Kito. Bukatu da arraun denboraldia, eta traineruek egin dituzte egin beharrekoak. Batzuek gazi bukatu dute sasoia, eta beste batzuek gozo. Asteburuan jokatu dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako kanporaketak, eta horrelaxe geratu da kontua: emakumezkoetan, Hondarribia eta Zarautz igo dira gorenera, eta Donostiarra mailaz jaitsi da; eta, gizonezkoetan, Deustu eta Zarautz igo dira, eta Ares jaitsi. Lau ontziak bigarren mailan aritu dira sasoi honetan, eta, beraz, jauzia egin dute gora. «Pozik» daude lortutakoarekin, eta biharamun gozoarekin egin dituzte elkarrizketak.
«Indartsuago bueltatuko ginela agindu genion geure buruari, eta egundoko ilusioa egin digu», esan du Olatz Pagola Hondarribiako arraunlariak. Ama Guadalupekoa izan zen azkarrena Bermeoko eta Portugaleteko estropadetan, eta, hartara, iaz galdutako tokia berreskuratu du.
Kontatu duenez, «konfiantzaz» joan ziren kanporaketetara, baina, aldi berean, «urduri». Larunbatean aise aritu ziren, eta alde handia atera zioten hirugarren sailkatuari, Donostiarrari —Zarautz 2,36ra helmugaratu zen, eta Donostiarra, 12,60ra—. Pagolak aitortu du ez zutela espero Bantxa hain atzean geratzea: «Itsasoan eta errekan gustura aritzen gara, baina aurten hobeto sentitu gara errekan. Orduan, Bermeok beldur apur bat ematen zigun. Dena den, oso kontzentratuta atera ginen, gure arraunkera hartu genuen, eta oso ondo sentitu ginen».
Lasaiago aritu ziren igandean, eta arazorik gabe eutsi zioten aldeari. Are, lehen postuan egin zuten Portugaleten ere: «Bukatzean, sentitu genuen arraunak iaz kendu ziguna edo eman ez ziguna berriro ere bueltan eman digula».
«Indartsuago bueltatuko ginela agindu genion geure buruari, eta egundoko ilusioa egin digu»
OLATZ PAGOLAÂ Hondarribiako arraunlaria
Ez zuen ondo hasi iraila Hondarribiak, Kontxatik kanpo geratu baitzen. Baina arraunlariak gai izan dira egoerari buelta eman eta azken bi estropadetan bete-betean aritzeko: «Momentuan triste geratu ginen, baina handik bi egunera, elkartu, eta zera esan genuen: ‘Hemendik indartsuago atera behar dugu’. Ez genuen Kontxako estropadetako pizgarri hori, baina Bermeora joan ginen entrenatzera, eta Hondarribian ere oso entrenamendu onak egin ditugu». Bada, emaitzan islatu dute hori. ETE liga irabazi eta Euskotren ligara igotzea lortuta, gustura daude egindako sasoiarekin.
Baita zarauztarrak ere. Asteburu ederra izan da herriarentzat, bi traineru nagusiek lortu baitute mailaz igotzea. Zarautz lehen aldiz arituko da Euskotren ligan. «Egundokoa da hau», esan du, hunkituta, Maddi Landa arraunlariak. «Sekulako uda izan da. Hondarribiarekin izan dugun lehia oso-oso polita izan da, eta horri esker bi taldeak hobetu dira. Azkenean, lortu dugu bi taldeak hurrengo urtean Euskotrenen egotea».
Denboraldian «asko disfrutatu» dutela adierazi du, eta kanporaketetarako gogotsu zeudela azaldu: «Kontxarako sailkatu izanak indarra eman zigun, eta gure lana egitera atera ginen. Bagenekien gauzak ondo eginda saria etorriko zela, eta hala izan da».
«Sekulako uda izan da. Hondarribiarekin izan dugun lehia oso-oso polita izan da, eta horri esker bi taldeak hobetu dira»
MADDI LANDAÂ Zarauzko arraunlaria
Bai Bermeon eta bai Portugaleten bigarren egin zuen Zarautzek, Donostiarraren aurretik. «Bi estropada eremuak oso desberdinak dira. Eremu bakoitza oso ondo aztertua genuen, eta astean zehar entrenatzen aritu gara Bermeoko alboko olatua. Gauzak ondo egin genituen, eta estropada oso polita izan zen. Eta Portugaletekoan, bagenekien asko sufrituko genuela, oso-oso estropada fisikoa baita. Baina gustura geratu gara. Ondo sentitu gara, nahi genuen bezalaxe, eta ondo atera dira gauzak. Hori da lanaren fruiturik onena».
