Hamahiru denboraldi segidan daramatza IDK saskibaloi taldeak maila nagusian, hamabi Gernikak, eta hamar Araskik. Sasoi oparoak izan dira horietako batzuk, eta majo sufritutakoak beste batzuk. Baina merezimendu osoz segitu dute gorenean lehian. Pentsa liteke zimendu sendoen gainean eraikitako proiektuak direla, eta, hein batean, badira, baina arrakala ere agerikoa da: poltsikoa.
Duela gutxi Gernikak iragarri zuen Lointekek utzi egingo diola babesle nagusi izateari, eta horrek kinka larrian utzi du kluba. Eta, horrez gain, Araskik ere jakinarazi du kolaboratzaile bila ari dela, diruz estu dabilelako. Ekonomikoki hobeto dago IDK, egonkor. Baina euskal taldeen kezka nabaria da.
«Asko eragin digu. Oso egoera zailean gaude, zalantzaz beteta. Uztaileko lehen astean eman behar da ligan izena, eta ez dakigu zer gertatuko den. Jo eta su ari gara babesleen bila». Gerardo Candina Gernikako presidentearen hitzak dira, eta Lointeken erabakiak ezustean harrapatu dituela aitortu du: «Asko hitz egin dugu denboraldian zehar, eta bagenuen egonezin apur bat, baina jarraituko zuten esperantza genuen. Hala ere, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet, haiei esker egin baitugu aurrera».
Kontuak kontu, erlojuaren aurka ari dira orain. Instituzioekin eta zenbait enpresarekin jarri dira harremanetan, egoera onbideratu nahian: «Ez da erraza; errazagoa da denbora gehiago izanda. Proiektua aurkezten eta egindako bidea azaltzen ari gara; dugunari balioa eman behar zaio. Amaierara arte saiatuko gara... besterik da aurrekontua murriztu eta gerrikoa oraindik gehiago estutu behar izatea».
Haren arabera, geroz eta zailagoa da gorenean lehiatzea: «Aurrekontu handiagoak dituzten taldeak ugaritu dira, eta oso indartsuak dira; gu bezalako txikientzat zailagoa da mailari eustea eta bizirik segitzea».
Eta argi esan du: «Zoritxarrez, emakumeen kirola oraindik ez dago behar beste profesionalizatuta, eta ez zaio behar besteko balioa ematen. Beraz, ezin du bakarrik aurrera egin. Oraindik ere laguntza instituzionala behar da halako proiektuei eusteko. Bestela, oso zaila da gero elitera itzultzea. Baliabide gehiago izan bitartean, lagundu egin behar digute. Nik hala uste dut».
«Oso egoera zailean gaude, zalantzaz beteta. Ez dakigu zer gertatuko den. Jo eta su ari gara babesleen bila»
GERARDO CANDINAÂ Gernikako presidentea
Kezkatuta dago Candina, eta, kontatu duenez, zuzendaritzakoak lan eta lan ari dira. Haien ustez, proiektu garrantzitsua da, eta inguruak ere hala ulertzea nahi luke: «Bestela, alferrik ari gara».
Ekaineko azken astean edo uztail hasieran erabaki beharko dute zer egin: «Guk segitzea nahi dugu. Eta lortutakoaren arabera ikusiko dugu nola egin. Baina ziurgabetasun handia dago. Bazkideak eta zaleak informatuta egongo dira, eta guztion artean hartuko dugu azken erabakia».
Ez dago hain larri Araski Gasteizko taldea, baina kezkatuta dago Iratxe Rodriguez klubeko presidentea ere: «Ez dugu zorrik, baina gure aurrekontuarekin geroz eta zailagoa da mailari eustea. Ez da erraza bitarte ekonomikoak lortzea».
Horregatik, nahi eta ezinean ari dira: «Aurrekontu txikiagoarekin osatu behar izaten dugu taldea, eta, beraz, asko sufritzen dugu denboraldiro. Fitxaketetan asko joaten da, eta ez gara nahi bezain lehiakorrak».
Azaldu duenez, harreman ona dute instituzioekin eta babesten dituzten enpresekin, baina zaila zaie kolaboratzaile berriak aurkitzea: «Kostatu egiten da konbentzitzea emakumeen kirola inbertsio ona dela. Horretan ari gara. Gasteizen eta Araban gizonezkoen saskibaloiak eta futbolak indar handiagoa dute, eta enpresek uste dute emakumezkoen saskibaloia ez dela hain aukera ona. Lanean jarraituko dugu iritziz aldatu dezaten. Guretzat, laguntza guztiak dira garrantzitsuak».Â
«Gasteizen eta Araban gizonezkoen saskibaloiak eta futbolak indar handiagoa dute, eta enpresek uste dute emakumezkoen saskibaloia ez dela hain aukera ona»
IRATXE RODRIGUEZ Araskiko presidentea
Argi eta garbi esan zuen iaz Made Urieta entrenatzaileak: «Aurrekontu handiagoa beharko dugu mailari eusteko». Eta horixe berretsi du Rodriguezek ere: «Harrobia ondo dago, baina lehen taldearen oinarria arlo ekonomikoa da. Aurrekontu txukun batekin talde lehiakorragoa osatu dezakezu. Azken bi sasoietan asko sufritu dugu».
Eta hauxe gaineratu du: «Kirol arloari begiratuta, eskertzen da emakumezkoen kirolak eta bereziki saskibaloiak gora egitea eta hobetzea, baina, orduan, gurpil horretan sartzen zara edo atzean geratzen zara. Ikusi beharko da aurrerantzean maila honetan lehiatzen segitzeko kapaz garen. Oso zaila da eustea».
Horiek horrela, aurrera begira, ez da oso baikorra: «Azken partidan mailari eutsi diogu, eta ospakizunetan ibili gara. Baina behin hori pasatuta eta hurrengo sasoian pentsatzen hasita, ez gara batere baikorrak. Egoera bera da. Bi denboralditan salbatu gara, baina ez dakigu hurrengoan lehiatzeko moduan izango garen».Â
IDK, sendoago
Bestelakoa da IDK Donostiako taldearen egoera, diruz sobera ez dabilen arren. «Klubaren jasangarritasuna ez dugu inolaz ere arriskuan ikusten. Gainera, uste dugu babesle pribatuei eta laguntza publikoari eutsiko diogula. Ligako beste talde batzuekin alderatuta, gurea ez da proiektu indartsua, baina bai egonkorra», adierazi du Carmen Muguruza presidenteak.
Liga hazten ari dela nabarmendu du hark ere: «Euroligako taldeen eta ACB ligako egitura duten taldeen kontra ari gara: Valentzia, Casademont Zaragoza, Girona... Eta azken urteetan gorenera igo diren taldeek ere proiektu ekonomiko indartsuak dituzte: Jairisek, Esteponak edo Azulmarino Mallorcak, kasurako. Horren eraginez, talde txikiagoak ere hazi egin dira, baina ez besteen parean».
«Euroligako taldeen eta ACB ligako egitura duten taldeen kontra ari gara, eta azken urteetan gorenera igo diren taldeek ere proiektu ekonomiko indartsuak dituzte»
CARMEN MUGURUZAÂ IDKko presidentea
Hala ere, beren proiektuak babes nahikoa duela uste du: «Babes instituzional sendoa dugu, eta babesle pribatuak ere gertu sumatzen ditugu, laguntzen segitzeko gogoz. Klubak hazten segitzeko baliabideak ditu, eta horretan ari gara lanean».Â