Erremontea

Astelehenean hasiko da Sagardoaren Txapelketaren azken ekitaldia

Iaz bezala, bost bikotek jokatuko dute, eta bi onenek finala jokatuko dute ekainaren 29an, Galarretan. Azken urteetan egin bezala, 'Erremontari' ETB1eko saioaren barruan jokatuko dute txapelketa.

Erremontari. Jon Urbe FOKU
Txapelketa jokatuko duten erremontista batzuk, gaur, Oronaren egoitzan, aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko maiatzaren 5a
19:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu da sagardotegi garaia. Erremontean, ordea, astelehenean hasiko da Sagardoaren Txapelketa. Hura ere azkenekoz antolatuko du Oriamendi 2010 enpresak. Ekainaren 29an jokatuko dute finala, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian. Azken urteetan egin bezala, Erremontari ETB1eko saioaren barruan jokatuko dute txapelketa.

Iazko antolaketa eta lehiaketa sistema bera izango du. Bost bikotek jokatuko dute, eta bakoitza sagardotegi baten izenean ariko da: Imanol Ansak eta Aritz Zubirik Bereziartua sagardotegiaren izena eramango dute; Josetxo Ezkurrak eta Xabi Azpirozek, Aburuzarena; Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak, Oialume Zarrena; Beñat Segurolak eta Iban Larrañagak, Petritegirena; eta Ander Goikoetxeak eta Aritz Juaneneak, Alorrenearena. Bikote bakoitzak kapitain bat izango du. Lehen jardunaldian argituko dute zeintzuk izango diren kapitainak.

Iaz, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak irabazi zuten txapela. Ansa II.a eta Zubiri, Ezkurra II.a eta Azpiroz, eta Segurola eta Larrañaga, berriz, binakako txapeldun izandakoak dira. Juanenea, berriz, azken buruz buruko txapelduna da. Hau da, txapeldunen txapelketa izango da aurtengoa.

Bost bikoteek bost jardunaldiko ligaxka jokatuko dute: bakoitzak lau partida jokatuko ditu. Hurrengo bost astelehenetan ariko dira: maiatzaren 11n, 18an, 25ean, ekainaren 1ean eta 8an. Lehen bikote sailkatua zuzenean sailkatuko da finalerako; bigarrena finalerdian ariko da; hirugarrenak eta laugarrenak kanporaketa jokatuko dute; eta azken sailkatua lehiatik kanpo geratuko da. Kanporaketa ekainaren 15ean jokatuko dute, eta partida horren irabazlea finalerdietan izango da. Finalerdia ekainaren 22an jokatuko dute, eta finala, 29an. 18:00etan hasiko dira partida guztiak, eta ETB1ek 22:30ean emango ditu.

Set formatuan jokatuko dituzte partida guztiak: lehen bi setak hamabost tantora izango dira, eta, hirugarren seta beharko balitz, hori zortzi tantora izango da. Emaitzen arabera lortuko dituzte puntuak bikoteek, sailkapenerako: setetan 2-0 irabazten duen bikoteak lau puntu lortuko ditu; 2-1 irabazten duenak, hiru; 2-1 galtzen duenak, bat; 2-0 galtzen duenak, batere ez; eta bi setak kontuan hartuta hamabost tanto lortzen ez dituenari puntu bat kenduko zaio.

Lehiari dagokionez, eta partidei bizitasun handiagoa emateko, sakea ateratzeko denbora muga bat izango dute bikoteek tantoa egiten dutenetik: 30 segundo. Sakea tarte horretan ateratzen ez duenak epailearen abisua jasoko du. Lehenbizikoan, hitzez esango die 30 segundo horiek gainditu dituztela, eta txartel urdina aterako die. Bigarren abisuan, sakea galduko dute, eta bikote aurkariak izango du horretarako aukera. Hori gertatuz gero, araua betetzen ez duen bikoteari txartel horia aterako dio. Bestalde, hirugarren abisua jasotzen badute, tantoa kenduko diete, eta txartel gorria erakutsi. Aurkariek hogei segundo izango dituzte sakea errestatzeko prestatzeko. Epailearen aurrean jokabide desegokia izanez gero, epaileak txartelak erabiltzeko aukera izango du. Bestalde, jokalari batek min hartzen badu, edo ondoezik badago, epaileek denbora gelditu ahal izango dute.

BIKOTEAK
Aburuza. Ezkurra II.a eta Azpiroz.
Alorrenea. Goikoetxea V.a eta Juanenea.
Bereziartua. Ansa II.a eta Zubiri.
Petritegi. Segurola eta Larrañaga.
Oialume Zar. Aldabe eta Barrenetxea IV.a.

EGUTEGIA
Ligaxka: Maiatzak 11, 18, 25, ekainak 1 eta 8. 
Kanporaketa. Ekainak 15.
Finalerdia. Ekainak 22.
Finala. Ekainak 29.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA