Ander Iturraspe. Athleticeko jokalaria

«Ardura sortzen dit klubak nire alde egin duen apustuak»

Ander Iturraspek espero du bai taldeak eta bai berak ere aurreko denboraldiko joko maila ona berreskuratzea. Zenbait berri talde barrutik irten izana «larria» dela iritzi dio.

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Aymeric Laportek bigarren aldiz luzatu berri du kontratua Athleticekin. Baina erdiko atzelari frantziarra ez da lehena izan sasoi honetan. Aurrez, Ander Iturraspek (Abadiño, Bizkaia, 1989) gauza bera egin baitzuen, beste bi urtez, 2017ko ekainaren 30a arte. Horrek esan gura du klubak itsu-itsu sinesten duela euskarri bizkaitarrarengan. Iturrasperena, hala ere, ez da izan arantzarik gabeko bidea. Kosta egin zitzaion lehen taldean pisua hartzea, baina egun futbolari garrantzitsua da. Ia bi hilabete zelaietatik kanpo egon ostean, galdutako garrantzia berreskuratu nahi du orain.

Lasaitu ederra hartu duzue Atletico Madrili irabazi ondoren.

Guretzat oso garaipen garrantzitsua izan zen. Lehenik eta behin, gure egoera ez delako ona, eta, bigarrenez, goi mailako aurkaria izan genuelako aurrean.

Egoera larria denean puntuak baloratzen dira gehien, baina taldearen jokoa ona izan zen oso. Bueltan al da aurreko denboraldiko Athletic?

Maila oso ona eman genuen. Taldekide guztiek jokatu zuten oso kontzentratuta, eta, horren ondorioz, oso akats gutxi egin genituen. Igandean erakutsi genuen zer emateko gai garen, baina, era berean, ezin gara itsutu. Gure jokoaren maila sailkapenak erakusten du. Beraz, Atletico Madrilen kontra egindakoa lasaitasunez hartu behar dugu.

Taldea aurreko neurketetan baino biziago nabari zen.

Nik ere erritmo handiarekin ikusi nuen. Baina ez zen garaipenaren arrazoi bakarra izan. Jarraitzaileen babesa ere itzela izan zen. Gauza on guztiek bat egin zuten neurketa on bat jokatu ahal izateko.

Konfiantza berreskuratzeko ere balio dezake azken norgehiagoka bietan egindako jokoak. Emaitzak txarrak direnean ez baita norberak duen onena erakusten.

Konfiantza hartu ahal izateko ezinbestekoa da ondo jokatutako partidak irabaztea. Hala ere, neurketa bat irabaztearren ez gara munduko onenak eta kontrakoa gertatzen denean ez gara talde guztien artean txarrenak. Hankak lurrean izan behar ditugu.

Azken garaipenak ilusio apur bat ekarri du talde zuri-gorrira, baina egoera ez da batere ona. Nork esango luke joan den abuztuan jaitsieratik aldendu guran ibiliko zinetela.

Jaitsieratik zazpi puntura gaude, eta Europatik bederatzira. Beraz, sailkapenak hala erakusten duelako eta gure jokoa ere ez delako ona izan egun gure azpitik gertatzen denari jartzen diogu arreta gehiago.

Emaitza txarrek ez dute egonkortasuna ematen, baina taldearen inguruko notiziek ere ez diote mesederik egin Athletici. Astero dago zeozer. Eta berri askok aldagelan dute iturburua. Nola hartzen duzu zuk egoera ezohiko hau?

Tristeena da aldagela barrutik irteten dena dela. Oso larria da. Guk futbolari eman behar diogu lehentasuna. Hala ere, horrelako gauzak ezin dira berriz gertatu. Egoera horiek kontrolatu egin behar ditugu.

Zu ere izan zara notizia. Luis Bonini prestatzaile fisikoarekin izan zenuen ika-mika Rayo Vallecanoren kontrako neurketaren atsedenaldian. Oihartzun handia izan zuen ika-mikak. Handiegia beharbada.

Gertatu zenean eman nituen eman beharreko argibide guztiak. Taldearen ibilbidea okerra denean horrelako kontuak azaleratzen dituzte hedabide batzuek. Oso jarrera tristea iruditzen zait. Lelokeria bat izan zen, baina kirol egoera txarra denez, oihartzun handia izan du.

Futbol kontuetara itzuliz, ia bi hilabetez jokatu barik egon ostean Betisen kontra hasieratik aritu zinen. Azken neurketan, berriz, minutu batzuk jokatzeko aukera izan zenuen. Nola zaude?

Ondo nago. Egunetik egunera indartsuago nagoela uste dut. Une honetan gaitza da hamaikakoan sartzea, baina ez dut etsiko.

Athleticentzat gogorra ari da izaten denboraldia, eta arlo pertsonalean taldearen antzeko egoeran zaudela esan daiteke. Ez duzu erakutsi aurreko denboraldiko maila.

Taldearen jokoak eta nireak antzeko ibilbidea egin dute. Taldea ez da ondo egon, eta nik ere ez dut maila ona ematerik izan. Nire jokoa ez da ailegatu eman dezakedan mailara. Gogo handia daukat nire mailarik onena erakusteko.

Denboraldi honetako Iturraspe ez da aurreko sasoikoa, baina, hala ere, taldekideek zein klubak ikaragarri sinesten dute zure futbolean. Eskertzekoa da hori.

Nik beti nabaritu izan dut babes hori. Taldekideek taldean daukadan rola zein den sentitzen dut, eta hori oso garrantzitsua da futbolari batentzat. Klubak, berriz, kontratua luzatuta erakutsi du zenbateko konfiantza daukan nigan. Poz itzela ematen dit horrek, baina ardura ere bada, noski. Konfiantza ondo jokatuta itzultzea da egin dezakedan gauza bakarra.

Etzi Valladoliden jokatuko duzue. Beste aukera on bat daukazue aurrera egiteko, azken bi partidetako jokoari jarraipena emateko.

Neurketa gaitza izango da. Valladolidek futbol ausarta eta erasokorra egiten du. Landutako jokoa egiten dute, Djukici estilo hori gustatzen zaiolako. Zaila izango da, baina astiro-astiro gorantz goaz. Athletic itzuli dela erakusteko neurketa aproposa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.