Pilota

Are handiagoa da Unax Landa

Baikoko pilotari oiartzuarrak bost hilabete eskas daramatza profesionaletan jokatzen. Ikusgarri dabil. «Ez nuen espero horren ondo aritzea, inola ere ez», aitortu du.

Unax Landa. JON URBE / FOKU
Unax Landa Baikoko pilotaria, Oiartzun jaioterrian. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
Oiartzun
2026ko ekainaren 12a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sekulako planta dauka Unax Landak (Oiartzun, Gipuzkoa, 2005): 1,98 metro da luze. Hura da pilotaririk garaiena profesionaletan dabiltzanen artean. Baina Landa ez da handia bakarrik altueran: ahalean ere bai. Afizionatuetan emana zuen bere dohainen berri, baina nahikoa izan du profesionaletan bost hilabete eskas aritzea pilotazale bat baino gehiago zur eta lur uzteko. Handia bazen, are handiagoa da orain.

Estatistikak argigarriak dira: hamalau partida jokatu ditu, eta 11 irabazi ditu, eta hiru besterik ez galdu. «Datu oso onak dira. Ez nuen horrelakorik espero, inola ere ez», aitortu du Landak. Datuez harago, «oso pozik» dago egiten ari den lanarekin. «Banekien profesionaletan beste erritmo batean jokatu beharko nuela, aurkariek sekulako maila dutela eta pilotak exijenteagoak izango zirela. Hala da, baina, hala ere, txukun ari naiz. Ez nuen espero horren ondo aritzea: sasoiko nago, ondo ditut eskuak, eta lasai ari naiz. Badakit garai txarrak etorriko direla, baina, gaur-gaurkoz, oso gustura nabil».

Aitortu duenez, «uste baino azkarxeago» ari da bidea egiten. «Debuta egin eta gutxira ordezko hasi nintzen Bigarren Mailako binakakoan. Handik gutxira, berriz, Mariezkurrenaren ordez aritu nintzen Lehen Mailako binakakoan. Debuta egin nuenean ez zuen uste horren denbora gutxian horrelako aukera bat izango nuenik, inola ere ez».

Bi arrazoi azpimarratu ditu horren ondo aritzeko. «Batetik, uste nuen eskuetatik larrixeago ibiliko nintzela, baina, zorionez, ongi ditut. Profesionaletako pilotek afizionatuetakoek baino karga handixeagoa dute, eta hori dela eta, aproposak dira niretzat. Bestetik, afizionatuetan pilota asko huts egiteko ospea nuen; azkenaldian, aldiz, huts gutxiago egiten ari naiz. Lana egin dut hori hobetzeko, eta, bai herriko Oiarpe klubeko teknikariek, bai Baikokoek lagundu egin didate horretan. Horri esker, aurrerapausoa eman dut».

Badaki zertan hobetu duen gehien, eta badaki ere zertan duen gehien hobetzeko. «Batetik, aireko jokoa hobetu behar dut, oso garrantzitsua baita hori menperatzea. Bestetik, hobetu dudan arren, saiatu behar dut huts gutxiago egiten. Azkenik, fisikoki beste urrats bat egin behar dut. Hasiberria naiz, eta asko dut hobetzeko. Baina gogor ari naiz lanean».

«Eskuak ondo ditut, eta afizionatuetan baino huts gutxiago ari naiz egiten. Horri esker, aurrerapausoa eman dut»

UNAX LANDA Baikoko pilotaria

«Jauzi handia» igarri du afizionatuetatik profesionaletara. Bi kontu nabarmendu ditu: «Pilotak exijenteagoak direnez, erritmoa ere biziagoa da. Maila, berriz, askoz handiagoa da, eta tanto guztiak asko landu behar dira; lana gogor egin behar da partidak aurrera ateratzeko». Harrituta dago zein pilotari bikainak dituen inguruan. «Lasorekin jokatu nuen azken partida, eta ikusgarria da zein ona den, eta zenbat laguntzen dion atzelariari. Iztuetak ere harritu egin nau: oso gaztea da, baina sekulako gaia du».

