BEÑAT SENAR. BAIKO ENPRESAKO PILOTARIA

«Ataunentzat ederra izango da herriko hirurok jaialdi berean jokatzea»

Aurrelariak bihar egingo du estreinakoa profesionaletan, Seguran. Berezia izango da: Ataungo beste bi profesionalak ere ariko dira: Albisu eta Zubizarreta III.a. «Ilusioz gainezka» dago.

BEÑAT SENAR.
JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Jose Miguel Barandiaranek aspaldi bilakatu zuen jentilen herria Ataun (Gipuzkoa). Azkenaldian, pilotari profesionalena ere bada. Hiru daude. Marka da, 1.700 biztanle baino ez baititu. Jon Ander Albisuk urteak daramatza punta-puntan. Iraitz Zubizarretak Promozio Mailako lau eta erdiko txapela irabazi berri du. Beñat Senarrek (Ataun, 2001), berriz, bihar egingo du debuta, Seguran (Gipuzkoa). Baratze frontoia ataundarrez beteko da, herriko hiru pilotariek jokatuko baitute: Senarrek Iker Larrazabal ordezkatuko du B Serieko binakakoan, eta Zubizarreta III.aren aurka ariko da; Albisuk, berriz, binakako nagusiko partida jokatuko du.

Bihar jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz?

Lasai nago. Ondo entrenatu naiz aste honetan, gogotsu. Ilusio handia dut. 

Baikok aurreko astean jakinarazi zuen debuta egingo zenuela. Izan duzu denborarik barneratzeko?

Bai, baina pixkanaka barneratu dut. Dena oso azkar pasatu da: aste batetik besterako kontua izan da. Niretzat berriak diren kontu pila bat egin behar izan ditut azken egunetan: elkarrizketak eman, argazki saioak egin, azterketa medikoa pasatu... Ia ez dut izan atsedenik. 

Ezustean harrapatu zintuen, ala espero zenuen?

Bost hilabete neramatzan Baikorekin entrenatzen, eta banekien agian iritsiko zela debutarena. Lau pilotari ginen antzera, eta niri egokitu zait. 

Noiz eta nola jakin zenuen?

Astelehen batez [azaroak 13] deitu zidan Joserra Garaik [Baikoko zuzendari nagusiak], eta esan zidan biharamunean nirekin hitz egin nahi zuela, Beasainen entrenatu eta gero [Gipuzkoa]. Bilera horretan esan zidan debutatu egingo nuela, eta ados baldin banengoen, hurrengo egunean sinatuko nuela kontratua, Bilbon. Han esan zidan zehazki noiz hasiko nintzen. 

Zer pentsatu zenuen?

Txikitako ametsa bete nuela, eta horren luze itxaron nuen unea iritsia zela. Izugarri poztu nintzen. Ederra da benetan gustatzen zaizun zerbaitetan aurrerapausoa ematea.

Segituan kontatu zenien gertukoei?

Isilik egoteko esan zidaten, baina segituan kontatu nien gertukoenei: etxekoei eta bikotekideari. Asko poztu ziren. Uneaz gozatzeko, gauzak lasai hartzeko eta ahalik eta gehien saiatzeko esan zidaten; iritsi bakarrik ez, ondo aritu beharra dagoela.  

Bi urterako kontratua sinatu duzu. Enpresak zer eskatu dizu?

Lasai hartzeko, profesionalen erritmora egokitzen saiatzeko, eta Bigarren Mailako buruz burukoa ondo prestatzeko.

«Izugarri pozik nago. Ederra da benetan gustatzen zaizun zerbaitetan aurrerapausoa ematea»

Modalitate horretan moldatzen zara ondoen. 

Emaitza onenak, behintzat, buruz buru lortu ditut. Baina binaka ere gustura aritzen naiz.

Aimar Olaizola Baikoko kirol zuzendariak esan du «eskuin indartsua» duzula, eta ezkerrarekin «oso ondo» egiten duzula gantxoa. Ados zaude?

Bai. Eskuinarekin ondo aritu izan naiz, eta, azkenaldian, aurrerapausoa eman dut ezkerrarekin.

Zertan moldatzen zara ondoen?

Eskuinarekin, pilota ondo luzatzen dut; fisikoki, ondo eusten diot; eta, ezkerrarekin, aukera izanez gero, ondo bukatzen dut.   

