Entrenamenduaren ostean, patxadaz aritu da hizketan Olatz Santana Athleticeko atezaina (Hernani, Gipuzkoa, 1997): bere ibilbideaz, taldearen egoeraz, derbiaz... Hain zuzen, bihar jokatuko dute Realaren aurka, Lezaman (12:00, ETB1). Taldea gogotsu dagoela esan du: «Garrantzitsua izango da akatsik ez egitea. Bi areetan aritu behar dugu sendo: bai defentsan eta bai erasoan».
Realean egin zenuen debuta maila gorenean. Derbiak beti dira bereziak, baina are bereziagoa da partida zuretzat?
Ez nuke esango. Realean egon edo Athleticen egon, derbi bat beti da derbia, eta aurten ere hala izango da. Partida berezia da, garrantzitsua.
Reala denboraldi oso ona egiten ari da; zuek, berriz, gorabeheratsu ari zarete. Nolako partida espero duzu?
Egia da Reala oso ondo ari dela. Guri hasieran kostatu egin zitzaigun; gero, abiada ona hartu genuen, eta orain, tira. Baina derbi bat da, eta edozer gerta daiteke: bolada onean egonda tupust egin dezakezu, eta alderantziz, bolada hain onean ez egonda ere, ez dagoen lekutik ere indarra ateratzen duzu. Oso garrantzitsua izango da akatsik ez egitea. Hau da, akats gutxien egiten duen taldeak izango du irabazteko aukera gehiago. Bi areetan aritu behar dugu sendo: bai defentsan eta bai erasoan.
Irabaztea funtsezkoa izan daiteke taldeak konfiantza hartzeko?
Asteburuero da garrantzitsua irabaztea, are gehiago gora begira jarri nahi badugu; gogotsu gaude.
Azken partidan kolpea hartu zenuten, Sevillaren aurka 4-0 galduta. Nola eragin dizue?
Partida egun hori ez zen erraza izan; batez ere, emaitza gehiegizkoa izan zelako. Baina kito. Pasatu zen, ezin da ezer aldatu, eta hurrengo egunetik arreta osoa Realaren aurkako partidan jarri genuen.
Batez ere zertan duzue zer hobetua?
Urtarril betea izan dugu. Lehiaketa dezente jokatu ditugu; Kopa, Superkopa... Eta horrek alde polita duen arren, azken finean hara eta hona aritzeak nekatu egiten du: bidaiak, partidak... Uste dut hori nabaritu dugula. Jokalari batzuek ere min hartu dute. Baina ez dut uste beste ezerk huts egin duenik. Kudeaketa hori izan da: hiru egunetik behin partida izateak eragina du mentalki eta fisikoki.
Uste baino denboraldi kaskarragoa ari zarete osatzen. Asko baldintzatu zuen hasierako bolada txarrak. Nola dago taldea?
Entrenatzaile taldea aldatu zen, eta horrekin batera, joko eredua. Horretara egokitu behar izan dugu. Hasieratik lan oso ona egin dugu, eta taldea gogoz zegoen, baina taktikoki ikasketa prozesu bat behar genuen. Egokitze kontu bat izan da, denbora kontua: pieza berriak zeuden, eta kateatu egin behar ziren. Hala ere, taldeak hasieratik oso argi izan du zer norabide hartu behar zuen.
Sailkapenaren erdialdean zaudete. Halakoetan, zaila da motibazioa bilatzea?
Astez aste joaten saiatzen gara; hori da gure helburua. Sailkapena hor dago, baina ez da hori fokua.
«Urtarril betea izan dugu. Hiru egunetik behin partida izateak eragina du mentalki eta fisikoki»
Ezustean egin zenuen debuta Athleticekin. Adriana Nanclaresek kolpea hartu zuen Real Madrilen aurkako partidan, eta haren ordez zelairatu behar izan zenuen. Ikusgarri aritu zinen, eta irabazi egin zenuten. Nola bizi izan zenuen?
