Aspaldian ez bezalako uda

Erik Bretosek estreinako uda du Realeko futbol zuzendariaren karguan. Atzean, erdian eta aurrean indartu behar du taldea, baina lehenbizi taldea utzi beharko dute zenbait jokalarik.

Martin Zubimendi, PAOKen aurka Anoetan jokatutako partidan, aurtengo urtarrilean. JON URBE / FOKU
Martin Zubimendi, PAOKen aurka Anoetan jokatutako partidan, aurtengo urtarrilean. JON URBE / FOKU
2025eko ekainaren 13a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Iraultzaren ondorengo lehen uda izango da hau Realarentzat. Roberto Olabek eta Imanol Alguacilek klub txuri-urdina utzi dute, eta orain Erik Bretosek eta Sergio Franciscok zizelkatuko dute proiektu berria. Bretosek bulegoetatik egingo du lan hori, futbol zuzendaria denez. Lanik ez zaio faltako.

Jokalari gehiegi

Denak ez dira kabitzen

Realak fitxaketak egin nahi baditu, orain taldean dauden jokalarietako batzuk saldu beharko ditu. 33 jokalarik daukate kontratua talde txuri-urdinarekin. Bosti datorren urtean amaituko zaie: Aritz Elustondori, Hamari Traoreri, Sheraldo Beckerri, Jon Magunazelaiari eta Alberto Dadieri.

Gainera, postu batzuetarako hiru edo lau jokalari ditu Sergio Franciscoren taldeak; batez ere, zelai erdian. Gaur egun, punta erdian Brais Mendez, Pablo Marin eta Arsen Zakharian daude. Sucicek ere postu horretan joka dezake; baita Gotik ere, harrobian gehien nabarmendu den jokalarietako batek. Aurrean ere Oiartzabal, Oskarsson, Sadiq, Carlos Fernandez eta Karrikaburu daude.

Utzitakoen lekua

Nork jarraitu eta nork ez

Realak zazpi jokalari izan ditu utzita denboraldi honetan, horietatik bost Espainiako Bigarren Mailako taldeetan. Urko Gonzalez Zarate eta Gorrotxategi izan dira gehien nabarmendu diren jokalariak. Oso garrantzitsuak izan dira beren taldeetan: bata, Espanyol taldea Espainiako Ligan gera zedin, eta bestea, Mirandesek Lehen Mailara igotzeko borrokari euts ziezaion. Realaren euskarri izateko gai izan daitezkeela erakutsi dute, eta ezusterik ezean Sergio Franciscoren aginduetara egongo dira hurrengo denboraldian.

Bestelakoa da gainontzekoen egoera. Sadiqek Valentzian jokatu du, eta Karrikaburuk Santanderren. Biak ondo ibili dira, baina ia ziurra da nigeriarra Realetik joango dela, eta Elizondokoaren egoera erabakitzeke dago. Ikusteko dago Sergio Franciscok non kokatuko duen Oiartzabal, eta horren mende egon daiteke Karrikaburu Realean geratzea ala ez. Carlos Fernandez, Magunazelaia eta Dadie, aldiz, ez dira nabarmendu Bigarren Mailan, eta ez da espero klubean jarraituko dutenik.

Joan daitezkeen jokalariak

Zubimendi, denbora kontua

Bretosen eta Sergio Franciscoren aurkezpenean honako hau esan zuen Jokin Aperribaik: Zubimendi fitxatzeko eskaintzak jaso dituztela soilik. Donostiarra munduko euskarri hoberenetako gisa finkatu da azken urteetan, eta hala erakutsi du goi mailako neurketetan. Iazko udan Liverpoolera joatear egon zen, baina azkenerako ez zuen Ingalaterrako taldearen eskaintza onartu, eta Realean segitzea erabaki zuen. Uda honetan, ordea, bestelakoak dira gauzak. Ezusterik ezean Arsenalen jokatuko du. Mikel Artetak zuzentzen duen taldeak jokalariaren etete klausula ordainduko du: hirurogei milioi euro.

Gonzalez Zaratek eta Gorrotxategik argi erakutsi dute Zubimendiren ondorengoak izan daitezkeela, baina txuri-urdinak ahalmen fisiko handiagoa duen jokalari baten bila dabiltza merkatuan. Hortaz, zelai erdian beste jokalari bat fitxatzen badute, beste jokalariren bat joango da, utzita edo salduta.

Ikusteko dago, halaber, zer gertatuko den Kuborekin, Remirorekin eta Brais Mendezekin. Aperribaik eta Bretosek argi esan zuten klubak ez duela saltzeko beharrik, eta helburua ahalik eta talde indartsuena osatzea dela. Halako jokalariek alde egitea asko ahulduko lukete multzoa. Helburua zera da, jokalari horiek taldean jarraitzea; baina eskaintzak jaso ditzakete Espainiako zein Europako beste liga batzuetatik. Hala gertatuz gero, Realak zailtasunak izan ditzake multzoari eusteko, ez baitu Europako txapelketarik jokatuko.

Indartu beharreko tokiak

Atzean eta aurrean

Postu batzuetan jokalari gehiegi izan arren, beste batzuetan fitxaketak egin behar ditu Realak. Azken urteetako gol falta areagotu egin da azken denboraldian, eta bigarren itzulian defentsan zeukan fidagarritasuna galdu zuen. Iragan udan Le Normand joan zen; orduan, erdiko atzelariek ―hala nola Pachecok― aurrerapausoa emango zutela espero zen, baina ez da hala izan. Aguerd gabe, gipuzkoarrak kaskar ibili dira atzean, eta, marokoarrak ez duenez taldean jarraituko, defentsako burua izango den jokalari indartsu bat bat behar du Realak, batez ere ezkerrean. 

Aurrean are okerrago ibili da. Datuak kezkagarriak izan dira: txuri-urdinek ez dute golik sartu ligako partiden erdietan, 35 sartu dituzte 38 neurketetan. Aurrean, Oiartzabalek bederatzi gol sartu ditu ligan, eta Oskarssonek hiru. Bretos fisikoki indartsua den aurrelari baten bila ari da, eskarmentua duena, eta hegalean ere joka dezakeena.

Hegalak ere ez dira fin ibili, eta Kubo izan da erregularrena denboraldi osoan. Barrenetxea ez da bere maila gorenean aritu, eta Sergio Gomez ez da eraginkorra izan ezker hegalean. Txuri-urdinek errendimendu bikaina emango duen jokalari bat behar dute aurrean, baina taldeak dirutza ordaindu beharko du postu horietan fitxaketak egiteko.

Harrobia, beti hor

Reala B-ren igoeraren mende

Sergio Francisco lehen taldeko entrenatzaile berria izango da. Baina ederki ezagutzen ditu Reala B-n dabiltzan jokalariak, eta horietako batzuek lehen talderako urratsa egin dezakete. Azken denboraldian Luken Beitiak, Arkaitz Mariezkurrenak, Mikel Gotik eta Jon Baldak jokatu zuten lehen taldearekin. Horietako batzuk Sergio Franciscoren aginduetara egon daitezke hurrengo sasoian. Mikel Rodriguez eta Iñaki Ruperez ere pausoa emateko gertu egon daitezke.

Dena den, hori argitzeko bi aste itxaron beharko da gutxienez. Izan ere, txuri-urdinen bigarren taldeak Espainiako Bigarren Mailara igotzeko azken kanporaketa jokatuko du, Gimnasticen kontra. Igoera lortuz gero, gerta liteke jokalari gutxiagok egitea lehen talderako urratsa. Hala gertatu zen Reala B Bigarren Mailan aritu zen azken denboraldian: 2021-2022an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.