Zertan duzu gehien hobetzeko?

Defentsan. Profesionaletan askoz azkarrago dator pilota, eta hobeto jarri beharra dut pilotakada horiei aurre egiteko.

Afizionatuetan oso emaitza onak lortu dituzu: besteak beste, 23 urtez azpiko munduko txapeldun izan zara. Baina, orain, profesionalekin ariko zara. Aldea dago.

Bai, eta errespetua ematen du. Pilotak gogorxeagoak dira, eta pilotari guztiek asko jokatzen dute; ez dago partida errazik.  

Sumatu duzu aldea?

Bai. Beste bizitasun bat ematen diote pilotari, erritmo biziagoan aritzen dira, eta pilotek, askoz berriagoak direnez, beste distira bat dute. 

«Eskuinarekin ondo aritu izan naiz, eta, azkenaldian, aurrerapausoa eman dut ezkerrarekin. Defentsan hobetu beharra dut»

Baten batek harritu zaitu?

Askok. Adibidez, duela gutxi Jakarekin entrenatu nintzen, eta harrituta geratu nintzen ikusita zer-nolako ahalmena daukan ezkerrarekin tantoa bukatzeko. Guztiak dira oso onak zerbaitetan. Horregatik dira profesionalak.

Familia pilotazalea duzu?

Etxean afizio handia izan dugu beti. Ni oso txikitan nasi nintzen pilotan, aitonarekin, herriko frontoian. 3 urterekin hasi nintzen pilota eskolan. 12 urterekin, berriz, Lazkaora joan nintzen [Gipuzkoa], LAPKE klubera. Han egin naiz pilotari, Asier Mintegiren esanetara. Asko eskertzen diot. 

Pilotari kutunik izan al duzu?

Aimar [Olaizola]. Irujoren eta haren arteko partidetan, Aimarrek irabaztea nahi nuen nik. Herrikoa izanik, Albisu ere eredu izan dut, pilotari zein pertsona gisa. 

Ataungo hiru pilotari zarete profesional, eta hirurek bihar jokatuko duzue. Segura hartuko duzue?

Ataunentzat ederra izango da herriko hirurok jaialdi berean jokatzea. 

Herrian jokatzea litzateke errematea.

Bereziagoa litzateke, eta erosoagoa denontzat. Baina Segura gertu dago, hamar minutura; ziur jende asko joango dela frontoira eta egun polita izango dela.

1.700 biztanle, eta hiru profesional. Marka da. Zer du Ataunek?

Afizioa, eta Albisuren tiradizoa: urte asko daramatza gorenean. Oso bolada ona harrapatu dugu; oso marka polita da. Baina Beñat Zubizarreta ere oso ondo ari da afizionatuetan. Ea hari ere aukera iristen zaion.

Gozatzeko izaten dira debuteko partidak, baina zuk txapelketako neurketa jokatuko duzu. Hori aski ez, eta egungo bikote txapelduneko kide baten ordez ariko zara. Horrek presioa sortzen dizu?

Ez. Nik ez du presiorik. Lasai hartzeko esan didate. Baina egia da debuteko partidak lasaixeagoak izaten direla; bihar, berriz, nik ez ezik, aurkariek ere irabazi nahiko dute ezinbestean.  

Zer helburu duzu bihartik aurrerako?

Lanean jarraitu, eta saiatu ahalik eta gehiena ikasten. Lana ez da bukatzen hona iritsita; hemen eusteko, hobetzen jarraitu beharra dago. 

Lan egiten duzu: ingeniaria zara Ampo Idiazabalgo kooperatiban (Gipuzkoa). Prest zaude biak bateratzeko?

Bai. Hizketan ari gara biak bateragarri izan daitezen. Argi dago ezingo dudala jarraitu zortzi orduz lan egiten. Baina bulegoko lana da nirea, eta ez du esfortzu fisikorik eskatzen; beraz, orduak murriztuta, moldatu naiteke biak egiteko. 

Norbaiti eskerrak eman nahi dizkiozu?

Etxekoei, bikotekideari, familiari, Idoiari, Bittorri, kuadrillakoei; finean, urte hauetan guztietan nire ondoan egon diren guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.