Pilota

Ataun urdinez jantzi dute Albisuri animoak emateko

Ataungo herriak ez dauka saltzeko Jon Ander Albisu. Herritarrak ilusioz gainezka dira igandeko finalerako, baina, emaitzaren gainetik, pilotariaren gizatasuna nabarmendu dute.

Ataun Albisurekin. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jon Ander Albisuren aldeko oihal bat balkoi batean eskegita, Ataunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon eskudero
2026ko martxoaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzerako kontaketa jada martxan dute Ataunen (Gipuzkoa), igandean jokatuko den Binakako Txapelketako finalerako. Ilusioa auzorik auzo eta etxerik etxe hedatu da, eta horren erakusgarri da herriko balkoiek agertzen duten irudia. Jon Ander Albisuren lagunek martxan jarritako ekinaldi baten harira, urdinez jantzi dituzte Ataungo balkoiak, Unai Lasok eta Albisuk elastiko urdinarekin jokatuko baitute finalean, Jokin Altunaren eta Joseba Ezkurdiaren aurka. Albisuk binakako hirugarren finala izango du, eta herritarrak baikor dira, uste baitute gai izango dela lehenengo aldiz txapela janzteko. Jakin arren partida zaila izango duela, Albisuren eskuak erabat osaturik daudela diote, eta horrexegatik daude baikor. Irabazi edo galdu, dena den, pilotariaren gizatasunak txapel batek baino gehiago balio du, nabarmendu dutenez.

Okasioak hala eskatzen duelako, igandean erdi hutsik geratuko da Ataun, herritar askok eta askok hartuko baitute Iruñerako bidea. Ilusio izugarria dutela aitortu du Martin Aramendi alkateak. «Alkatea ez ezik, pilotazale amorratua ere banaiz, eta igandea iristeko desiratzen gaude. Sari handia da Iruñera joan ahal izatea; izan ere, 2021eko finala herritik ikusi behar izan genuen, pandemiarengatik. Oraingo honetan, autobusak antolatu ditugu». Ataungo San Gregorio auzoan pantaila erraldoi bat jarri zuten duela bost urte, baina gauzak ez ziren espero bezala joan. «Partida tristea atera zen, eta tristura nagusitu zen herritarron artean. Gero ongietorri moduko bat egin genion Albisuri, eta negar malkoak ere atera zitzaizkion, emozioak jota. Ez dut imajinatu ere egin nahi txapeldun izateak zer ekarriko lukeen herrira».

«Borrokan jardun zuen pilotaren etorkizunaren alde, eta, txapela irabazten ez badu ere, guretzat beti izango da eredugarria»

MARTIN ARAMENDI Ataungo alkatea

Hori bai, emaitza edozein dela ere, herrian txapeldun handi bat dutela garbi dauka Aramendik. «Albisuren gizalegea nabarmendu nahi nuke. Laster hamasei urte beteko ditu profesionaletan, eta inoiz ez du keinu txar bat ere egin. Kantxan bezalakoxea da handik kanpora ere: ogi pusketa baino hobea». Alkateak gogoan ditu greba garaiko egunak. «Bolada zail hartan aurpegia eman zuen, eta kontuan hartu behar da gutxi zeukala irabazteko. Borrokan jardun zuen pilotaren etorkizunaren alde, eta, txapela irabazten ez badu ere, guretzat beti izango da eredugarria». Herritar gehienak bezala, Aramendi bera ere Nafarroa Arenan izango da, baina baditu beste konpromiso batzuk lehenago. «Korrikaren amaiera izango dugu Bilbon, eta azken kilometroetan parte hartzea tokatzen zait UEMAren izenean. Dena den, garaiz iritsiko naiz Iruñera».

