Arraun Lagunakek gaurko estropada amaitzea nahikoa zuen Euskotren Liga bigarrenez irabazteko, baina donostiarrak ez dira horrekin konformatu: atzo egindako lan ona baliatuta, Zarauzko (Gipuzkoa) Ikurrina astinduz amaitu dute liga. Bigarren izan dira gaur, baina Donostiarrak ez du lortu zazpi segundoren errenta gainditzea. Azken olatuetan erabaki da irabazlea.
ðŸÂ†
— Eusko Label Liga / Euskotren Liga (@actraineras_eus) August 20, 2023
ZORIONAK @DLagunak, Euskotren Liga-ko Txapeldunak!#EuskotrenLigapic.twitter.com/2nSi0ftkmz
Aurtengoan Lugañene izan da trainerurik erregularrena. Banderak Arraun Lagunaken (5), Orioren (4) eta Donostiarraren (3) artean banatu dituzte, eta Tolosaldea ere garaipenetik gertu izan da hainbatetan. Denboraldi lehiatua eta ikusgarria izan da.
Horren adibide, gaurko estropada. Ziabogara parean heldu dira Arraun, Orio eta Donostiarra, baina itzulerako luzean azken horiek hartu dute aurrea. Atzo baino itsaso handiagoa zegoen gaur Zarautzen, eta erabakigarriak izan dira olatuak. Amaierara arte amestu du Donostiarrak banderarekin, baina azken olatuan atzo lortutako errentari eustea lortu du Arraunek. Lau segundora helmugaratu dira. Sari bikoitza lortu dute horrela: liga eta bandera.
Gainontzean, Tolosaldeak itzulerako luze ederra egin du, eta Orioren aurretik amaitu. Lehen txandan Hondarribia izan da indartsuena, denboraldi osoko joera berretsita.
Azken sailkapena
Horrela geratu da sailkapen nagusia: Arraun Lagunak izan da txapeldun 95 punturekin; Orio bigarren, 86rekin; Donostiarra hirugarren, 79rekin; Tolosaldea laugarren, 71rekin; Hondarribia bosgarren, 54rekin; Hibaika seigarren, 39rekin; eta bi galiziarrak azken postuetan, Cabo 27rekin eta Tiran 19rekin.
Hurrengo erronka Kontxako Bandera izango dute; ikusitakoak ikusita, han ere lehia bizia izango dela dirudi.
Ikusi gehiago:Urdaibaik erakustaldia emanda irabazi du Zarauzko Ikurrina