Araskik, Gernikak eta IDK-k «Ilusioz baina zuhur» ekingo diote ligari

Hiru euskal taldeek bihar jokatuko dute lehen partida. Lucas Fernandezek, Made Urietak eta Azu Muguruzak ez dute epe luzerako helbururik jarri nahi izan. Eguneroko lanean jarriko dute arreta, liga «oso lehiatua eta exijentea» baita.

IDK-ko eta Araskiko jokalariak lehian, aurreko sasoian. GORKA RUBIO / FOKU
IDK-ko eta Araskiko jokalariak lehian, aurreko sasoian. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko urriaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Ohorezko Mailan ari diren hiru euskal taldeek, Lointek Gernikak, Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek, bihar ekingo diote ligari. «Ilusioz» baina «zuhur». Hala daudela adierazi dute hiru taldeetako entrenatzaileek: Lucas Fernandezek, Made Urietak eta Azu Muguruzak. Ilusioz daude, 30 jardunaldi dituztelako aurretik, helburuak pixkanaka betetzeko; zuhur, berriz, liga «gero eta parekatuago» dagoelako.

 

Lucas Fernandez, Lointek Gernikako entrenatzailea:

«Europan aritzea polita da, baina gure lehentasuna liga da»

«Ezohikoa». Halakoa izan da Lointek Gernikaren denboraldiaurrea, Lucas Fernandez prestatzaileak azaldu duenez. Bizkaiko taldeak Eurokopako atariko kanporaketa jokatu behar izan zuen duela egun batzuk, Greziako Pas Giannina taldearen kontra. Gernika nagusitasunez gailendu zen, eta dagoeneko multzoen faserako sailkatuta dago. «Kanporaketa hori jokatu behar genuela jakinda, lehen egitekoa zera izan zen: taldeak zituen indarguneak identifikatzea, eta horiei ahalik eta etekin handiena ateratzea».

Hori abiapuntu hartuta joan dira taldea egokitzen. «Lehiakor izateko moduan gaude». Fernandezek argi du nolako taldea izan nahi duten: «Defentsan talde indartsua, saiatua eta oldarkorra izan nahi dugu; baita errebote asko jasotzen dituena ere. Horrekin batera, erasoan bizi aritzeko asmoa daukagu, eta ez dugu erreparorik eduki nahi hirutik jaurtitzeko».

Argi dauka taldearen indarguneak zeintzuk diren: «Toki batean baino gehiagotan jokatu dezaketen jokalariak ditugu. Gure lana horri etekina ateratzea da». Eta zer falta zaie? «Denboraldi honetarako fitxatu genituen bi pibotek, Cameron Williamsek eta Taylor Jonsek, taldea utzi behar izan dute, lesio larriak izan dituztelako. Horren ondorioz, indarra eta altuera galdu ditugu uztaipean. Merkatuan begira ari gara, jokalariren bat ekarri beharko baitugu ezinbestean».

Estudiantes izango dute lehen aurkaria, bihar, etxean (18:30). «Bi taldeek fitxaketa asko egin ditugu. Beraz, zaila da aurreikuspenak egitea. Baina bere jokatzeko era ezarri eta behartu gabeko huts gutxien egiten dituen taldeak asko izango du irabazita».

Aurreko denboraldian ez zuten lortu ligako kanporaketetarako sailkatzea. «Hori lortzeko, taldeak erregularragoa eta lehiakorragoa izan beharko du». Kanporaketetarako sailkatu ez arren, Eurokopa jokatuko dute: «Europan jokatzea polita da, baina gure lehentasuna liga da. Europan aritzeak balio behar digu talde hobeagoa eta lehiakorragoa izaten».

 

Made Urieta, Kutxabank Araskiko entrenatzailea:

«Taldea ausartago aritzea sustatuko dut»

Made Urietak hamargarren denboraldiz zuzenduko du Araski. Dena den, lehenbizikoan bezala, «tximeletak» ditu sabelean. «Gogoz eta ilusioz gaude. Tximeleta horiek izatea funtsezkoa da. Gainera, aurkari oso on baten kontra hasiko gara: Perfumerias Avenidaren kontra, etxean. Klubak sarreren prezioa merkatu du, zaleak erakartzeko».

Taldea goitik behera aldatu dute. Bi jokalarik baino ez dute jarraitzen aurreko sasoitik: Sam Hillek eta Montse Bretonesek. Beste zortzi jokalariak berriak dira. Hori kontuan hartuta, denboraldiaurrean egindako lana funtsezkoa izan da. «Nire egiteko nagusia taldea egokitzea izan da, egunerokoan egiten duten lan horretan sinets dezaten, eta ezarri nahi dugun jokatzeko modua barneratu eta ulertu dezaten». Denboraldiaurre «ona» egin dute. «Jokalari batzuk min hartuta egon dira, eta beste batzuek gorabeherak izan dituzte bisarekin. Baina gustura nago ikusi dudanarekin».

