Araski ataka estuan dago. Azken 11 partidetan garaipen bakarra lortu du —IDK Euskotrenen aurka—, eta sailkapenean azken-aurreko postuan dago. Made Urieta Araskiko entrenatzaileak (Amurrio, Araba, 1981) adierazi du taldea «ondo» lehiatzen ari dela, baina parean dituzten aurkariek «maila handia» dutela: «Neurketaren une erabakigarrietan, jaurtiketak egiteko ardura hartuko duen jokalari baten lidergoa falta zaigu». Hainbat jokalari ikusten ditu horretarako prest: Mama Dembele, Sami Hill, Alexy Mollenhour eta Dominique Toussaint. Jaitsiera postuetatik alde egin —azken bi sailkatuak zuzenean jaisten dira mailaz— eta bolada txarra amaitzeko, gaur aurkari zuzen baten aurka neurtuko ditu indarrak Araskik, etxetik kanpo, Kanaria Handiaren kontra (19:00). Gaurko aurkariak hiru garaipen ditu; arabarrek, berriz, bost.
Joan den abenduaren 3tik burua altxatu ezinik dabiltza gasteiztarrak. Nolanahi ere, entrenatzaileak nabarmendu du taldeak «oso ondo» jarraitzen duela lanean egunerokoan: «Azken asteetan baino hobeto ari gara. Normala da sailkapenarekin kezka hori izatea, baina hortik ateratzeko gogotsu gaude».
Erreboteen kontrola
Galdu zuten azken partida Ensinoren aurka izan zen, 55-71. Araski bete-betean aritu zen 30 minutuz: ondo lehiatu zen Lugoko taldearen aurka. Baina azken minutuetan ezin izan zion erritmoari eutsi. Horri lotuta, Urietak adierazi du Ensinoren aurkako azken laurdena aurrez esan duenaren isla dela: «Baloiarekin zirt edo zart egin behar denean, kostatzen ari zaigu jaurtiketak egingo dituen jokalaria topatzea». Xehetasun txikiak hobetzean ere jarri du arreta: «Erreboteak jasotzerakoan kontrol handiagoa izan behar dugu. Gainera, hainbat partidatan puntu asko egin dizkigute segidan. Hori ere zaindu behar dugu. Oinarrizko kontuak dira, baina ezinbestekoak partidak irabazteko».
«Erreboteak jasotzerakoan kontrol handiagoa izan behar dugu. Gainera, hainbat partidatan puntu asko egin dizkigute segidan. Hori ere zaindu behar dugu»
MADE URIETA Araskiko entrenatzailea
Joan den denboraldian Araskik azken jardunaldian lortu zuen kategoriari eustea. Talde hartatik bi jokalarik bakarrik jarraitzen dute: Montse Bretonesek eta Sam Hillek. Baina Urietak argi utzi du hori ez dela aitzakia: «Gainerako taldeetan ere berdin daude, eta, hala ere, horietako asko oso denboraldi ona egiten ari dira». Aurrera begira, hurrengo bost aurkarietatik, Araskik lau menderatu zituen lehen itzulian: Perfumerias Avenida (57-56), Lointek Gernika (58-55), Joventut (74-80) eta Leganes (64-70). Horietako hiru, Mendizorrotzatik urrun.
Dena den, Urietak ohartarazi du partida bakoitza «mundu bat» dela, eta orain Kanaria Handiaren aurka jokatuko dutena daukatela begiz jota: «Oso kantxa zaila da». Lehia irabazteko gakoez galdetuta, argi du hasieratik «bete-betean» aritu behar direla: «Indartsu eta energia handiz atera behar dugu. Errebotea kontrolatu behar dugu, eta Axelle Merceron gertutik zaindu. Haien jokalaririk erabakigarriena da».
Beste bi euskal taldeek ere gaur jokatuko dute. IDK-k Jairisen bisita izango du (18:00). Liga hasieran bikain aritu ostean, Donostiako taldeak behera egin du. Azken hamaika partidetatik bakarra irabazi du, eta titulurako kanporaketak jokatzeko postuetatik kanpo dago. Ez du erronka erraza, aurrean Jairis izango baitu. Sailkapenean laugarren dago Espainiako taldea. Partida berezia izango da Lara Gonzalez kapitainarentzat, klubaren historian partida gehien jokatu duen jokalaria izango baita gaurtik aurrera, Onintza Adurizekin berdinduta: 282. Gernika, berriz, Europatik kanpo geratu zen orain aste batzuk, eta indar guztiak titulurako kanporaketak jokatzean jarriko ditu. Gaur Ferrolen kontra arituko da etxean; une honetan, Galiziako taldea da kanporaketak jokatuko lituzkeen azkena (18:30).