Gaur egin du Athleticek denboraldiaurreko lehen entrenamendua zelaian, eta ondoren aurkeztu du Victor Martin entrenatzailea. Joan den uztailaren 26an jakinarazi zuen ofizialki talde zuri-gorriak nor izango zen Javi Lergaren ordezkoa. Entrenatzaile madrildarrak denboraldi baterako sinatu du. Athletic asko miresten duela esan du aurkezpenean: «Kanpoan miresmen handia diote klubari: zer den, nola ulertzen den, eta zer historia duen». Gainera, Athleticeko entrenatzaile izateak esan nahi duenaz jabetu dela dio: «Langile guztiak ezagutuz zoazen heinean eta jendea ezagutzen hasten zarenean, konturatzen zara zeinen berezia den hau, hona etortzea zein egokia izan den, eta zer-nolako erantzukizuna den».
Athleticera etortzeko aukera zuela jakin zuenean, argi izan zuen erabakia Martinek: «Nire ordezkariak Athleticen aukeraz hitz egin zidanean, esan nion ez neukala pentsatu beharrik. Dena argi zegoen, eta lehenbailehen aurrera egiteko esan nion, laster hemen egon eta lanean hasi ahal izateko». Erabakia erraz hartu zuela esan du, garbi baitzeukan Athletic entrenatu nahi zuela denboraldi honetan.
Taldeaz zer espero duen azaldu du: «Partida bakoitzean dena ematera atera behar dugu, eta lehen baloiarekin eta azkenarekin egin behar dugu borroka». Talde erasokorra izatea nahi du, une oro aurkariari min egin nahian dabilena: «Talde ausarta, oldarkorra eta alaia izatea nahi nuke, ikusteko dibertigarria dena, etengabe aurkariari min egin nahian ari dena, jokaldiak bukatzen dituena, eta aurrera begiratzen duena eta beldurrik ez duena. Horrez gain, oso talde lehiakorra izatea nahi dut, hasieratik amaierara arte».
Jokalariekin izan du jada lehen hartu-emana. Entrenamendutik oso gustura atera dela esan du, eta sumatu duela jokalariek «ilusio» eta «anbizio» handia dutela. Denboraldiaurrean jokalari guztiak ezagutzeko aukera izango du, eta denbora izango du bere ideiak azaltzeko. Oraindik ere zehaztu gabe dituen lagunartekoak baliatu beharko ditu Martinek ligako lehen partida prestatzeko. Badalona izango du aurkari lehen jardunaldian, abuztuaren 29-30eko asteburuan. Aurreko denboraldia hobetzea izango du helburu nagusia.
Gaztea, baina eskarmentuduna
Athleticera iritsi aurretik, talde indartsuetan aritu da Victor Martin. Madril CFF taldean hasi zuen bere ibilbidea. Harrobiko taldeak entrenatzen hasi zen, eta pixkanaka kategoriaz igotzen joan zen. Bigarren taldea entrenatzeko aukera eduki zuen, eta, bertan bikain aritu eta gero, lehen taldera egin zuen jauzi 2018-2019ko denboraldian. Ondoren, gizonezkoen futbolera joan zen, Albacetera. Lehen taldeko bigarren entrenatzaile eta metodologia zuzendari izan zen bertan. Uzbekistango Metallurg Bekabad taldean egon zen gero. Hor ere bigarren entrenatzaile izan zen, analista izateaz gain. 2023. urtean, lehen urratsak egin zituen taldera itzuli zen, Madril CFFra. Martinen agindupean egon ziren bi denboraldietan, taldeak bosgarren eta seigarren postuetan amaitu zuen ligan. Egindako lanaren ondorioz, Atletico Madrilek fitxatu zuen. Urte eta erdi egin zuen taldean, kargutik kendu zuten arte. Aurreko denboraldi erditik lanik gabe zegoen. Nahiz eta entrenatzaile gaztea izan, eskarmentu nahikoa du. Txapeldunen Ligan entrenatutakoa da, eta ligako goiko postuetan ibilitakoa.