Balentria egin du Ariane Toro Soler judokak (Bilbo, 2003): zilarrezko domina eskuratu du Bakun jokatu den Munduko Txapelketan, Azerbaijanen. «Duela urtebete, aurkariak dominarekin ikusten nituenean, inbidiaz begiratzen nien. Egundokoa da», esan du, pozez. Baina ez dago aseta, eta, domina lepoan zintzilikatu orduko, aurrera begira jarri da: «Gustura nago emaitzarekin eta egindako txapelketarekin, baina hobetzen segitu nahi dut, eta gehiago lortzen saiatu. Anbiziotsua naiz».
Lehen domina du Torok Munduko Txapelketa batean, baina ez du inor ezustean harrapatu. Oraintxe, bosgarren postuan dago munduko sailkapenean, ibilbide oparoa du, eta, esaterako, Parisko Grand Slam txapelketako brontzezko eta zilarrezko dominak ditu palmaresean. Oraingoan zer helburu zituen galdetuta, argi esan du: «Helburua beti da urrea irabaztea. Noski, balioa eman behar zaio egindakoari, eta balio handia ematen diot zilarrezko dominari. Baina helburua beti da urrea».
Azaldu duenez, «behetik gora» egin zuen txapelketan. Bost borroketatik lau irabazi zituen: lehena Gabriela Dimitrovaren aurka —munduko sailkapenean 50. postuan dago—, eta bigarrena Sugdiyona Rafkatovaren kontra —munduko sailkapenean 34.na dago—. Final-laurdenetan Uranzaya Bayanmunkh garaitu zuen —sailkapeneko 39.na—, eta finalerdietan Odette Giuffrida —sailkapeneko bigarrena—. Finalean, baina, galdu egin zuen Uta Abe japoniarraren aurka —2020an, Tokioko Olinpiar Jokoak irabazi zituen, eta munduko sailkapenean zazpigarren dago—.
Torok kontatu duenez, lehen borroketan urduriago aritu zen: «Aurkari gogorrak ziren, eta tentsioa sumatzen nuen gorputzean. Kirolari guztiok izaten dugu presioa, eta, zerbait egin dezakezula dakizunean, beldurra sartzen zaizu batzuetan, edo dudak, ez ote duzun lortuko. Burutazio horiek uxatzen saiatzen naiz, horrela ezin baita onena eman. Asko landu dut eta lantzen dut oraindik ere arlo hori, tatamira lasai ateratzeko eta dakidan bezala lehiatzeko».
«Duela urtebete, aurkariak dominarekin ikusten nituenean, inbidiaz begiratzen nien. Egundokoa da»
ARIANE TORO Judoka
Hobeto aritu zen finalerdietan, baina ez nahi bezain fin finalean: «Finalerdietan Odette Giuffrida izan nuen aurkari. Oso indartsua da, baina lasai nengoen, konfiantzaz; irabaz niezaiokeela uste nuen, eta argi nuen zer egin behar nuen. Finalean ere ondo sumatu nuen neure burua, baina gustatuko litzaidake apurtxo bat hobeto sentitzea eta aritzea. Ikasiko dut».
Finala nola joan zen gogoratu du: «Buruan genuen kumi-kata egitea; aurkariari heltzeko modu bat da. Baina borrokan ez nintzen oso eroso sentitu. Denbora osoan eskuineko eskutik heltzen zidan, eta, judoan, eskuin bat beste eskuin baten aurka ari bada eta eskua hartzen badio, hutseratu egiten du. Orduan, ez nuen neure burua arriskuan ikusten, baina borroka ez nuen nahi bezala menderatu. Azkenean, golden score-an [berdinketa hausteko luzapenean] huts bat egin nuen, eta hirugarren zigorra jarri zidaten». Haren hitzetan, zenbaitetan gertu izan zuen urrea: «Uste dut aurkaria mendean izan banu irabaziko nukeela».
Hala ere, gustura dago egindakoarekin, nola ez. Hobetzen ari da urtez urte, eta, azpimarratu duenez, batez ere tatamian lasai egoten ari da ikasten. Eskarmentua izanda lortzen da hori, eta funtsezkoa da judoan ondo aritzeko.
Ez da Toro aurten podiumera igo den lehen aldia: otsailean zilarrezko domina lortu zuen Parisko Grand Slamean, apirilean brontzezkoa Europako Txapelketan, eta abuztuan ere brontzezkoa, Lausanako Grand Slamean. Orain, berriz, zilarrezko domina kolkoratu du Munduko Txapelketan. «Pozik» dago denboraldi honetan orain arte egindakoarekin, eta hurrengo erronkan pentsatzen ari da jada: abenduaren 18an jokatuko duten World Mastersean. «Txapelketa garrantzitsua da; munduko sailkapeneko 33 onenak sailkatzen dira. Zailtasunari dagokionez, Munduko Txapelketa baten modukoa da, baina beste izen bat du. Ondo prestatu nahi dut».
Ordu askotako lana
Ordu askotako lana dago Tororen lorpenen atzean. «Nire egunerokoa judoari emana da. Egunero entrenatzen naiz, goiz eta arratsalde. Batzuetan lan fisikoa egiten dut, eta besteetan judoa. Larunbat goizetan ere bai. Larunbat arratsaldeetan eta igandeetan hartzen dut atseden. Deskantsatzen saiatzen naiz astelehenean ondo egoteko, entrenatzeko oso nekatuta ez egoteko. Nire egunerokoa judoaren arabera osatzen dut».
Hobetzeko, txapelketetako bideoak ere ikusten ditu, bai bere borrokenak, bai aurkarienak: «Judoan ikasi eta ikasi aritu behar duzu, eta borrokak ikusita, bai ondo egindakoak eta bai gaizki egindakoak, ohartzen zara zertan hobetu behar duzun eta zer egiten duzun ondo, gero hori indartzen segitzeko». Munduko Txapelketakoak ere ikusiak ditu jada: «Orain, gainera, sare sozialak tartean izanda, zerbait irabazitakoan mila aldiz ateratzen dira zure bideoak. Orduan, askotan ikusten ditut», esan du, barrez. Hala ere, saiatzen da, ahal duenean behintzat, judotik «deskonektatzen».
Torok gurasoak ditu entrenatzaile, judoka ohiak biak —amak, Yolanda Solerrek, domina olinpiko bat irabazi zuen 1996an, Atlantan—. Esker hitzak baino ez ditu haientzat: «Babes handia dira niretzat. Egunero egoten gara elkarrekin, eta haiek bizi izandako guztia irakasten didate. Pribilegioa da haiek ondoan izatea, eta, gainera, elkarrekin entrenatzaile arituta, geldiezinak dira». Geldiezin ari dena Toro bera da. Gaztea da, etorkizun handiko judoka, baina oraina ere bada.