Ustekabean sartu nintzen, eta ez nuen pentsatzeko tarterik ere izan. Konturatzerako, eskularruak jantzita eta zelaian nengoen. Zoritxarrez, Nanclaresek min hartu zuelako izan zen, baina zorionez, dena oso ondo atera zen. Amets moduko bat izan zen niretzat. Gainera, jokaleku zaila zen. Ez parean genuen aurkariarengatik bakarrik: estadioa... dena. Azkenean, horrek zaildu egiten du partida. Dena oso ondo atera zen, eta oso pozik geratu nintzen azkenean. Uste dut ez dudala inoiz ahaztuko. Taldeak lan handia egin zuen.
Taldekideek, zoriontzeaz gain, besteak beste hauxe ere esan zizuten: merezia zenuela.
Hunkigarria izan zen. Guztiak poztu ziren. Egunero nabaritzen dut jendearen maitasuna, baina taldekide batek debutatzen duenean eta ondo joaten denean, denok pozten gara. Polita izan zen, eta eskertuta nago.
Azken urteetan ez duzu asko jokatu. Nola daramazu?
Denbora dezente daramat Lehen Mailan, baina nire rola beti izan da bigarren mailakoa. Ate azpian oso lehiakide onak izan ditut: Espainiako selekzioan jokatu dutenak edo hara deitu dituztenak. Nire lana da tokatzen denerako prest egotea. Ez dut esango erraza izan denik, baina onartu dut egoera. Jakitun nago, eta lan egiten dut taldeak behar duenerako ondo egoteko, prest egoteko.
Barne lanketa bat egin behar izan duzu?
Bai. Ez jokatzeak eragina du, noski, autoestimuan eta konfiantzan. Urte hauetan guztietan sumatu dut garapen bat. Real Madrilen aurkakoa duela hiru urte, bi urte, edo aurreko urtean gertatu balitz, ez nintzen gai izango zelaira ateratzeko. Urduritasuna, konfiantza falta... buruak eragindakoak. Realean eta Athleticen psikologoak ditugu; arlo fisikoa bezainbeste zaindu eta landu behar da arlo psikologikoa. Iruditzen zait lan ona egin dudala, eta gaur, halako egoera batean, prest nago zelaira atera eta disfrutatzeko. Eta inportantea da hori, egiten dugunaz disfrutatzea.
Ez bada lantzen, zelairatzea presioa izan daiteke?
Bai. Jokalariek errendimendurik onena emateko, konfiantzak eragin handia du, baita buruak ere. Ez duzunean jokatzen, lan handia egin behar duzu zeure burua maitatzeko eta zaintzeko. Saiatzen naiz hala egiten. Aurten, jokatzea tokatu zaidanean, disfrutatzea lortu dut. Pozik nago alde horretatik.
«Prest nago zelaira atera eta disfrutatzeko. Eta inportantea da hori, egiten dugunaz disfrutatzea»
Lehenengo denboraldia duzu Athleticen. Reala utzi eta talde zuri-gorrira joan zinen. Nola izan zen?
Egoerak bultzatu ninduen erabakia hartzera. Joan den denboraldia nahiko gogorra izan zen niretzat psikologikoki, eta nolabaiteko indar falta sumatzen nuen zetorrenari aurre egiteko. Orduan, Athleticek deitu zidan, eta, espero gabe, beste ate bat ireki zitzaidan. Probatu egin nuen, eta pozik nago.
Nanclares eta biok zaudete taldean. Realean ere egon zinen harekin. Zer moduz?
Oso ondo. Egia esan, lehiakide guztiekin moldatu naiz beti ondo: Mariasun [Quiñones], Elene [Lete], Julia [Arrula], Alazne [Estensoro], Adri [Nanclares]... Bera hemen egoteak nolabaiteko berme bat ematen zidan, banekielako ondo egongo nintzela. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta egunerokoan lana batera egiten dugu.
Aurrera begira, baduzu helbururik?
Eguneroko lanean jarri nahi dut arreta, eta aukera dudanetarako prest egon nahi dut. Dudanarekin disfrutatzeko gai izan nahi dut, eta kito. Ez dut bestelako helbururik. Ez nuen uste inoiz honaino iritsiko nintzenik. Gustatzen zaidana egiten dut, eta pozik nago horrekin.