Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %60 murriztuta egongo da aurrerantzean ere futbol zelaien edukiera

EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du edukiera murrizketa behin-behinean bertan behera uzteko eskaera.

Anoetako Aitor Zabaleta harmailako zaleak, pasa den igandean, Realak Elxeren aurka jokatu zuen partidan. JON ORDOñEZ GARMENDIA
jon ordonez garmendia
2021eko urriaren 1a
11:25
Entzun

Oraingoan ez. Pandemia honetan zenbait aldiz egin dio kontra EAEko Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzari, murrizketa batzuk apalduz edo bertan behera utziz. Baina gaur ez du aintzat hartu futbol zelaietako edukiera murrizketa bertan behera uzteko eskaera, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako futbol zelaietan eutsi egingo zaio %60ko edukierari.

Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Kontseiluak, aste honetan, futbol zelaien edukiera ehuneko ehunera handitzea erabaki du, baina Eusko Jaurlaritzak erabaki du hiru herrialde horietan %60 murriztuta egongo dela aurrerantzean ere. Erabaki hori auzitara eraman du Espainiako gizonezkoen futbol txapelketa nagusiak, La Ligak, eta eskatu du edukiera ehuneko ehunera handitzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak bere argudioak aurkeztu bitartean, %60ko murrizketa bertan behera uzteko eskatu du. Hori, ordea, atzera bota du gaur eguerdian EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.

Auzitegiak ebatzi du ez dagoela berebiziko presarik behin-behineko neurri hori hartzeko, eta Eusko Jaurlaritzak bere argudioak aurkeztu bitartean, %60ko murrizketari eutsiko zaio. Hala jokatuko da gaur Athleticen eta Alavesen arteko derbia San Mamesen, 21:00etan.

Ikusi egin beharko da zer gertatzen den Jaurlaritzak bere argudioak aurkeztu eta auzitegiak mamiari heltzen dionean. Duela bi aste edukierak handitu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak, Espainiako Lurralde Kontseiluak edukierak %60ra handitzea erabaki ondoren, Iñigo Urkulluren gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %30era murriztu nahi izan zuenean.

Orduan ere helegitea aurkeztu zuen Espainiako Futbol Liga Profesionalak, gizonezkoen futbol profesionala kudeatzen duen enpresak. Jaurlaritzak argudiatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan edukiera finkatzea bere eskumena dela, eta edukiera handitzeko, egoera epidemiologikoaz gain, beste aldagai batzuk hartu behar direla aintzat. Gainera, arrazoitu zuen Espainian %60koa dela esateak ez duela esan nahi horrek izan behar duenik, baizik eta gehienez izan behar duela.

Ostalaritzaren itxieraren kasuan bezala, baina, EAEko Auzitegi Nagusiak Jaurlaritzaren erabakiaren kontra egin zuen, eta irailaren 15etik San Mamesen 32.000 zale inguru sartu dira, Anoetan 23.700 inguru, Mendizorrotzan 9.900 inguru eta Ipuruan,4.900 inguru.

Sadarren 14.000 zale inguru egon dira harmailatan azken bi asteetan, baina Nafarroako Gobernuak ez dio eragozpenik jarri edukiera ehuneko ehunera handitzeko erabakiari, eta bihar harmailak bete ahal izango dituzte zale gorriek Rayoren aurkako partidan: 23.576 lagunentzako tokia du. Are gehiago, gaurtik bestelako murrizketarik ere ez da Nafarroan eta bertan behera dira izurriari kontra egiteko indarrean ziren neurri guztiak, hala nola ordutegiekin eta talde bilkurekin lotutako mugak.

Jaurlaritzak, argudio berberei eutsi die

Duela bi asteko aurrekaria egon arren, Eusko Jaurlaritzak aste honetan argudio berberekin eutsi dio %60ko murrizketari. Radio Euskadiri emandako elkarrizketan, Gotzone Sagardui sailburuak berriro esan du Lurralde arteko batzordeak ezarritako edukierak gehienezkoak direla, eta erkidegoek halako ikuskizunetan ikusle edo zale kopurua zehazteko eskumena dutela. «Guk oso argi dugu ikuspegia. Hemen erabakitzea dagokigu». Era berean, errepikatu zuen erkidego bakoitzak bertako bilakaera epidemiologikoaren arabera neurriak egokitu ditzakeela: «Zuhurtzia handiagoz jokatu behar dela uste duten erkidegoak daude».

Hala eta guztiz ere, litekeena da datorren astean Eusko Jaurlaritzak ere murrizketa guztiak bertan behera uztea. Iñigo Urkullu lehendakariak gaur esan du asteartean larrialdi egoera amaitutzat ematea espero duela, intzidentzia datuek laguntzen badute, eta, haren esanetan, horrek indargabetu egingo lituzke COVID-19ari kontra egiteko ezarriak diren neurri gehienak; hala nola edukieren, ordutegien eta pertsonen arteko bilkuren gaineko mugak.

Edukierak ehuneko ehunera handituta San Mamesen 53.289 zale sartu ahal izango lirateke; Anoetan, 39.500; Mendizorrotzan 19.840 eta Ipuruan 8.164. Amorebietak ere jokatzen du Espainiako liga profesional batean, Bigarren A Mailan, baina murrizketek ez diote eragin besteei bezala, Urritxe futbol zelaiaren edukiera 5.000tik beherako delako: 3.000.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.