Etxean jokatu zuen debuteko partidaz gain, bi gogoratzen ditu bereziki: bata, jokatu duen azkena, duela bi aste eskas, Berriatuan (Bizkaia). Hark eta Lasok 22-9 irabazi zieten Aitor Elordiri eta Arkaitz Gabirondori. «Izugarri gozatu nuen Lasorekin batera jokatuta. Erraza da harekin aritzea, onena baita». Gogoan duen beste neurketa martxoaren 1ean Nafarroa Arenan jokatu zuena da. Hark eta Iker Larrazabalek 22-7 irabazi zieten Javier Zabalari eta Iñigo Bikuñari. «Ikerrek eta biok bikote polita osatu genuen egun horretan».

«Lasai» ari da

Lasorekin eta Larrazabalekin batera aritu da. Biak ala biak dira Lehen Mailako pilotariak. Horrez gain, maila nagusiko binakakoaren kanporaketa bat ere jokatu du: hark eta Larrazabalek 22-15 galdu zuten Erik Jakaren eta Martxel Iztuetaren aurka, Zornotzan (Bizkaia). «Ezustekoan» harrapatu zuen horrek guztiak. «Ezustekoa hartu nuen debutatu berritan Bigarren Mailako binakakoan ordezko ariko nintzela esan zidatenean. Handik gutxira, berriz, Mariezkurrena ordezkatu nuen Lehen Mailakoan. Sekulakoa izan zen enpresak horrelako aukera eder bat ematea». Jauzia handia izanagatik ere, «lasai» aritu zela aitortu du. «Horren goiz iritsi zitzaidan aukera Lehen eta Bigarren mailan jokatzeko, agian ez nintzen oso kontziente izan. Lasai hartu nuen, eta orain ere lasai nabil».

«Beste amets bat betetzea litzateke udako torneo garrantzitsu bat jokatzea. Baina zaila dela uste dut, maila handia baitago enpresan»

UNAX LANDA Baikoko pilotaria

Dioenez, ez zaio aldatu egunerokoa profesionaletan ari denetik. «Lehen bezainbeste entrenatzen naiz: Baikoko teknikariekin aritzen naiz frontoian, eta arlo fisikoa Unai Legarretarekin lantzen dut. Afizionatuetan ere dezente entrenatzen nintzen, maila horretan ere lehia handia baitago». Ikasi ere egiten du: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Lehen Hezkuntzako gradu bikoitza ari da ikasten Deustuko Unibertsitatean. Aitortu duenez, aurten «gutxiago» joan da klasera, baina, hala ere, «ondo» aritu da. «Dena gainditu dut».

Pilotariek oso gustuko dute uda, eta Landa ere «gogotsu» dago bere lehen udarako. «Gogo eta ilusio handia dut. Ahalik eta gehien jokatu nahi dut, ahalik eta gehien ikasi eta ahalik eta gehien hobetu. Ea erritmoari eusten diodan». Horren ondo ari dela kontuan hartuta, ez litzateke harritzekoa izango Baikok haren alde egitea torneo garrantzitsuren bat jokatzeko. Ez du horretan pentsatzen. «Enpresak ez dit ezer esan, baina zaila dela uste dut, maila handia baitago enpresako atzelarien artean: Mariezkurrena, Iztueta, Albisu, Imaz, Eskiroz, Aranguren... Beste amets bat betetzea litzateke torneo garrantzitsu bat jokatzea». Ez du kexarik, eta «oso eskertuta» dago enpresarekin, «oso partida politak» jarri baitizkio orain arte. «Oso pozik nago. Nire lana da erakustea partida horiek joka ditzakedala. Garrantzitsuena eskuak ondo izatea da. Eskuak ondo baditut, dena errazagoa izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA