Zer moduz dagoen galdetuta, «nekatuta» dagoela erantzun du Pablo Lambardik (Florencio Varela, Argentina, 1971). Dena ondo atera beharrak eragindako nekea da. Ardura handia du, Argentinako Pilota Konfederazioko presidente eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko idazkari nagusia baita.
Zer da Argentinarentzat munduko txapelketa bat antolatzea?
Guretzat gertakari oso garrantzitsua da, lehen aldiz jokatuko baita Munduko Txapelketa nagusia Argentinan. Oso harro gaude aukera izan eta aurrera eramateagatik.
Pilota etxera itzuli da jarri diozue leloa. Zergatik?
1929an hemen Buenos Airesen sortu zutelako Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa. Hala ere, orain arte ez zen munduko txapelketarik jokatua gurean. Txapelketa hemen jokatuta, Nazioarteko Federazioa sustraietara itzuli da. Luze jo du itxaronaldiak, 74 urte igaro eta hemeretzi ekitaldi jokatu baitira. Gertakari historiko bat da, baina ez bakarrik Argentinarentzat, baita euskal pilotarentzat ere, mundu mailan.
San Luisen jokatzekoa zen Munduko Txapelketa; gero, Venado Tuerton, eta, azkenik, Buenos Airesen jokatu da. Nola eraman dituzue aldaketa horiek?
Guk Argentina barrualdean jokatu nahi genuen txapelketa, herrialdearen bihotzean egonik ahalik eta jende gehien joan zedin. San Luisen obrak hasiak ziren, eta Jai Alai frontoia ia amaituta dago, baina gobernu aldaketa bat egon zen, eta horrek eragotzi zigun txapelketa han jokatzea. Venado Tuerton jokatzea zen bigarren aukera, baina diru arazoek eragotzi egin zuten. Azkenean, Buenos Airesen egitea erabaki genuen.
Ezinegona izan duzue?
Ez. San Luisko aukera bertan behera geratu zenean, birplanteatu egin behar izan genuen dena, baina beti jakin genuen hemen jokatuko zela munduko txapelketa.
Javier Mileiren motozerrak eragin dizue?
Guk Argentinako Kirol Idazkaritzaren diru laguntza jasotzen dugu, baina, noski, hori ez da nahikoa Munduko Txapelketak dituen behar guztiak betetzeko. Beraz, Argentinako Pilota Konfederazioak ere dirua jarri behar izan du.
Zer helburu dituzue Munduko Txapelketan?
Munduari erakustea pilota bizirik dagoela eta txapelketa garrantzitsuak antolatzeko gaitasuna dugula. Euskal pilotak euskal izena badu ere, Amerikan du jardunik handiena, Europan baino handiagoa.
«Mundu osoko kirol ordezkariek deitu ziguten esanez erokeria hutsa zela [Euskadiko Federazioa onartzea], baina aurrera jarraitu genuen»
Zein da kirol helburua?
Podiumean egotea. Mugak ditugu, ez baititugu modalitate guztiak jokatuko. Beraz, helburua ez da munduko txapeldunak izatea, baina gogor borrokatuko gara. Argentina beti borrokatzen da gogor. Jendeak uste duen baino selekzio lehiakorragoa dugu. Gainera, etxean jokatuko dugu, eta gure zaleak oso ezberdinak dira beste herrialdeetakoen aldean.
Euskal selekzioak lehen aldiz hartuko du parte. Zer esanahi du horrek zuretzat?
Batetik, Argentina izan da motor nagusia Euskadiko Federazioa nazioartekoan egon dadin. Eta, bestetik, ona da ahalik eta selekzio gehien sartzea. Euskadiko Federazioak nazioarteko pilotara egokitzen hasi beharra du, araudi asko baitaude, eta horiek ibilian-ibilian ikasten baitira. Garrantzitsuena da Buenos Airesen daudela, Nazioarteko Federazioa sortu zen tokian, eta historian lehen aldiz ariko direla Munduko Txapelketa batean.
Zergatik izan da Argentina «motor nagusia» Euskadiko Federazioa nazioartekoan egon dadin?
Guk eta, zehazki, nik neuk hitz egin dut mundu osoko federazio guztiekin Euskadiko Federazioa nazioartekoan egon dadin. Euskadiko Federazioa nazioartekoan sartzea ez da izan tramite huts bat; atsekabe asko izan dira, eta mundu osoko toki askotako olinpiar batzordeek presio egin digute, besteak beste Espainiakoak eta Amerikako hainbat herrialdetakoek. Izan ere, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ez du onartzen Euskal Herria herrialde gisa, eta pisu handiko auzia da selekzio bat aitortzea nazioartean lehiatzeko eta bandera bat ordezkatzeko. Mundu osoko kirol ordezkariek deitu ziguten esanez erokeria hutsa zela, baina guk aurrera jarraitu genuen. Euskal selekzioak eta Euskal Herriak oso kontuan hartu behar dute hori.
«Nire ustez, Amerikak Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren laztan bat behar du. Hori oraindik ez da gertatu»
Zergatik halako konbentzimendua Euskadiko Federazioa nazioartekoan egon zedin?
Batetik, pilota ez delako kirol olinpiko bat. Familia olinpikoan, Panamerikar Jokoak dira pilotaren txapelketarik gorena. Hala, pilota kirol olinpikoa ez izateagatik, euskal pilota izena duen kirolean Euskadiko Federazioa nazioartekoan ez egotea zuzendu beharreko zerbait zen.
Pozik zaude hori posible izan delako?
Ni, Nazioarteko Federazioaren idazkari nagusi gisa, pozik nago geure buruari jarri genion helburua bete dugulako: Euskadiko Federazioa nazioartekoan egotea. Nik neuk zera sentitzen dut: betebehar bat bete dudala.
Elkarri mesede egingo diozue?
Hori Euskadiko Federazioaren araberakoa izango da. Nire ustez, Amerikak Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren laztan bat behar du. Hori oraindik ez da gertatu. Euskadiko Federazioak gehiago ireki behar du bere burua, eta globalago pentsatu, eta ez mugatu bakarrik selekzioari dagozkion kontuetara. Emateko garaia da, hau posible egin dutenei aitortza bat egiteko garaia, eta ez kokatu absolutismo toki batean, horrek ez baitu inora eramango.
Zer-nolako harremana duzue Euskadiko Federazioarekin?
Harreman ona dugu, adeitsua, noski, eta, urteek aurrera egin ahala, harreman hori are gehiago sendotuko da.