Gaur aurkeztu dute Athletic Club Gabarra liburua San Mamesen. 2024ko apirilaren 6a egun ahaztezina izan zen athleticzale guztientzat, Bilboko taldeak Espainiako Kopa irabazi baitzuen. Ospakizun guztien artean, baina, arretarik handiena ekitaldi batek piztu zuen: gabarra ateratzeak. Berrogei urteren ostean, berriro Ibaizabalgo uretatik barrena ibili zen ontzia, eta, guztira, milioi bat pertsona inguru bildu ziren ospakizuna bertatik bertara ikusteko eta gozatzeko asmoz. Hamabost argazkilarik ateratako berrehun argazki baino gehiago biltzen ditu liburuak, eta horiek 20.000 argazki baino gehiagoko artxibo batetik hautatu dituzte.Â
Ekitaldian Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak eta Oscar De Marcos, Mikel Balenziaga eta Iker Muniain jokalari ohiek parte hartu dute. Horrez gain, klubeko ordezkaritza zabala izan da, lehen taldeko jokalariez gain, jokalari ohi ugari bertaratu baitira San Mamesera. Instituzioetako hainbat ordezkari ere izan dira, besteak beste Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua.Â
Ekitaldian, iraganeko zenbait gertaera gogoratu dituzte, eta umorez aritzeko zein hunkitzeko tartea ere egon da. Lurra atalarekin ekin diote oroitzapenak gogora ekartzeari, eta Balenziagak horien inguruko hausnarketa egin du: «Orain egiten ari naizen hausnarketa hau pertsonala da, baina ziur nago hemen dauden eta taldean nirekin aritutako askok iritzi berdina izango dutela. Athleticen geratu zaidan arantza bakarra Espainiako Kopa ez irabaztea izan da».Â

Valverdek ere antzeko hausnarketa egin du. XXI. mendean Athleticek guztira bost final galdu ditu Espainiako Kopan, eta 2015ekoan Arabako entrenatzailearen eskutik iritsi ziren finalera. Horregatik, Valverdek euren «aukera» moduan deskribatu du azken final hura; izan ere, 2021ean Realaren aurkakoa ere «aukera handi» moduan ikusten zuten, baina ez zuten irabaztea lortu.Â
Airea, berriz, finalera iritsi aurretik jokatutako norgehiagokei lotutako atala da. Iñaki Williams Afrikako Kopa jokatzen ari zen garai horretan, Ghanako selekzioarekin, eta azken unean hegazkina hartu eta partida hori jokatzeko iritsi zen. Valverdek Ghana txapelketatik kanporatu zen eguna gogoratu du: «Norgehiagoka kaotikoa izan zen, eta guztiok, noski, Iñakiren taldeak galtzea nahi genuen, gurekin jokatzeko aukera izateko». Azkenean, halaxe gertatu zen, eta, gainera, Iñaki Williamsek sartu zuen gol erabakigarria. Gol horren ospakizunaren argazkia ere ipini dute bertako pantailan, eta guztiek irribarre batez oroitu dute.
Sua atalean finalean penaltietan bizi izan zuten tentsioaz ari dira. Atal horretan, Ernesto Valverdek zelaitik kanpoko giroaz hitz egin du: «Nik zelaitik kanpo askoz ere tentsio handiagoa sumatu nuen, barruan baino». Balenziaga Coruñan (Galizia) jokatzen ari zen garai horretan, eta, aipatu duenez, etxean ikusi zuen finala: «Mallorcaren lehen golaren ostean, iraganeko mamuak etorri zitzaizkidan, eta uste nuen galdu egingo genuela».
De Marcos eta Muniain, baikor
Aurkezpenaren ostean, Oscar De Marcosek eta Iker Muniainek taldeari buruz hitz egin dute kazetarien aurrean. Asteartean Athleticek Arsenalen aurka San Mamesen jokatuko duen estreinako norgehiagokaren inguruan mintzatu da De Marcos: «Egun berezia izango da. Zale gisa asko gozatuko dut Txapeldunen Ligan». Iker Muniain, berriz, aurten Athleticek osatu duen taldeaz aritu da: «Esperientzia duen talde bat mantentzea lortu dute. Pixkanaka pausoak aurrera ematen ari da, eta orain dauden gazteak izango dira etorkizunean hau [taldea] aurrera eraman beharko dutenak».