Jexux Goikoetxea Joxemiel Barandiaran herri ikastetxeko irakasle ohia da, eta ondo gogoan du Albisu zer moduz moldatzen zen korrika eta pilotan. «Begien aurrean daukat Albisu nolakoa zen umetan. Ikasle ona zen, baina batez ere soinketan nabarmentzen zen. Fisikoki ahaltsua zen, eta nabarmenduko nuke maitagarria zela. Bihurritik ez zeukan ezer». Pilotan jardutea gustatzen zitzaion. Bada, pilota txapelketak antolatzen aritzen zen Goikoetxea, eta erretiratuta egonagatik, oraindik ere laguntzen dio eskolari zeregin horretan. «Urtero laurogei bat ume ibiltzen genituen partidak jokatzen, eta Albisuk zaletasun handia zeukan. Ikusten zitzaion aparteko zerbait bazuela. Beste haurren artean bazeukan zerbait berezia. Gure aletxoa jarri genuen Albisuk pilotaren bidea har zezan, eta izugarri harro gaude. Ederra da ikustea zer-nolako pertsona ona den. Kalean ikusi orduko etortzen zaigu hizketara».

«Albisuk zaletasun handia zeukan. Ikusten zitzaion aparteko zerbait bazuela. Beste haurren artean bazeukan zerbait berezia»

JEXUX GOIKOETXEA Albisuren irakasle ohia

Goikoetxearen esanetan, Albisuk merezi luke txapel bat profesional ibilbidea biribiltzeko. «Euskal Herri osoa poztuko litzateke hori gertatuko balitz». Orain arte zortea etsai izan du Baikoko atzelariak, irakasle ohiaren ustez. «Haren lehen finalean Pablo Berasaluzek min hartu zuen, eta finala bertan behera gelditu zen. Bigarren finalean, eskua mindu zitzaion. Gogoratu behar da Lasorekin beste txapelketa bat ere jokatu zuela, baina ez zutela aukerarik izan amaierara iristeko, grebaren eraginez. Kasik beti maila apalagoko aurrelariekin jokatu behar izan du, eta horrela zaila da txapeldun izatea. Sinetsita nago aurtengoa dela haren urtea». Hori bai, Goikoetxeak eskertuko luke finala lasaia izatea. «Finalerdietan ia bihotzekoak eman zidan, 21na jarri zirenean. Finala errazago irabaztea nahi nuke. Badakit Albisuk txapela lortzen badu aita zenari eskainiko diola».

Oraingoz, «lasai dago»

Gasteizko Ogetan jokatu zen finalerdi hura, eta Ataungo San Gregorio auzoan dagoen Sutegi tabernan ikusi zuten herritar askok. Sutegiko arduraduna da Iñaki Galparsoro, Albisuren lagun mina. «Jendetza bildu zen igande hartan, eta finalean ere tabernara etorriko dira Iruñera joan ezin diren asko. Giro polita egongo da». Galparsoro, dena den, Nafarroa Arenan izango da. «Nik jai hartuko dut lanean. Albisu lagun mina dut, eta han egon beharra daukat. Oraingoz lasai ikusten dut. Eskua osatu zaiola dirudi, eta horrek lasaitasun handia ematen dio. Ni hura baino hogei urte zaharragoa naiz, eta gogoratzen dut txikitan nola aritzen zen pilotan baserriko hormaren kontra. Beti pilota poltsikoan eraman duten horietakoa izan da, eta binaka txapeldun izatea opari bikaina litzateke».

«Sei urterekin hasi nintzen pilotan, eta Albisu beti izan dugu eredu. Etxetik bultzatuko dugu txapela irabaz dezan. Gora Albisu!»

INTZA LABAKA Albisuren jarraitzailea

Gaur-gaurkoz, lau pilotari profesional dituzte Ataunen. Albisuk ez ezik, goi mailan dihardute Iraitz eta Beñat Zubizarretak eta Beñat Senarrek ere. Pilota eskola fruituak ematen ari da, eta atzetik badator jende gehiago. Horietako bat da Intza Labaka, 12 urteko neskatoa. «Sei urterekin hasi nintzen pilotan, eta Albisu beti izan dugu eredu. Familiarekin ikusiko dut finala, eta etxetik bultzatuko dugu txapela irabaz dezan. Gora Albisu!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA