Kontxako Banderako lehen igandea ehunenen aldearekin amaitu zuten Oriok eta Zierbenak, eta ikusmin handia zegoen bigarrenean zer gertatuko. San Nikolas ontzia zen irabazteko faborito nagusia, baina lanak emateko moduan zirela demostratu zuten galipoek. Estu zegoen kontua. Lehia erabakigarrian, ordea, indartsuenak direla erakutsi dute oriotarrek. Nagusi izan dira, eta merezita irabazi dute bandera. Hamabi segundo atera dizkio Zierbena bigarrenari.Â
Azkenekoz 2017an irabazi zuen Kontxa Oriok. Zortzi urte beranduago, bandera lortu du berriro. Hura da historian Kontxako Bandera gehien dituen taldea, nabarmen: 33 irabazi ditu. Zerrendan bigarren dagoen San Pedrok, berriz, 15. Hala ere, azkeen urteetan ezin nagusituta zebilen. Gaur arte.
Duela astebete Orio izan zen azkarrena, baina epaileek hiru segundoko zigorra jarri zioten taldeko bi zodiak zero kalean zeudelako; beraz, Zierbenak lortu zuen lehen postua. Gaur, ez diote aukerarik utzi. Bigarren kaletik, hura hasi da azkarren, eta hasieran Zierbenak gertu segitu dion arren, apurka sei segundoko abantaila ere lortu dute San Nikolas ontzikoek. Bi traineru, alegia. Zierbenakoek ez dute amore eman, eta saiatu dira Oriokoei hortzak erakusten. Baina ezinezkoa izan zaie. Berea egin du Oriok. Ziabogan, zazpi segundoko aldea ateratzen zion Zierbenari, hamabi Donostiarrari, eta hamabost Urdaibairi.
Eskura zuen bandera Oriok, eta ziurtatu arte gogor segitu dute arraunean. Emaitza izan da horren erakusle. Azkenean, Bizkaiko taldeak baino hamabi segundo azkarrago bukatu ditu lanak. Urdaibai helmugaratu da hirugarren, ia 26 segundora, eta Donostiarra laugarren, 33 segundora.
Ligan ere, bi jardunaldiren faltan, txapeldun da Orio. Jokatutako hemezortzi estropadetatik hamalau irabazi dituzte, eta eskura dute denboraldi berean bandera gehien astindu dituen trainerua bilakatzea —iaz ezarri zuen marka Urdaibaik, hamalau bandera irabazita—. Hurrengo asteburuan jokatuko dituzte Eusko Label ligako azken bi estropadak, Bermeon (Bizkaia) eta Portugaleten (Bizkaia).
Gaur marka bat hautsi duena Orioko Gorka Aranberri izan da. Inoiz Kontxako Bandera gehien lortu dituen patroia da dagoeneko, Aita Manuel garaituta: gaurkoarekin hamar irabazi ditu.Â
Lehen txandan, berriz, parean hasi dute estropada lau ontziek, baina pixkanaka Getaria jarri da aurrean. Isuntza, behetik gora eginda, saiatu da lehen luzean Esperantza ontzikoak estutzen. Atzerago geratu dira Hondarribia eta San Juan. Azkenerako, Getariak egin du aurrena maniobra, bost segundora egin du Isuntzak, eta bederatzira Hondarribiak eta San Juanek. Bigarren luzean ere kontrolpean izan du txanda Getariak, eta sufritu gabe eutsi dio aldeari. Hori bakarrik ez, handitu ere egin du.
Isuntzakoen helburua San Juani lehen igandeko zortzi segundo berreskuratzea zen, baina gutxigatik ez dute lortu. Zazpira helmugaratu da Erreka. Hain zuzen, lehia estua izan dute gaur San Juanek eta Hondarribiak, baina azkenean branka lehenago sartu du Erreka traineruak. Sailkapen nagusian, seigarren izan da Hondarribia, zazpigarren San Juan eta zortzigarren Isuntza.
Bigarren igandea
1. Orio 19.36,00
2. Zierbena 12,60ra
3. Urdaibai 25,92ra
4. Donostiarra 33,06ra
5. Getaria 35,52ra
6. Isuntza 47,82ra
7. San Juan 54,86ra
8. Hondarribia 56,98ra
Sailkapen nagusia
1. Orio 38.35,36
2. Zierbena 38.47,86
3. Urdaibai 39.07,36
4. Donostiarra 39.24,12
5. Getaria 39.31,64
6. Hondarribia 39.54,84
7. San Juan 40.05,58
8. Isuntza 40.06,68