Taldeak izango dituen ezaugarrien inguruan galdetuta, berehala erantzun du: «Jokalari biziak ditugu bai uztaipean, bai hortik kanpo; korrika egiten dutenak. Horri esker, baloia askotan edukiko dugu, eta aukera gehiago izango ditugu aurkariak ezustean harrapatzeko». Talde ausarta izango dela ere berretsi du. «Taldea gaztea izanda, nik hori sustatuko dut. Arreko denboraldietan baino askatasun handiagoa emango diet». Sami Hill, Mama Dembele eta Lotta-Maj Lahtine jokalari erabakigarriak izango direla uste du: «Montse Brotonsek bizitza eta saskibaloia ulertzeko duen modua ere oso gustuko dut, eta uste dut oso lagungarria izango dela taldearentzat».

Biharko norgehiagoka (19:00) honela aztertu du: «Garrantzitsua izango da ondo hastea. Oso adi egoteaz gain, bete-betean aritu beharko dugu hasiera-hasieratik. Gainera, irabazteko moduan gaudela sinetsi behar dugu».

Liga «gogorra eta parekatua» espero du. «Pentsa, igo diren bi taldeek, Esteponak eta Leganesek, diru asko inbertitu dute fitxaketak egiteko, eta multzo indartsuak osatu dituzte». Hala, eguneroko lanean jarri du arreta. «Jokalariei argi esan diet zer helburu izan behar dugun: entrenamendu eta partida bakoitzean hobetuz eta haziz joatea».

 

Azu Muguruza, IDK Euskotreneko entrenatzailea:

«Talde jokoan egongo da gure indarra»

Aurreko denboraldian, IDk-k azken jardunaldian lortu zuen kategoriari eustea. Horrenbestez, Azu Muguruzak argi du helburua: «Ez dugu hain estu ibili nahi. Gogotik ari gara lanean hala izan dadin, eta helburua zera da: txapelketak eskatuko digun sasoia ahalik eta azkarren lortzea arlo guztietan».

«Gogotsu» dago liga hasteko, baina baita «ikusminez» ere. «Hiru jokalarik baino ez dute jarraitzen taldean aurreko sasoitik, eta etorri diren jokalarietatik bostek ez dute liga ezagutzen. Zenbat eta bizkorrago egokitu, taldeak lehenago egingo du gora». Hori lortze aldera, «pozik» dago taldeak denboraldiaurrean egin duen lanarekin: «Oraindik gauza asko falta zaizkigu, baina astez astez aurrerapausoak eman ditugu». Gustura dago ere jokalarien jarrerarekin: «Uste dut talde lehiakorra eta borrokalaria izango garela, gerra ematen duen horietakoa». Kezka: puntuak sartzeko izan dituzten zailtasunak: «Baina uste dut teknikoki eta taktikoki hobetuz eta egokituz joan ahala lortuko dugula. Talde jokoa izango da gure indarra, eta partida bakoitzean jokalari diferenteak nabarmenduko dira. Eskuzabalak izan behar dugu batak bestearekin».

Haren arabera, sailkapenean hain estu ez egoteko, taldeak aurreko denboraldian baino hobeto aritu behar du etxean. Aurreko sasoian sailkapenaren goialdean zeuden taldeen kontra lortu zituzten garaipenetako asko. «Garaipen erabakigarriak izan ziren. Baina denboraldi honetan garaipen gehiago lortu behar ditugu gure parean edo azpian dauden taldeen kontra. Horrekin batera, aurkari horien kontrako puntuen aldea zaindu egin behar dugu».

Bestalde, ezinbestekoa iruditzen zaio taldea gai izatea partida bakoitzak eskatzen duen jokora egokitzeko. «Askotan, hori epaileen erabakiek baldintzatzen dute. Horien arabera lehiakorrago eta oldarkorrago aritu zaitezke, batez ere defentsan. Horri neurria hartzen jakin behar dugu. Horrekin batera, ezin ditugu hainbeste gorabehera izan partida bakoitzean». Lara Gonzalezen, Maria Eraunzetamurgilen, Itziar Ariztimuñoren eta Roso Buchen eskarmentua funtsezkoa iruditzen zaio horretarako.

Lehen partida Kanaria Handiaren kontra jokatuko dute, bihar, Gaskan (17:00). «Egia esan, oso informazio gutxi dugu aurkariaren inguruan, ez baitu lagunarteko partidarik jokatu jendaurrean. Arreta gugan jarriko dugu, eta komeni zaigun partida egiten ahaleginduko gara». Etxean ondo hasteari garrantzitsua deritzo: «Batez ere kanpoan jokatuko ditugun lehen bi partidak oso zailak direlako: Valentziaren eta Perfumerias Avenidaren kontra». Amaitzeko, ohar bat egin du: «Umilak izan behar dugu, eta oinak lurrean izan. Epe luzerako helburuak jartzen baditugu, geure burua estu har dezakegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.