Askok kanpoan ikusten bazuten ere, Andreia Jacintok (Cascais, Portugal, 2002) beste urtebeterako luzatu zuen kontratua Realarekin: «Proiektu indartsua eta erakargarria egiten ari ziren, eta argi izan nuen». Multzoko zutarrietako bat izaten segitzen du, eta gozatzen ari da taldea egiten ari den sasoi hasiera dela eta.
Bihar beteko da astebete estreinakoz Bartzelonari irabazi zeniotenetik. Garaipen handia izan zen. Zer duzu gogoan?
Partida oso polita izan zen. Ez da ohikoa Bartzelonari irabaztea. Norgehiagoka oso ona jokatu genuen. Atzean sendo aritu ginen, eta gola sartzeko izan genuen aukera bakarrenetakoa, penaltia, baliatu egin genuen. Izugarria izan zen zaleekin halako garaipen bat partekatzea.
Aurreko sasoi gogorraren ostean, irrikaz egongo zineten zaleekin halako garaipen bat ospatzeko, ezta?
Dudarik gabe. Asko gozatu genuen. Zaleak hain pozik ikustea eta haiekin batasun hori sentitzea ikaragarria izan zen. Zelai berrian asko gozatzen ari gara. Giro oso berezia sortu da, eta jarrai dezala hala.
Fisikoki asko ahalegindu behar izan zenuten. Nola eutsi zenioten?
Uste dut emaitzari eusteko gakoa zera izan zela: bloke baxuan kokatu, eta oso batuta aritu ginela. Ziurtasunez jokatu genuen, eta laguntzetan oso ondo aritu ginen. Mentalki ere lan ikaragarria egin genuen. Osatu gara egindako ahaleginetik, eta gogotsu gaude igandean [bihar] Espanyolen aurka jokatzeko. Partida garrantzitsua da, Bartzelonari irabaztetik gatozelako eta hurrengo jardunaldian derbia dugulako Athleticen kontra.
Lau edo bost jokalarirekin aritu zarete atzean. Zein egiturarekin zaudete erosoagoa?
Nik biak ditut gustuko. Baina orain batez ere bostekin jokatzen ari gara, eta atzetik gora egiten duten hegalekin min handia egiten ari gara erasoan.
Hogei puntu dituzue, eta hirugarren zaudete sailkapenean, bigarren sailkatuarekin, Real Madrilekin, berdinduta. Zein da hain denboraldi hasiera ona egiteko gakoa?
Jokalari berri ugari etorri dira, eta asko ari dira ematen. Denetik daukagu: patxada, abiadura, potentzia, esperientzia... Hemen gaudenek ere hobetu egin behar izan dugu, entrenamenduetan maila handitu egin baita. Arturo [Ruiz, entrenatzailea] ere lan oso ona egiten ari da. Jokalariei eta jokatzeko moduari dagokienez, baliabide eta aukera gehiago ditugu aurten. Gainera, aurrean iragan sasoian baino eraginkorrago ari gara, eta atzean ere nahiko sendo gaude. Hainbat partidatan utzi dugu atea hutsean. Horrekin batera, aukera ugari sortzen ari gara erasoan.
Taldea Txapeldunen Ligarako sailkatu zen 2022an, Natalia Arroyoren eskutik. Orduan ere berria zen taldea, eta joko zuzena eta ikusgarria egin zuen. Ba al du antzekotasunik ordukoak eta oraingoak?
Bai, zerbait bai. Orduan ere amaiera arte lehiatzen eta sinesten duen talde bat ginen. Nortasun handia daukagu, eta azkenera arte lehiatzen gara.
Arturo Ruizek zertan aldatu du taldea?
Oraindik ere gustuko dugu baloia izatea, baina zuzenago jokatzen dugu: hegaletatik asko jokatzen dugu, erdiraketa gehiago egiten ditugu... Gainera, lan asko ari da egiten multzoak talde nortasun eta batasun bat izan dezan, egunerokoan gustura egon gaitezen. Horri esker, egunerokoa errazagoa da. Jokalariak jartzen gaitu erdigunean, eta arlo mentalari asko erreparatzen dio. Bestalde, prestatzaile oso lasaia da, eta patxada hori helarazten digu.
«Arturo Ruizek jokalariak jartzen gaitu erdigunean, eta arlo mentalari asko erreparatzen dio. Bestalde, prestatzaile oso lasaia da, eta patxada hori helarazten digu»
Euskarri postuan jokatzen segitzen duzu denboraldi honetan, Paula Fernandezekin batera. Zer moduz?
Oso, oso gustura. Nik beranduago hasi nuen denboraldiaurrea, Europako Txapelketa jokatu nuelako. Lehen entrenamenduan jokatzen ikusi nuenean, sekulako jokalaria iruditu zitzaidan, oso ona. Jokaldiak ikusteko sekulako gaitasuna du, oso bizkorra da. Gainera, nik aurrera egiteko tokiak sortzen ditu aurkarien arreta erakarriz. Gero eta hobeto ezagutzen dugu elkar. Defentsako lanean oldarkorrago aritzeko aukera ere badut, eta horretan beste aurrerapauso bat eman dut.
Edna Imade eta Aiara Agirrezabala dira ikusmin gehien sortzen ari diren jokalariak. Nola ikusten dituzu?
Hala da. Ednak asko ematen digu: indarra, golak, baloiari bizkarrez eusteko ahalmena... Buruz buruko hainbat jokaldi irabazi zizkion Irene Paredesi eta Mapi Leoni, eta hori oso zaila da. Bestalde, Aiara egiten ari den denboraldia ikaragarria da. 16 urte besterik ez ditu, baina ematen du urteak daramatzala Lehen Mailan jokatzen. Ezker hegala osorik hartzen du, oso indartsua baita bai erasoan bai defentsan. Julia [Arrula] ere nabarmendu nahiko nuke. Lehen denboraldia du taldearen atea zaintzen, eta sekulako lasaitasuna ematen digu.
Igandean Espanyolen aurka jokatuko duzue. Nolako partida espero duzu?
Oinak lurrean izan behar ditugu. Partida zaila izango da. Haiek talde sendoa dute defentsan, eta baloia berreskuratzen dutenean bizkor ateratzen dira erasora. Trantsizioetan oso arriskutsuak dira. Gainera, geldikako jokaldietan ere gol dezente sartu dituzte. Ondo zaindu beharko ditugu.
Gauza on asko ari zarete egiten. Baina zer duzue hobetzeko?
Lehen jardunaldietan kostatu egin zitzaigun partidetako aurreneko eta azkeneko minutuak kudeatzea. Horretan aurrerapausoa eman dugu. Hobetzen ari gara partidetako momentuak kudeatzeko orduan.
Aurreko denboraldian ere lehen itzuli oso ona egin zenuten, eta jendea Txapeldunen Ligarako sailkatzeaz hitz egiten hasi zen. Gero dena okertu zen. Oraingoan ez zenuten horretaz hitz egingo, ezta?
Ez. Ez diogu geure buruari zama hori jarri nahi. Gure helburua hau da: ahalik eta goien egotea, egunerokoan gauzak ondo eginez.