Julen Retegi. Aspeko pilotaria

«Aspaldi hasi ziren niri beterano deitzen»

Etzi Irujoren aurka jokatuko du, eta galduz gero, agur esango dio lau t'erdikoari. Hari, baina, ez dio inoiz irabazi bakarka. Uztailean hamar urte bete zituen profesional mailan.

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ez da ehizara joan urri osoan. «Lehiaketan banago, ez naiz joaten. Iaz ere ez nintzen joan». Eratsunen (Nafarroa, 1985) ez omen da izan urte ona, eta horrek arindu du premia, baina tiroren bat entzutean izan du inbidia.

Ehiza egitera ezin joatea ona da orduan?

Seinale ona da: txapelketan bizirik zaudela oraindik.

Etziko partida finala dela esan zenuen. Lehen, halakoetan, oso urduri jokatzen zenuen.

Finala delako esan nuen; irabazlea, aurrera, eta bestea, etxera. Urduritasuna hor dago. Bezpera hobeto daramat orain, baina bazkaltzeko garaian, pilotalekuan sartzean... Tximeletak sabelera datoz. Eramaten jakin behar da.

Lau aldiz jokatu duzu Irujoren aurka lau t'erdian eta laurak irabazi dizkizu.

Eta manomanistan ere bai. Juan iazko txapelduna da, superklase bat, eta oso partida zaila da. Baina begira Urrutiren aurka pasatu zitzaiona! Ilusioa ezin da galdu.

Zerk du Irujok berezia ezin diozula irabazi?

Juan saketik hasten da agintzen; oso bizi sakatzen du. Oso sake aproposa du lau t'erdikorako, albotik jota... Bera ni baino indartsuagoa da, eta nire aurka jokatu duenean, beti agindu izan du.

Nola ikusi duzu zeure burua txapelketan? Xalari txukun irabazi ondoren, 22-9 galdu zenuen Urrutikoetxearen aurka.

Triste bukatu nuen, nik jokatu egin nuelako; lana eman nion, baina bederatzi tanto egin nizkion bakarrik. Urrutiri dena sartu zitzaion, perfektu jokatu zuen. Berak harritu egin ninduen, abiadura handiarekin ateratzen zitzaion eskua pilotatik. Gora egiten ari da, eta fisikoa indartu du.

Iragarkientzako atsedenen inguruan kritiko mintzatu zara.

Nik Irujok eginiko kexarekin bat egin nuen. Ados nago berarekin. Hiru minutuak luze egiten dira. Bere garaian, sakeko pasa kendu zuten partida motela egiten zelako, eta orain, sei minutuko atsedena sartzen digute. Ulertzen ez ditugun gauzak dira. Nik diodana da pilotariarengan gehiago pentsatu behar dela.

Azken urteetan asko leporatu dizute ezker airez gutxi sartzen zarela. Nekatuta horrekin?

Nik nire estilora jokatzen dut. Mundu guztiak ez du Irujo edo Aimarrek adinako trebeziarik airez jokatzeko. Titini erreboteak eskatu dizkiote? Bada ez, haren jokoa airea da. Gauza berriak ikasi behar direla? Argi dago, baina beste faktore asko daude: konfiantza, eskuak... Nire eskuek, esaterako, ezker airez sartzean sufritzen dute gehien. Hori bai, orain lehen baino gehiago sartzen naiz airez; entrenamenduen, piloten eta eskuak gogortu izanaren eragina da.

Hamar urte egin dituzu profesionaletan; beraz, beteranoa zara ofizialki. Zer moduzko balantzea egiten duzu?

Bizkor pasatu zaizkit. Aspaldi hasi ziren niri beterano deitzen, eta are gehiago orain. Balantzea ona da; badut arantza, dena den: binakako txapelketa gehiagotan ez jokatu izana. Jende askok pilotari tematiaren etiketa jarri dit, baina hemen 22ra iritsi behar da.

30 urte inguruko gutxi zaudete.

Nirekin debutatu zutenak desagertu egin dira: Mendizabal I.a, II.a, Eskudero, Diez... Enpresek hartu duten erabakia da. Azkenean ez dakit zeintzuk geldituko garen jokatzeko.

Non ikusten duzu zeure burua? Altuna eta Artolaren multzoan, edo Olaizola eta Irujorenean?

Nik neure burua gazte ikusten dut, baina partida asko dira gorriz, txapeldun izan gabe. Aurrekoan Urrutiri esan nion ilusioa egin didala ligaxkako hiru partidak urdinez jokatu izanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.