behintzat, hala izan da. Konfiantzaz eta natural jokatu du harrobiko gazteekin. Denbora ematen badiote, beste horrenbeste egingo du Osasunan».