Galiziako Ensino Lugo taldearen aurka 62-56 galduta, Araskik hirugarren aldiz jarraian galdu zuen igandean. Madelen Urietak zuzendutako taldeak ongi ekin zion denboraldiari. Lehenengo bi norgehiagokak irabazi egin zituen; Perfumerias Avenidari irabazi zioten, besteak beste. Baina orain hamahirugarren postuan dago ligan, jaitsiera postuetatik hurbil: lau partida irabazi ditu, eta zazpi galdu. Joan den denboraldian azken jardunaldian lortu zuten kategoriari eustea, eta oraingoan helburua jaisteko postuetatik urrun ibiltzea bazen ere, gogotik egin beharko dute lan hori lortzeko; lau partida besterik ez baitituzte irabazi hamaika jardunalditan.
Montse Brotons pibotak (Benialbeig, Herrialde Katalanak, 1998) bigarren denboraldia du Arabako taldean. Aurreko denboralditik taldean jarraitzen duen jokalari bakarrenetakoa da. 2023-2024ko denboraldian iritsi zen Gasteizera. Baina ez zuen jokatzerik izan, min hartuta egon baitzen. Egoera hura nola bizi izan zuen oroitu du: «Mentalki gogorra izan zen ezin jokatzea. Batzuetan ez nekien minik gabe egon ahal izango nintzen. Asko ikasi nuen prozesu guztian zehar. Ordu arte ezagutzen ez nuen Montse ezagutu nuen». Gurasoen laguntza «eskertzekoa» izan dela nabarmendu du, eta itzultzean zer nahi zuen ere kontatu du: «Banekien nire esku zegoena egin behar nuela, baina nik lehengora itzuli nahi nuen, eta berdin jarraitu».Â
Denboraldi honetan hogei minutu pasatxo jokatzen ari da partidako. 223 minutu jokatu ditu 11 norgehiagokatan. 3,9 puntu sartu ditu batez beste partidako, eta 2,5 errebote jaso. Hobetzen jarraitu nahi du, eta, horretarako, oso exijentea da bere buruarekin. «Erresistentzia eta anbizioa eduki nahi ditut». Baina, zer eskatzen dio Urietak? «Saskibaloiaz gozatzeko esaten dit».
Gustura dago Gasteizen. Klubean dagoen «batasuna» azpimarratu du, eta egunerokoan egiten den lana goraipatu: «Ezkutuan lan nekeza egiten duen jende ugari dago. Jende hori ezinbestekoa da egunerokoan». Kirol arloari erreparatuta, igandean galtzea «gogorra» izan zela onartu du, eta oraintxe bertan multzoa «erdipurdi» dagoela aldartez. Azken norgehiagoketan emaitza kaskarrak pilatu dituzte, eta partiden hainbat fasetan zer arazo izan dituzten azaldu ditu: «Batez ere hirugarren laurdenean arreta galtzen dugu, eta horri nola aurre egin ikasten ari gara». Horrez gain, azpimarratu du defentsan «gogorrago» aritu behar dutela, eta zenbaitetan «energia» eta «jarrera positiboagoa izatea» falta izan zaiela.
«Batez ere hirugarren laurdenean arreta galtzen dugu, eta horri nola aurre egin ikasten ari gara»
MONTSE BROTONSAraskiko jokalaria
Dena den, zera uste du: ondorio positiboak ateratzeko moduan ere badaudela. Partida batzuetan «ondo» jokatuko dutela gogorarazi du. Segidan norgehiagoka horietako bat oroitu du. «Joventuten aurka oso ongi aritu ginen, eta zaleek gure jokoa goraipatu zuten». Hala, egoera zaila izan arren, ziurtatu du ez dutela berehalakoan etsiko. Ondoren, denboraldi honetan dituzten helburuez hitz egin du: «Sasoi hasierako xedea Espainiako Koparako sailkatzea zen, eta azkenera arte horretan saiatuko gara». Baina urruti dituzte postu horiek: lau partida irabazi behar dituzte horretarako. Lehen itzuliaren amaiera perfektua egin beharko dute hori lortzeko, bost neurketa falta baitira. Etzi Estudiantesen aurka jokatuko dute Mendizorrotzan (18:00).
Hala, urrutiago begiratu du, eta duten helburua «mailari eustea» dela baieztatu: «Iragan denboraldian baino lehenago lortu nahi dugu. Ez ditugu zaleak azkenera arte sufritzen eduki nahi».
Urietak multzoan duen garrantziaz ere aritu da, eta harrobiko entrenatzaile bat izateari buruz: «Nortasun handiko entrenatzailea da, baina aldi berean goxotasuna ere transmititzen digu. Entrenatzaile batek ezaugarri horiek izatea garrantzitsua da».