Sekulako ezustekoa izan da Realean. Arturo Ruizek utzi egin dio talde txuri-urdina entrenatzeari. Klubak gaur arratsaldean jakinarazi duenez, teknikari espainiarrak kontratua bertan behera uzteko etete klausula ordaindu du. Arturo Ruizi denboraldi honen bukaeran amaituko zitzaion kontratua Realarekin, 2027ko ekainaren 30ean hain zuzen. Baina ia urtebete lehenago eten du klubarekin adostutako lan hitzarmen hori. Itxuraz, atzerriko talde batek eskaintza bat egin dio, eta hark onartu egin du. Hori egin eta gero ordaindu du etete klausula.Â
Talde txuri-urdinak Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako joaneko partida jokatu zuen atzo Londresen, Chelsearen aurka. Arturo Ruiz Realaren aulkian eseri zen. Baina ez du berriz halakorik egingo. Taldeak entrenamendua zuen gaur arratsaldean Zubietan, baina entrenatzailea ez da azaldu.
Realak dagoeneko erabaki du zein teknikari arduratuko diren taldeaz behin-behinean: Maider Castillo kirol zuzendaria, Fernando Torres lehen taldearen bigarren entrenatzailea eta Aitor Resende bigarren taldeko teknikaria ariko dira lan horretan. Realaren lehen taldea zuzentzeko, UEFAren titulua izan beharra dago, eta Castillok badu, baina Torresek eta Resendek ez. Klubak adierazi duenez, «hurrengo egunetan» esango du nork ordezkatuko duen Arturo Ruiz.
Realak bi partida jokatu behar ditu astebete eskasean: larunbatean, Espainiako Lehen Mailako aurreneko partida jokatuko du, Zubietan, Logroñoren aurka. Datorren asteazkenean, berriz, Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako itzuliko neurketa jokatuko du, Zubietan, Chelsearen aurka.
Urtebete baino ez
Arturo Ruizek urtebete besterik ez du egin Realean. Iazko udan iritsi zen Donostiara, Granada taldean oso lan ona egin ondoren. Talde txuri-urdinarekin, berriz, bikain aritu da. Aurreko denboraldian Reala hirugarren postuan sailkatu zen Espainiako Ligan. Bartzelona eta Real Madril indartsuak besterik ez zituen izan aurretik. Hirugarren postu bikain horri esker, talde txuri-urdina Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu zen, azkenekoz hori egin eta lau urte geroago. Espainiako Kopan, berriz, apalago aritu zen Reala: Deportivo kanporatu zuen final-zortzirenetan (1-4), baina, final-laurdenetan, ezustean galdu zuen Badalonaren kontra, luzapenean (0-1).
Arturo Ruizek 33 partida zuzendu dizkio Realari, eta talde txuri-urdinak 21 irabazi ditu, zazpi berdindu eta bost galdu. Â