Kontxan aritu izanak mesede egin diela uste du Landak. Gainera, modu horretara, iazko arantza kentzea lortu dute. «Aurreko urtekoa kolpe gogorra izan zen. Bi aste ematen dituzu lehiatu gabe, eta lehiatzea baino entrenamendu hoberik ez dago». Bada, Kontxa jokatuta eta mailaz igota, denboraldi bikaina egin du Zarautzek. «Traineru oso-oso gaztea dugu, eta urte hauetan lortu duguna egundokoa da. Hurrengo denboraldian saiatuko gara gure onena ematen, gutxinaka hobetzen eta estropadez gozatzen; dena emango dugu».

«Asteburu handia»
Deustu lehen aldiz ariko da hurrengo urtean maila nagusian. Portugaleteko estropada bukatzean, arraunlariek pozez egin zuten eztanda. «Deskribaezina den zerbait sentitu genuen. Historia luzea du Deustuk, baina klub apala da, eta ikaragarria da lortu duguna. Arraun ibilbide osoan amestu duguna da», esan du Beñat Olazabal arraunlariak.
Liga bukatu zutenetik jardun dute kanporaketak prestatzen, eta azken entrenamenduetan oso ondo aritu direla aitortu du. Bermeon ere entrenatu dira, «eremua ezagutzeko». Horiek horrela, kanporaketetan lortu zuten egindako lana islatzea, eta nagusi izan ziren bai Bermeon eta bai Portugaleten. «Bermeoko estropada bikaina izan zen», nabarmendu du. «Beroketan, ontzia azkar zihoan, eta estropadan guk geuk ere ez genuen sinisten zer ari zen gertatzen. Patroia esaten ari zitzaigun aldea handitzen ari ginela, eta uste nuen gezurretan ari zela. Baina egia zen».
Larunbatean etxeko lanak eginda, igandean igoerak ez zien ihes egin Tomatera ontzikoei. Azkarrenak izan ziren Portugaleten ere. «Zaleek, lagunek eta familiakoek emandako babesa nabarmenduko nuke», esan du Olazabalek.
«Bermeoko estropada bikaina izan zen. Beroketan, ontzia azkar zihoan, eta estropadan guk geuk ere ez genuen sinisten zer ari zen gertatzen»
BEÑAT OLAZABAL Deustuko arraunlaria
Ares indartsu aritu da abuztuan Eusko Label ligan, baina kanporaketetan uste baino maila apalagoa eman du. Hala iritzi dute Olazabalek eta Aitzol Garro Zarauzko patroiak. Ondo aprobetxatu dute hori Deustuk eta Zarautzek.
Garrok azaldu duenez, baliteke Bermeoko estropada haiek espero bezala joan ez izana, baina bai nahi bezala: «Funtsezkoa zen lehen bi postuetako batean amaitzea. Egunik garrantzitsuena Bermeokoa zen, eta Ares uste baino pattalago aritu zen». Eta, halaxe, igandean eutsi zioten aldeari: «Azken luzea bukatzerako, jendea pozez beteta zegoen».
Konfiantzaz joan ziren zarauztarrak kanporaketetara. Ligan bigarren egin zuten, eta Kontxarako sailkatze estropadan bikain aritu ziren. Ziabogan, zazpi ontzi onenean artean zegoen Zarautz, baina itzulerako luzean ez zuten asmatu. Dena den, orduan egindakoak konfiantza eman zien. «Gure aurkarien aurretik geratu ginen, eta horrek ere bultzada eman zigun. Azken estropadetan emaitza oso onak lortu ditugu, eta pauso txiki bakoitzean konfiantza hartu dugu».
«Azken estropadetan emaitza oso onak lortu ditugu, eta pauso txiki bakoitzean konfiantza hartu dugu»
AITZOL GARROÂ Zarauzko patroia
2021ean jaitsi zen mailaz Enbata ontzia, eta, bost denboraldiren ondoren, gorenean ariko da berriro. «Urte hauetan egindako lan guztiaren saria da. Egunetik egunera geroz eta hobeto ibiltzen saiatuko gara».
Herriarentzat «asteburu handia» izan dela azpimarratu du Garrok. «Herriko bi ontziak igo gara mailaz, eta hori ez da askotan gertatzen. Zarautzen, lehendabizikoz gertatu da hori».
Getariak jakinarazi duenez, Ion Larrañagak ez du trainerua zuzentzen jarraituko, eta datorren denboraldian Gaizka Gorostiaga izango da entrenatzailea. Zortzi urtez aritu da Larrañaga 'Esperantza' ontzian teknikari, eta taldeak hainbat lorpen izan ditu; besteak beste, hura entrenatzaile zela igo zen Getaria Eusko Label ligara, eta bandera bat ere lortu dute gorenean. Klubak eskerrak eman dizkio egindako lanagatik eta izandako jarreragatik. Larrañaga ordezkatzeko, Getariak etxeko baten aldeko apustua egin du. Gorostiagak hamabost urte daramatza elkartean, eta 11 urte egin ditu traineruan arraunean.ÂIon larrañagak ez du Getaria zuzentzen jarraituko
Â