Hasi da baloia mugitzen Lezaman eta Areition. Athleticeko eta Eibarreko jokalariek astelehenean egin zituzten mediku probak, eta gaur osatu dute lehen lan saioa zelaian. Zuri-gorriek aldaketa nabarmen batekin hasi dute denboraldiaurrea. Joan den denboraldian Javi Lerga entrenatzaileak ez zuen asmatu taldearen onena ateratzen, eta, beraz, Victor Martin ariko da taldea zuzentzen haren ordez. Denboraldi baterako sinatu du kontratua. Multzoan orain arteko bi jokalari garrantzitsu falta dira: Maite Zubieta eta Nerea Nevado. Lehenak Atletico Madrilen jokatuko du, eta bigarrenak, Milanen. Eibarrek, berriz, gorenean laugarren denboraldia egingo du jarraian, eta klubak Iñaki Goikoetxearen aldeko apustuari eutsi dio. Beste denboraldi batez eseriko da Ipuruako aulkian. Taldeari dagokionez, azken denboraldietan bezala, Eibarrek ezin izan dio eutsi bizkarrezurrari.
Joan den sasoian, ligan zazpigarren amaitu zuen Athleticek; Jon Uriarte klubeko presidentearen hitzetan, taldeak «behetik gora» egin zuen David Aznarren aginduetara; Lergarekin, baina, «multzoak ez zuen ez aurrera ez atzera» egin. Martinen zeregin nagusia, beraz, Aznarrek abiarazitako goranzko joera horri berriro heltzea izango da. Talde zuri-gorriarentzat, bereziki mingarria izan da Zubieta eta Nevado joatea, biak pieza garrantzitsuak izan baitira. Haiek ez ezik, Marta Sanadrik, Olatz Santanak eta Naroa Uriartek ere utziko dute Athletic. Uriarte atzelariak futbola uztea erabaki du.
Haien hutsunea betetzeko asmoz, klubak ez du fitxaketarik egin oraingoz. Utzita egon diren bost jokalari hauek dira berritasun nagusia: Eunate Astralaga atezaina, Garazi Facila, Amaia Martinez eta Marina Artero atzelariak, eta Amaia Iribarren erdilaria. Astralagak, Facilak eta Iribarrenek Eibarren jokatu dute azken denboraldian. Berangoko 20 urteko atezainak etorkizun oparoa du aurrean. Iaz aurrenekoz sartu zen Espainiako selekzioaren deialdian, eta Nazioen Liga irabazi zuen. Eibarren bikain aritu den seinale.
Astralagak bezala, Facila eta Iribarren nafarrek ere badute eskarmentua maila gorenean. Ezker alboko atzelariak ez du zeregin makala izango Athleticen: Nevadoren tokia hartu beharko du. Iribarren, berriz, zelai erdian tokia egiten saiatuko da. Jokalari oso abila da teknikoki. Bestalde, Martinezek eta Arterok erdiko atzelari gisa jokatzen dute. Lehenak Espanyolen egin ditu azken bi denboraldiak, eta bigarrenak, berriz, Deportivo Abancan.
Azken asteetan Maddi Torre atzelariak eta Patri Zugasti aurrelariak beste sasoi baterako kontratua sinatu dute klub zuri-gorriarekin. Horietaz gain, Athleticek kate motzean lotu ditu Irene Ogiza kapitaina (2029), Ane Azkona aurrelaria (2028) eta Naia Landaluze atzelaria (2028).

Eibarren, aurpegi berri ugari
Iñaki Goikoetxea joan den sasoian estreinatu zen gorenean lehen entrenatzaile gisara. Eibarreko entrenatzailearen helburu nagusia mailari eustea zen, eta liga amaitzeko bi jardunaldi falta zirela lortu zuen. Denboraldi honetako xedea berbera izango da, are gehiago kontuan hartuta taldean aurpegi berri ugari daudela.
Oraingoz bederatzi jokalari fitxatu ditu Eibarrek. Anna Wellman atezaina, Aitana Zumarraga, Nahia Azpiazu, Samara Ortiz eta Estefania Botero Simona atzelariak, Noe Fernandez eta Nerea Sanchez erdilariak, eta Thirsa de Meester eta Angeles del Alamo aurrelariak. Arreta handiena erakarri dutenak Wellman atezain alemaniarra eta De Meester hegaleko jokalari belgikarra dira.
Wellman utzita iritsi da Municheko Bayern taldetik. 31 urte ditu, eta Alemaniako bi liga, Kopa bat eta Superkopa bat irabazi ditu. De Meesterrek, berriz, 20 urte besterik ez du, eta Belgikako Gent taldetik fitxatu du Eibarrek. Gaztea izanagatik ere, esperientzia du Belgikako liga gorenean. Bi denboraldirako sinatu du. Gainerakoei dagokienez, Zumarragak, Del Alamok, Sanchezek, Ortizek eta Simonak gorenean jokatu dute. Fernandezek eta Azpiazu nafarrak, aldiz, Eibarrekin estreinatuko dira Lehen Mailan.
Etorri direnez gain, Eibarrek kontratua luzatu die Carmen Alvarez (2028), Adela Rico (2027), Sara Martin (2027) eta Mireia Masegur (2027) jokalariei. Ez, ordea, Ane Etxezarretari eta Malen Urangari. Halaber, Patri Ojedak, Marta Lopez de Gereñuk, Laura Caminok —Realera joan da—, Iara Lacostak, Opah Clementek eta Arene Altonaga kapitainak —futbola uztea erabaki du— ez dute taldean segituko. Bestalde, joan den denboraldian utzita egon ziren jokalariak euren klubetara itzuli dira: Eunate Astralaga, Garazi Facila eta Amaia Iribarren Athleticera, eta Emma Moreno Atletico Madrilera.
Athleticek eta Eibarrek abuztuko azken asteburuan jokatuko dute ligako lehen partida. Biek etxean ekingo diote denboraldiari: zuri-gorriek Levante Badalonaren aurka, eta Eibarrek Espanyolen kontra.