oier mugarza
Erreka itsasora

Arrauna ez baita gure lana

2025eko abuztuaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oso interesgarria iruditu zitzaidan abuztuaren 22an berripaper honetan Ainhoa Etxenike Orioko arraunlariari egindako elkarrizketa, bertan aipatzen duen egoera arraunlari askok bizi baitugu, modu batera edo bestera.  

Arrauna oso ezaguna da gure inguruan, eta interes handia sortzen du kostako herrietan. Pittin bat barnealdera joz gero, ordea, egoera asko aldatzen da, arraunak bertan ez baitu ia interesik sortzen. Horrek mugatzen ditu, aldi berean, kirol honen ikusgarritasuna eta gizartean duen zeresana. Hortaz, arraunlariok behartuta gaude arraun egiteaz gain lan egitera, goi mailako arraunean ibilita ere.

Klubaren egoera ekonomikoak ere baldintzatu ohi du hori. Gure kasuan, historia luzeko kluba izan arren, beti izan da klub txikia arlo ekonomikoan. Eta bertan arraun egiten dugunok, aipatu bezala, lan egin behar izaten dugu. Lanak entrenamenduetan eta errendimenduan eragin handia izaten du, gainera. Askotan, taldekide guztiak biltzea ezinezkoa izaten da, batez ere uda bitarte; eta, ahal denean ere, entrenamenduak 19:00etatik aurrera egin behar izaten ditugu, gutxienez hamalau pertsona lehenago elkartzeko aukerarik ez dagoelako. Lanbide motak ere kalte egin diezaioke kirolarion egoera fisikoari, lan batzuk oso fisikoak eta neketsuak izan baitaitezke. Eta horrela beste hainbat eta hainbat gauzarekin. 

Egoera hau ez da berria, noski, eta zoritxarrez gauzak hala izango dira aurrerantzean ere, baina oso aintzat hartu beharreko gai bat dela iruditzen zait. Gure inguruan hainbesteko eragina badu, zergatik ez gaia mahai gainean jarri eta nolabaiteko irtenbide bat bilatzen saiatu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.