Pasa den igandean bideratuta utzi zuen garaipena Arraun Lagunak-ek, eta, gaur, lehia erabakigarrian, ez du huts egin. Haiek irabazi dute Kontxako Bandera. Azken urteetan Lugañene izan da ontzirik azkarrena: 2021ean nagusitu ziren lehenengoz, eta, ordutik, laugarren bandera dute; aurtengoa, hirugarrena jarraian —2022an Oriok irabazi zuen—. Pozarren ospatu dute garaipena arraunlariek.
Donostiako taldeak etxeko lanak ondo eginda utzi zituen lehen igandean. Erakustaldia eman zuen, eta hamar segundo atera zizkion Tolosaldea bigarren sailkatuari, eta ia 11 segundo Orio hirugarrenari. Dezenteko abantaila lortu zuen, baina lana borobiltzeko azken urratsa falta zitzaien. Eta egin dute, nola gainera. Bigarren igandean ere ikusgarri aritu dira, eta haiek izan dira azkarrenak. Zazpi segundo atera dizkiote Tolosaldea bigarrenari, eta hamalau Orio hirugarrenari. Donostiarra taldeak ere lan ona egin du, eta hura izan da laugarren, lehen txanda irabazita. Kanporaketetarako astebeteren faltan, indartsu daudela erakutsi dute.Â
Ustez kale txarrena tokatu zaie gaur Donostiako bi taldeei, aurrenekoa, baina hori ez da aitzakia izan. Kontrakoa. Haiek izan dira bizkorrenak. Ondo ekin diote estropadari Bantxa ontzikoek, eta hasieratik jarri dira buruan. Ziabogan, lau segundora zuten Astillero, zortzira Hondarribia eta hamarrera Hibaika.
Bada, itzulerakoan ere ondo eutsi diote errentari. Traineru guztiek laugarren kalera jo dute, eta gertu egin dute arraun denek. Azkenean, Astillerori hiru segundoko zigorra jarri diote, Hibaikaren kalean sartu eta enbarazu egin diolako. Donostiarraren atzetik helmugaratu da Kantabriako taldea, baina zigorra dela eta, zazpigarrenak izan dira gaur. Ehunen aldearekin amaitu dute Hibaikak, Hondarribiak eta Astillerok, eta bigarren txandan arraun egin duen Zumaia izan da azkena.
Ohorezko txandan, berriz, nagusi izan da Arraun Lagunak, hasi eta buka. Indartsu hasi dira Lugañene ontzikoak, ohi bezala, eta gutxira jarri dira aurretik. Atzetik segitu diote Oriok eta Tolosaldeak, eta atzerago geratu da Zumaia. Itsaso zakarra zela eta, ezustea emateko esperantza zuten San Nikolas eta Zerkausia ontziko arraunlariek, baina berehala zapuztu die ametsa donostiarrek.
Ziabogan Arraun Lagunak-ek zazpi segundoren aldea zuen Oriorekiko, hamar Tolosaldearekiko eta hemezortzi Zumaiarekiko. Itzulerakoan gozatu besterik ez zuten egin behar, eta horixe egin dute. Tolosaldeak biziago egin du bigarren luzea, eta Orio harrapatu eta aurreratu egin du. Haiek izan dira bigarren.
Euskotren ligan ere txapeldun izan da Arraun Lagunak, eta, Kontxako Bandera irabazita, denboraldiari ginga jarri diote.
Bigarren igandea
1. Arraun Lagunak 11.01,72
2. Tolosaldea 7,52ra
3. Orio 14,66ra
4. Donostiarra 17,63ra
5. Hibaika 29,97ra
6. Hondarribia 29,99ra
7. Astillero 30,19ra
8. Zumaia 31,52ra
Sailkapen nagusia
1. Arraun Lagunak 21.30,92
2. Tolosaldea 21.48,44
3. Orio 21.56,42
4. Donostiarra 22.13,67
5. Zumaia 22.18,34
6. Astillero 22.25,79
7. Hibaika 22.28,83
8. Hondarribia 22.30,59