Joerak berretsi ditu asteburuak. Eusko Label Ligako bi estropadak irabazi ditu Urdaibaik, eta Euskotren Ligako biak Arraun Lagunak-ek. Liderrak ziren asteburua hasi aurretik, eta are liderragoak dira orain. Gaur, gainera, nagusitasunez gailendu dira Lekeitioko (Bizkaia) uretan.
Bou Bizkaia-k sei punturen aldea du jada Hondarribiarekin. Ama Guadalupekoa hirugarren izan zen atzo, etxean, eta gaur laugarren postuarekin konformatu behar izan du. Ohiko bihurtzen ari den moduan, Urdaibaik poparean apurtu du estropada, bigarren luzean. Ordura arte eutsi dion bakarra Zierbena izan da.
Donostiarrak bigarren postua eskuratu du, bigarren txandatik. Estropada hasieratik amaierara arte kontrolpean izan dute donostiarrek, eta sailkapenean atzetik utzi dituzte ohorezko txandako Zierbena eta Hondarribia. Txanda horretako azkenak, Oriok, zazpigarren amaitu du, Getariaren eta Lekittarraren atzetik. Etxean indarra erakutsi dute bizkaitarrek, lehen txanda irabazi eta seigarren postua eskuratuta.
Atzeko postuetan, azkena egin du Santurtzik, eta jada hiru puntu eskasen abantaila atera dio Samertolameuri.
Asteburuko bigarrena
Emakumezkoen ligan, Urdaibairen bide bera darama Arraun Lagunakek. Gaur hamar segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Oriori, eta sailkapen nagusian tartea zabaltzen ari dira etengabe. Sei punturena da aldea lau estropada falta direla.
Lehen luzetik hartu du aurrea Lugañene-k, eta ziabogara iristerako hiru segundoko tartea zuen Oriorekin, eta seikoa Tolosaldearekin. Ikuskizuna hor egon da: bigarren posturako lehian. Tolosaldeak estu hartu du Oriok, baina horiek eutsi diote bigarren postuari.
Lehen txandan, Hondarribia nagusitasunez gailendu da.